Euskal Herriaren autodeterminazio eskubideari babesa eman dio Munduko Herrien Kongresuak

  • Nazioarteko 500 bat ordezkari elkartu ditu ekainaren 21etik 24ra Caracasen burutu den kongresuak. Autodeterminazioa eta amnistiaren aldeko ebazpen bana onartu dituzte. Itxiera ekitaldian Venezuelako presidente Nicolas Madurok Euskal Herria herri “ausart eta errebelde” gisa jo du.


2021eko uztailaren 01an - 07:00
Azken eguneraketa: 09:03
Argazkia: Ibai Trebiño

Caracasen egunotan ospatutako Munduko Herrien Kongresuak bat egin du ALBA-TCPren –Amerikako Herriendako Aliantza Bolibartarra– estatuburuen XIX. bilkurarekin, horregatik ALBA osatzen duten presidente guztiek parte hartu dute kongresuan, besteak beste, Kuba, Venezuela, Bolibia, Nikaragua edota Dominikakoak.

Kongresuari dagokionez, mundu osotik etorritako 500 eragile politiko, sozial eta sindikalen  ordezkariek hartu dute parte. Munduko ezker antiinperialista eta antikolonialaren “agenda bateratua” eraikitzea izan da helburuetako bat. Euskal Herriak ere izan du ordezkaritza.

Hiru eguneko eztabaiden eta lanaren ondoren, partehartzaile guztiek manifestu bat adostu dute eta bertan Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen alde agertu dira. Hala jaso dute: “Babes osoa eman nahi diogu Puerto Rico, Galizia, Euskal Herria, Katalunia eta Kanariar Uharteen autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka zilegiari”.

Euskal Herriko ordezkaritzaren izenean, Sortu alderdiko Asier Altunak baikor baloratu du autodeterminazioaren inguruko ebazpena eta “herrien mundua osatzeko herrien burujabetzaren eta autodeterminazioaren onarpena ezinbesteko baldintza” dela azpimarratu du.

Preso politikoak eta amnistia

Autodeterminazioarekin batera, munduko preso politiko eta exiliatuen egoera hizpide izan dute Munduko Herrien Kongresuan, bereziki Kataluniako preso politikoak izan dituzte gogoan. Ebazpen baten bidez, Kataluniako preso politikoei elkartasuna eskaini eta haien “askatasuna eta amnistia” aldarrikatu dituzte. Elkartasun keinu horrek bat egin du Espainiako presidente Pedro Sanchezen iragarritako indultuekin. Kongresuak onartutako ebazpenaren harira, CUPeko ordezkari Maria Sirvent “pozik” agertu da ARGIAri egindako adierazpenetan. Halere, amnistiaren aldeko apustua berretsi du CUPeko diputatu ohiak: “Pedro Sanchezen keinua aurpegi zuriketa hutsa da, ezin dugu ahaztu 4.000 errepresaliatu inguru daudela Katalunian 2017ko urriaren lehenaz geroztik. Amnistia da bide bakarra”.

Maduro: “Euskal Herria herri errebeldea eta ausarta da”

ALBA-TCPren bilkurak eman zion amaiera kongresuari. Bizkaiko Ziortza-Bolibar herriko alkate Alberto Garrok hitza hartzeko aukera izan zuen Simón Bolivarren jatorriaz solasteko.

Testuinguru horretan, Venezuelako presidente Nicolas Madurok Euskal Herria izan zuen hizpide: “Euskal Herrian maite gaituzte, errespetatzen gaituzte eta horregatik guk ere maite ditugu euskaldunak”. Simon Bolibar askatzailearen euskal jatorria nabarmendu zuen Madurok eta Euskal Herria “herri errebelde eta ausart” gisa jo zuen. Gainera, Euskal Herria “laster” bisitatuko duela iragarri zuen presidente bolibartarrak.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Burujabetza
‘Hamarreko bitxia’ ipuin liburu kolektiboa argitaratu du Udalbiltzak

Udalbiltzak 2021etik antolatzen du Geuretik Sortuak sormen beka. Oraingoan, literaturaren alorrari dagokion Hamarreko bitxia ipuin liburua aurkeztu dute Donostian.


2023-12-07 | Kronika
Energia bulegoa ireki da Hernaniko Burujabetzen Etxean, Iturolan

Herritarrei eta Hernaniko enpresei energia aholkularitza eskainiko die.


2023-12-06 | ARGIA
Gaur, abenduak 6, ARGIAn lanean ari gara normaltasunez

Abenduaren 6an Konstituzioaren Eguna ospatzen da Espainiako Estatuan. ARGIAn aspaldi egin genuen hautua gure egutegi propioa landu eta jai inposatzaile eta arrotzak ez onartzeko; horregatik, asteazken honetan normaltasunez ari gara lanean, ez dugulako ezer ospatzeko.


Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra egingo dute Gasteizen: ura, elikagaiak, energia, garraioa, klima...

Ostiral honetan ekonomialari euskaldunek zita garrantzitsua dute Gasteizko Euskaltzaindiaren egoitzan. Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, biltzarra egingo dute hirugarrenez. Euskal Herrian estrategikoak izan daitezkeen hainbat gairen... [+]


Eguneraketa berriak daude