Neguko solstizioa eta olentzero


2020ko abenduaren 24an - 10:33
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Oraindik ez da asko, sei hilabete, eguzkia buru gainean genuela eta kaskarra ederki berotzen zigula, gure gorputzaren itzal labur bat alboan genuela. Gaur eguzkiak albotik igurzten gaitu, egun argitsuan goxoki eta lurrean geure gorputzaren erreinu luze bat sortuz. Eguzkia goietako leporaino jaitsi zaigu eta hortik behera jaitsiz gero, betirako ezkutatuko litzaiguke. A zer nolako panorama! Eguzkia betirako gorde. Neguko solstizioan gaude.

Erraz esaten da eguzkia betirako gorde eta, behar bada, guk holako kezkarik ez dugu izango, baina antzinako gizakiak horren beldur baziren. Behin eguzkiak gorako bidea hartzen zuenean pozteko egunak ziren, egun berriak. Gaur lasai asko erabiltzen dugu eguberri on, zer esaten dugun jakin gabe. Hasi da negua. Badirudi eguzkiari berari ere gorako bidea nekeza egiten zaiola eta ondorengo hilabeteak ez dira xamurrak izango: hil-beltza (Ilbeltza, Urteilla, Izotzila) otso-hila (Otsaila, Barantaila, Kataila) … Negu giroa bistan, alegia.

“Elur melur ez nauk hire beldur, badizkiat nahiko arto eta egur” Esaera zahar hau ez da oso zaharra izango, artoa Ameriketatik ekarri baitzuten XVI. mendean. Egurrarena beste historia bat da. Antzina antzinatik, sua asmatu zutenetik, egurra izan da materiarik behar beharrezkoena, gaur petrolioa bera baino gehiago. Sua izanik bizirauteko elementurik garrantzitsuena, egurra behar sua egiteko, harriek ez baitute surik egiten. Gainera, egurrezkoak ziren etxeak, zurezkoak lanabesak, zurezkoak altzariak, metal-garaia iritsi arte zura zen nagusi.

"Gaur lasai asko erabiltzen dugu eguberri on, zer esaten dugun jakin gabe. Hasi da negua. Badirudi eguzkiari berari ere gorako bidea nekeza egiten zaiola"

Sua. Berriro ere neguko solstizioan sua protagonista. Udako solstizioan sua genuen San Joanetako ospakizunen muina eta neguko solstizioan ere sua izango dugu ezinbesteko elementua. Baina oraingoan arrazoi gehiagorekin, neguan gaude eta barru giroa behar dugu, sukalde giroa, berotasuna, argitasuna, azken batean goxotasuna. Suak ezin du hutsegin urte osoan, bereziki, negu partean. Sua eta egurra neguko bi elementu beharrezkoak.

Bada edo bazen (beheko suak desagertu egin baitira eta ohitura ere noski galtzen doa) Euskal Herri osoko ohitura oso zabaldua, lurralde guzietan azaltzen dena, gabon enborraren ohitura. Enbor honek izen desberdinak hartzen ditu. Hara hemen bakar batzuk: Gabon mukur, subilaro (Bizkaian); Gabon subila (Antzuolan); Gabon enborra (Trespuentesen, Araba); Onantzaro mokorra (Nafarroan); Olentzero enborra (Oiartzunen) … Metro-erdi luze eta beso edo izter baten lodierako egur bat, aurrez aukeratua, Gabon gauean beheko sutan erretzen zena. Haren errautsak gorde egiten ziren, etxe inguruan, urteko egur pilan eta etxeko soroetan zabaltzeko, izurriteetatik babesteko. Egurra, eguzkia, eguna, eguratsa hitz hauek denak erro berdina dute, Ixabel Millet historiagileak dioenez. Egurra, eguzkia eta egunaren (argiaren) pareko.

Natura, basoa eta egurra Neguko solstizioari lotuta daude. Euskaldunok suari eta egurrari ematen badiogu garrantzia, beste kultura batzuetan ere neguko solstizioa zuhaitzarekin eta egurrarekin lotzen dute. Europako iparraldetik datorkigu zuhaitz bat (gehienetan pinua) etxean sartzeko ohitura. Bateren batek pentsa dezake Ameriketatik datorrela ohitura hori baina alderantziz da, Europatik eraman zuten ohitura. Zuhaitz bat etxean sartzea natura eta basoekiko maitasun seinale da. Naiz eta, zoritxarrez, zuhaitza basoan moztu eta etxean sartzen dugun (gizakiaren niak, egoak, hori egiten du). Eskerrak plastikozkoak ere badaudela. Alemaniako ipar aldean enbor handi bat ere jarri oi dute saloi erdian etzanda eta adornatuta, gozoki eta guzti. Kataluniako Gabon enborra, Tió de Nadal (Cagatió), estalki batez tapatuta izaten dute eta Gabon gauean abesten dioten bitartean makilarekin jotzean gozokiak eta opariak ematen ditu. Egurrari gorazarreak Europa guztian eta Espainiako iparraldean aurkituko ditugu, Katalunia, Galizia, Asturias, Aragoi, …

