Nazioarteko alkateak bilduko ditu urrian Donostiako bake konferentziak

  • Herri agintaritzetatik bakea eraikiz izeneko bake jardunaldiak egingo dira Donostian urriaren 10ean eta 11n. Hiroshiman egin den Bakearen Aldeko Alkateen batzarrean aurkeztu du egitasmoa Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako hiriburuko alkateak, nazioarteko alkate eta udal ordezkariak konferentzian parte hartzera gonbidatzearekin batera.


2013ko abuztuaren 5ean - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea Hiroshiman egin den Bakearen Aldeko Alkateen batzarrean. (Argazkia: gaur.donostia.com) Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea Hiroshiman egin den Bakearen Aldeko Alkateen batzarrean. (Argazkia: gaur.donostia.com)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Izagirreren hitzetan, jardunaldiek “ekarpen garrantzitsua” egingo diote Euskal Herriko bake prozesuari. Dioenez, “inspirazio iturri” izango da jada martxan dauden egitasmoentzat. Donostiako Udalak antolatu duen ekimenak gatazken konponbidean adituak eta bakegintza jorratu duten udal ordezkariak bilduko ditu, haien lanak azal ditzaten.

Jardunaldiak Kursaal jauregian eta Aieteko Bakearen Etxean egingo dira. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak izango dute gonbidatuei harrera egin eta konferentziari hasiera emateko ardura.

Bakearen Aldeko Alkateak

Hiroshiman bildu berri den Bakearen Aldeko Alkateen batzarra 5.712 udaletako ordezkariek osatzen dute. Donostiaz gain, Gernika, Muskiz eta Abantoko udalak ere sarearen parte dira. Lau urtean behin antolatzen den batzarraren aurtengo edizioan, Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia eta Oliver Stone zine zuzendaria izan dira Hiroshiman, mundu osoko udal ordezkariekin batera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal bake prozesua
Eguneraketa berriak daude