Mutiloako zabortegiari aurre egiteko plataforma sortuko dute

  • Zabortegiak kaltetuko dituen herrietako jendeek bilera egin zuten Ormaiztegin. Gaikako bilketa indartu eta %80ko birziklapen tasa duten udalerrien eredua jarraitu behar dela ondorioztatu dute.


2016ko urriaren 20an - 16:27
Goierriko dozenaka lagunek hartu dute parte zabortegiaren inguruan informatzeko lehen batzarrean (arg: Twitter bidez @bixkai)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Mutiloako zabortegiaren inguruko herrietan ezinegon handia dago GHK-k gipuzkoarren hiri hondakinen zati handiena bertan pilatu nahi duela-eta. Kezka horren ondorioz Ormaiztegin lehen bilera egin dute urriaren 19an eta zabortegiari aurre egingo dion plataforma bat sortzeko lehen pausoa eman dute.

Bileran bildutakoek argi utzi dute ez daudela prest Mutiloan hiri hondakinak pilatzeko eta eskatu dute gai horretan ardura dutenek “herriari entzutea”. Euren ustez herri txikietako biztanle eta udalek “errespetatuak izatea merezi dute”.

Bileran Debagoienako Epele zabortegiaren adibidea izan dute aztergai, eta ondorio batera ere iritsi dira: gaikako bilketa eta birziklatzearen kontzientzia indartu behar dira. Debagoiena bera eredu izan daiteke euren ustez –eskualde horretan %80 inguruko birziklapen tasa lortu dute–, baita zabortegi ondoan dagoen Ormaiztegi udalerria ere.

Hori guztia aurrera eramateko antolatu egingo dira eta plataforma bat sortuko dute. Hurrengo geltokia Mutiloan izango da, urriaren 25ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Gipuzkoan
Eguneraketa berriak daude