Olentzero pertsonaia mitikoa omen da eta hala izango da. Gizakiak badu, behar bada Neolitotik hasita, oso garrantzitsuak zaizkion elementuak mitifikatu eta pertsonifikatzeko ohitura. Ez pentsa mitoak duela zortzi mila urteko kontuak bakarrik direnik, gaur egun ere mitifikatzen jarraitzen dugu. Maradona futbolaria ongi mitifikatu dute, jainkoen artean jarriz. Eskerrak axaleko mitoak berehala desegiten diren. Nire uste apalean, Olentzero enborra Olentzero panpinan bihurtu zuten eta etxean erre beharrean herriko plazan erretzen hasi ziren eta erretzen dute oraindik ere. Adibidez, Arabako Legutio herrian urtero horrela egiten dute Gabon gauean. Olentzero mitikoa eta magikoa, mitikotasunak magia ere gertu izaten baitu (Gizaki-kontzientziaren eboluzioan garai magikoaren ondoren mitikoa agertzen zaigu). Badakigu, baita ere, panpina batek etxez etxe eskean ibiltzeko aukera ederra eskaintzen duela. Panpina emakumezkoak ere badira, Leitzako Orantzaro emakumez jantzia agertzen da. Mari Domingiren aurrekaria? Olentzero eta Mari Domingi, badago zer esana. Duela 8 mila urte jainkosak jainko bihurtu zituzten eta oraindik berdin egiten dugu.

"Olentzero Noelizatu egin omen da eta zaila da hortik alde egitea. Gutxienez jaso dezagun benetako euren mezua, gure arbasoek jaso zutena: errespetatu, zaindu eta maitatu zeru-lurrak"

Mitologia aipatzen dugunean askok pentsatuko duzue kontu zaharrez, ipuinez hitz egiten ari garela. Bai, hala da, baina kontu eta ipuin guztiak ez dira berdinak. Mitologiazko kondairak ez dira hitzez hitz hartu behar, ez dira arrazoitu ere egin behar, baizik eta euren esanahia edo adierazi nahi dutena interpretatu. Mitoak denboran eta sortu ziren garai hartako kulturan jarri behar dira eta ondorioak atera. Erlijioak artistak izan dira mitoak dogmatizatzen. Eta zer digute neguko solstizioko ohiturek, erritoek eta pertsonaia mitikoek? Nola interpretatzen dugu? Nire ustez, kosmosa eta naturarekiko errespetua, maitasuna eta eskerrona erakusten dizkigute. Egia da eguzkia, ilargia, basoa eta egurra, beste elementu askoren artean, oso gertutik bizi zituztela, euren bizitzaren derrigorrezko parte bezala hartuz. Gaur egun zerura gutxitan begiratzen dugu eta, naiz eta hankak lurrean eduki, gure Ama-Lurrarekin gutxi gogoratzen gara. Ez dugu surik pizten, beraz ez dugu egurrik behar. Argi indarra, gasa, gasolioa, nondik datozen ez dakigun sorginkeriak ditugu eta nahikoa da botoi bati ematea etxea berotzeko, argiztatzeko, janaria prestatzeko, garbitzeko, … Gizakia abila da eta, bere jakinduria erabiliz, aurkitu ditu egurraren ordezkoak. Baina nondik atera ditu beste materia horiek? Beste planeta batetatik? Ez, gastatzen dugun energia guztia gure Ama-Lurrak emandakoa da. Jairik ospatzen dugu gure eskerrona adierazteko? Inporta zaigu neguko solstizioa? Garbi dago gizakia benetan urrundu egin dela naturatik eta bizitza ematen dion bere Ama-Lurretik.

Hezur-mamizko Olentzero. Gabonetako hezur eta haragizko pertsonaiak asko dira, hasi hemendik eta Europan zehar. Galizian “El Apalpador”(hau ere ikazkina da); Cantabrian “El Esteru” (basomutila); Asturiasen “El Anguleru”( hau itsas-gizona, hala ere naturarekin lotua); Leonen “La Bieja del monte”. Europa aldean ezagunena “San Nikolas” da. Obispo hau Gabon jaiekin lotu dute umeei gozokiak eta opariak banatzen zizkielako, umeez arduratzen zelako. Santu honetatik datoz “Santa Claus” ,batez ere Amerikan eta “Père Nöel” ,Frantzian. Euskal Herrian ere herri batzuetan ospatzen dute “San Nikolas txiki”, eskean ibiliz, mutiko bat obispoz janzten dutelarik, Seguran adibidez. “Bizar Zuri” ere agertzen zaigu Donostian eta Zarautzen. Italian “La Befana”sorgin itxurakoa; Errusia, Serbia, Ukrainia eta inguruetan “Ded Moroz” (neguko Aitona eta Elurretako Dontzeila); Islandia, Danimarka eta ipar-Alemanian “Yule Ospakizunak” (naturarekiko ospakizunak, Gizon Berdea). Euskal Herrian Olentzero izan dugu Gabonetako pertsonaia. Gaur egun Olentzero eta Mari Domingi direla esango nuke, pertsonai berdina bi generotan. Ea noiz eta non azaltzen den Mari Domingi bakarrik, Olentzero Covid-19arekin gaixorik dagoela eta.

