Navarra Sumak Foru Gobernuaren etxebizitza politika “tamalgarritzat” jo du Legebiltzarrean, gainerako alderdiek Aierdi kontseilariaren kudeaketa babestu badute ere

  • Eskuineko koalizioaren alternatiba bakarra neurririk gabe eraikitzea dela kritikatu du Parlamentuaren gehiengoak. PSNk Ukrainako gerra eta koronabirusa etxebizitzaren garestitzearen arrazoi koiuntural gisa aipatu ditu.

Argazkia: EFE

2023ko martxoaren 10an - 15:59

Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkuran, alderdi guztiek Navarra Sumak izan ezik azken legealdiko etxebizitza politika babestu dute. Eskuineko koalizioko Juan Luis Sánchez de Muniain bozeramailek Chiviteren Gobernuaren kudeaketa “tamalgarria” izan dela kritikatu du. Izan ere, etxebizitza babestuen parkea “kolapsatu” dela uste du.

Sánchez de Munianek adierazi duenez, arlo honetan inoiz baino baliabide gehiago edukita eta azkeneko lau urteetan Nasuvinsa etxebizitza enpresa publikoaren langileria %70 handitu bada ere, balantzea "txarra da”. “15.000 pertsona baino gehiago daude etxearen zain, inoiz baino jende gehiago”. PSNko Arantza Biurrunek erantzun dio abaguneak eragin duela egoera hura, “Ukrainako gerra eta koronabirusaren” ondorioz izan diren “prezioen igoerak” babestutako eraikuntza “geldiarazi” baitu, eskatzaileen kopurua handitu den bitartean.

“Lehen etxebizitza babestua eraikitzen zen eta orain ez", leporatu dio Sanchez de Muniainek Foru Gobernuari. Ildo horretatik, babestutako etxebizitza eskuratu eta 30 urteren buruan familia batek etekinak lortzeko asmoarekin nahi duen prezioan berriz saldu edo alokatu ahal izatea eskatu du, iaz ezarritako Etxebizitzaren Lege berriaren arabera debekatuta dagoena.

"Kontua da zuen eredua eta gurea guztiz desberdinak direla", erantzun du Jose Mari Aierdi Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak. "UPNk merkatuaren aldeko apustua egiten du", egungo Gobernuak ordea etxebizitzak "zeregin soziala" izatea nahi du.

Aierdik aipatu moduan, aurten 2.000 etxebizitza babestu kalifikatu dira. Bere iritziz, babestutako kalifikazioari eutsi behar zaio, diru publikoarekin eraikitako etxebizitzen salmenta saihesteko eta 520 etxebizitzaren promozio publikoa aurrera eramateko, “nahiz eta udal batzuek promozioak aurrera eramateko atzerapena izan, horien artean Iruñea”. “Etsipen handia izan da Iruñekoa, hor baitago eskaririk handiena”.

Era berean, zenbait aurrerapauso nabarmendu ditu, esaterako, alokairu publikoko poltsan 900 etxebizitza daudela, alokairuko laguntzak 5.000 gazte baino gehiagori eta 1.300 familia zaurgarriei iritsi zaizkiela, edo herritarren "eskariari erantzuteko interesa" izan duten hainbat udalekin sinatutako hitzarmenak ere, hala nola Zangozan, Altsasun edo Carcarren.

Geroa Baiek, Izquierda-Ezkerrak eta EH Bilduk oro har Gobernuaren kudeaketaren alde eta Navarra Sumaren argudiaketaren kontra agertu diren arren, kritikak ere egin dizkiote AiERdiren kontseilaritzari. Geroa Baiko Pablo Azconak gogorarazi du Nafarroan 18.000 etxebizitza baino gehiago ez direla babestutakoak, eta egungo sistemak oraindik ez duela erabat bermatzen “etxebizitza eskubide gisa”, nahiz eta UPNren agintaldi garaiko “higiezinen burbuilatik” urrun dagoen.

EH Bilduko Maiorga Ramirezek esan du “herritar guztiek haien bizi proiektuak garatu ahal izateko” ezinbestekoa dela “etxebizitza duina bermatzea”. “Gainera, biztanleria zahartuaren jasangarritasuna eta beharrak kontuan hartu behar dira, baina eskuinak eraikuntza eta eraikuntza besterik ez du planteatzen". Analisi honekin bat dator Podemoseko Mikel Buil: “UPNk etxebizitza politika eraikuntza gisa ulertu zuen. Guk, aldiz, prezioen esku hartzea bezalako neurri ausartagoak defendatzen ditugu”.

Marisa de Simón Izquierda Ezkerrako bozeramaileak gogorarazi du etxebizitza izateko eskubidea legez araututa dagoela, eta kritikatu egin du 18.400 etxebizitza babestu deskalifikatzea baimendu izana. “Aterperako eskubidea” bermatzeko, birgaitzearen eta alokairuko parke publikoa zabaltzearen alde egin du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Navarra Suma
Burlatako gaztetxea arriskuan dagoela salatu dute

Prentsaurrekoa egin dute gaztetxeko kideek, gaztetxearen egoera azaldu eta haren kontra Burlatako PSNk eta Navarra Sumak izan duten jarrera salatzeko.


Navarra Sumak Iruñeko haur eskoletako menutik "Hemengoak" programa kenduko du

Iruñeko Udalak 2016an Milango Hitzarmenarekin bat egin ondoren erabaki zen Iruñeko hamar haur eskoletan jasangarritasunean oinarritutako menuen programa berria abiaraztea, Joseba Asironen alkatetza garaian.


Nafarroako inoizko aurrekonturik handienek ia erabateko adostasunez pasa dute zuzenketa fasea

Abenduaren 22an onartuko dituzte Nafarroako Gobernuko 2023ko aurrekontuak. Navarra Sumak izan ezik, gainerako alderdiek elkar zoriondu dute Legebiltzarrean erakutsitako adostasunagatik. Historiako aurrekonturik handienak izango dira Foru Erkidegoan: 5.749 milioi euro, 2022an... [+]


Arrakala bat harresian

Hamar urte igaro dira Guardia Zibilak Santiago Cervera Soto atxilotu zuenetik. CAN afera tarteko Jose Antonio Asiain abokatuari xantaia egin izana leporatu zioten. Cervera PPNko buruzagia diputatua zen Madrilgo Kongresuan. Anitzen ustez, gertatutakoak lehen mailako pitzadura... [+]


Navarra Sumaren osoko zuzenketak aurrekontuei Foru Legebiltzarraren ezezko betea jaso du

“Elektoralistak” direlakoan, Navarra Sumak 2023rako Nafarroako aurrekontuen proposamenen aurkako osoko zuzenketa aurkeztu zuen, jakinik ibilbiderik ez zuela. Eta ez du izan. Beste behin ere, Javier Esparzaren alderdia bakarrik geratu da legebiltzarraren osoko... [+]


Eguneraketa berriak daude