Mugimendu feminista kalera atera da "sistema arrakalatzeko"

  • Mugimendu feministak azaldu duenez COVID-19ak "dimentsio ezberdineko krisiak" azaleratu ditu eta eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan. "Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan orain ez gara isilik egongo". Zaintza publikoa eta komunitarioa aldarrikatu dute. Arratsaldean manifestazioak izan dira Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Baionan 12:00etan egin dute.


2021eko martxoaren 08an - 08:52
Argazkia: @M8EuskalHerria.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak otsaila bukaeran prentsaurrekoa eman zuen aurtengo Martxoaren 8a zer izango den azaltzeko. Mugimenduko kideek gogorarazi zuten bi urte direla greba feministarekin "planto egin eta bizitzak erdiguneratzeko beharra aldarrikatu genuenetik" eta urtebete azken Martxoaren 8a egin zenetik: "Ordutik, COVID-19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu. Leheneratu dena, ez baita osasun-krisia soilik".

Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean mobilizazioak egin dira herri askotan, baita hiriburuetan ere. Baionan 12:00etan Ospitaletik hasi dira; Jenofa Berhokoirigoinek egin du kronika: "COVID-19 krisiak emakumeek pairatu diskriminazio eta zapalkuntzak areagotu dituela salatu dute Baionatik".

Bilbon egun osoan zehar egindako mobilizazioen berri eman du Amaia Lekunberrik kronika honetan: "Antikapitalismoan eta antiarrazismoan irmoki berretsi den feminismoak hartu ditu Bilboko kaleak". Besteak beste, hauxe nabarmendu du: "Ikuspegi dekolonial eta antiarrazistak berebiziko pisua izan du Bizkaiko hiriburuan egin diren mobilizazioetan, eguneko egitarauari hasiera eman dion ekintzatik hasita".

Iruñean ere 19:00etan eta 20:00etan mobilizazioak egin dituzte herrigune eta auzoetan. Kattalin Barberrek egin du hauen kronika, "Dena aldatzera gatoz" artikuluan. Barberrek azaldu duenez, "deialdiak deszentralizatzea hobetsi du emakumeen mugimenduak eta karrikak bete dituzte Nafarroan, 66 ekitalditan, herri, auzo zein hiritan bizitzak erdiguneratzeko beharra aipatuz. Izurriteak agerian utzi baitu zaintza eta bizitza politika publikoen erdigunean kokatzeko premia. Ez da berria: sektore zapalduenak zapalduago daude. Eta koronabirusaren pandemian haien gorputza lehen lerroan jarri duten sektoreak oso feminizatuta daude. Emakumeak dira lehen lerroan daudenak: garbitu, zaindu, artatu, sendatu".

Gasteizen manifestazioa 19:00etan atera da San Anton plazatik. Leo Bueberik egin du kronika " "Sexu-disidentziatik arrakalatu dezagun sistema, zaintza-lanen aitorpenetik eta gure pribilegioak zalantzan jarrita" artikuluan: "COVID-19ak sortutako osasun-krisia hasi zenetik, argi geratu da feminismoetatik oihukatzen ari dena: emakumeak* (eta gehienak migratuak) direla bizitzari eusteko ezinbestekoak diren zaintza-lanak egiten dituztenak. Krisi sanitarioak sortutako egoerak, gainera, areagotu egin du etxeko eta zaintza esparruko langileen esplotazioa, askoren kaleratzea, etxebizitza egoera larria eta independentzia falta, sexu-langileen diru-sarreren galera, haiekin eta beren haurrekin bizi diren emakumeen aurka erasotzaileek indarkeria askatasunez erabiltzea".

Donostian 18:30ean abiatu dira manifestazioan Antiguako tuneletik. Oihane Arretxeak egin duen kronikan azaldu duenez, "Pandemiak larriagotu egin duen zaintza krisi honetan, Donostiako manifestazioan salatu dute egitura arrazistak eta zaintza sistema publikorik ez izateak nazioaz gaindiko zaintza katea estutzen duela: “'Zaintzaren egiturazko krisi honetan, nola konpontzen da auzia zurien etxean? Egitura arrazista eta kolonialak ematen digun pribilegio zuria eta hierarkia gorena erabiliz; bestela esanda, emakume migratu eta arrazializatuak esplotatuz'”. Hona hemen Dani Blancok Donostiako manifestazioko irudiekin osatu duen argazki galeria.

Argazkia: @M8EuskalHerria.
Osasun neurriak hizpide azken egunetan

Mobilizazioak iragarri eta gero Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Martxoaren 8aren harira "manifestazio masiboak" ez egiteko eskatu zuen, egoera epidemiologikoa oraindik "oso larria" dela iritzita. Gauza bera gertatu da Espainiako Estatuan. Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak ere zentzu horretan hitz egin du, halako manifestazioak ez lituzkeela "ulertuko" esanez.

Aitzitik, mugimendu feministako kideek eutsi egin diote deialdiari eta kalera atera dira, segurtasun berme guztiak kontuan edukita. Hala, esaterako, hiribide zabalenetatik igaro dira manifestazioak: "Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigute, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu".

Prentsaurrean milaka emakumek jasaten duten egoera nabarmendu zuten, "merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik", batez ere egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan jasan dute gehien krisialdia. "Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko".

Argazkia: @M8EuskalHerria.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Martxoak 8
Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


2024-03-10 | Leire Artola Arin
Emakumeak borrokan, instituzioak entzungor

Martxoaren 8a egun garrantzitsua da mugimendu feministarentzat, eta azken urteetako olatuari jarraiki, aurten ere ehunka herri eta hiritako kaleak beteko dituzte emakume langileen eskubideen aldeko aldarriz. Azaroaren 30eko greba orokorraren ildotik, zaintza eskubide publiko eta... [+]


Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu feministako kidea
"Gure indarra instituzioen hipokrisiaren eta diskurtsoez jabetzeko ahaleginen gainetik dago"

Azaroaren 30eko Greba Orokorretik "indartuta" eta "saretuta" atera dira feministak. Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak nabarmendu du horri esker mugimendu feministak zaintzaren auzia erdigunean jarri duela. Horrez... [+]


2024-03-04 | Leire Artola Arin
Martxoaren 8an “bizitzekin negoziorik ez” egiteko aldarrikatzera kalera aterako da EH Mugimendu Feminista

Martxoak 8a “borroka eta salaketa eguna” dela gogorarazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta mobilizazioetara batzeko deia zabaldu du. Aldaketa kultural eta instituzional sakonak eskatu ditu, emakumeen aurkako indarkeriei aurre egiteko.


Eguneraketa berriak daude