Olentzero eta Mari Domingi bai, noski. Pertsonaia mitologikoak badira ere ez ditugu dogmatizatuko. Badakit Gabonetako pertsonaia hauek kontsumoaren atzaparretan erorita daudela, Olentzero Noelizatu egin omen da eta zaila da hortik alde egitea. Gutxienez jaso dezagun benetako euren mezua, gure arbasoek jaso zutena: errespetatu, zaindu eta maitatu zeru-lurrak. Suspertu naturarekiko begirada, gerturatu beregana eta kontsumoa jaitsi, oparietan ere bai.

Egu Berri on!!! Guztioi.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Maddi Ane Txoperena Iribarren  |  Pikara Magazine
#2
Melisa Perez Garcia  |  Pilar Revilla Martinez  |  Yolanda Payueta Lopez de Robles
#3
Eneko Atxa Landa
#4
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Israelen zuritzea eta ezkutatzea Gasteizko txakur txapelketan

Asteburu honetan jakin dugu, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideen bitartez, Israelek 33. FCI/IGP Munduko Txapelketan parte hartu duela, Gasteizen ospatu den nazioarteko txakur lehiaketa batean. Duela egun batzuk izan genuen txapelketaren berri, baina Israel ez zegoen... [+]


2025-09-20 | Iraitz Amor Pla
Dutxa hotz bat denontzat

Badira egun batzuk Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan argitalpen bat agertu zela. Bertan, ama batek adierazten zuen bere alaba Bernedoko euskal udalekuetan egon zela hamabost egunez eta talde mistoetan dutxarazten zituztela 13-15 urte bitarteko nerabeak, aukerarik eman... [+]


2025-09-19 | Haritz Arabaolaza
Kritikoak edo kritikariak

Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]


Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


2025-09-18 | Josu Iraeta
Noren zerbitzura dago Ertzaintza?

Jakina da poliziari esku sartzeak beti dakarrela arrisku nabaria. Bere garrantziagatik eta seriotasunagatik, kontuz aztertu beharra eta larria denez, terminologia-trabarik gabe, badaezpada.

Duela aste batzuk Ertzaintzak Azpeitian egindako esku hartzeak, bertako herritar askok... [+]


Irun ez da Iran

Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez... [+]


2025-09-17 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Beste western bat

The Searchers filma ari ginen ikusten. Western bat, klasiko bat. Indioek Texaseko familia bati eraso egin eta bahituta eramango dute alaba. John Waynek urteak emango ditu indio gaiztoen atzetik alaba hura erreskatatu nahian. Filmak, bistan da, ez du kontatzen nolakoa zen Amerika... [+]


Analisia
Trenez, posible bada

Ordenagailua piztear nintzela, eta udako azken eskaera bailitzan, “amatxo, kontatu artikuluan gaurko karreran ze ondo ibili naizen” eskatu dit txikiak. Kontatu diot trenei buruz hitz egin behar nuela gaurkoan, ez etapen amaierei buruz edota Palestinako banderek izan... [+]


2025-09-17 | Itxaro Borda
Larrazkena

Badirudi larrazkena agorrila erditsutan hasten dela aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euri eskasez hostoak firurikan erortzen dira eta Otso Errekako iraztorrak denbora baino lehen gorritzen dabiltza: ikusgarria da! Historiako udarik beroena ukan dugu aurten eta tenperaturek... [+]


2025-09-17 | Iñaki Murua
'Azalapain'

Bai azalak emonbe! Esaten dute Ondarroan, norbait nabarmen gizenduta ikustean. Ezagun bati alderantzizkoa entzun nion azalari buruz: “Azala hain daukat gorputzaren neurri justukoa, ezen norbaiti keinu egiteko begi bat ixten dudanean uzkerrak ihes egiten... [+]


2025-09-17 | Mikel Zurbano
Berdintasuna

Thomas Piketty eta Michael J. Sandel egileek berdintasunaren kontzeptua jorratzen duen liburua argitaratu dute aurten: Equality. What it means and why it matters (Berdintasuna. Zer esan nahi du eta zergatik du garrantzia, Polity argitaletxea). Pentsamendu garaikidean ospe handia... [+]


2025-09-17 | Cira Crespo
Modernoak gara?

Moderno izateak, hiztegiaren arabera, “gaurkoa, egungoa; garai berekoa” esan nahi du, eta baita ere, “jakintzak edo teknikak berrikitan eginiko aurrerapenez baliatzen dena”. Baina aro modernoa eta modernitatea aro historiko bat ere izan daitezke; hain... [+]


Teknologia
Tescreal

Radical futures diseinu espekulatibora zuzentzen den estudioak aurkezpen interesgarri bat partekatu du: A quick guide to the mythologies driving tech power (gida azkarra teknologien boterean daudenak gidatzen dituzten mitologien inguruan). Bertan diote Silicom Valleyko eliteak... [+]


Suteak, noren mesederako?

Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?


Eguneraketa berriak daude