Antikapitalismoan eta antiarrazismoan irmoki berretsi den feminismoak hartu ditu Bilboko kaleak

  • Antikapitalismoan eta antiarrazismoan irmoki berretsi den feminismoak hartu ditu Bilboko kaleak. "Dena aldatu, sistema arrakalatu" lelopean, milaka izan dira martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartu duten emakumeak. Alarma-egoerak kaleak hartzea zaildu duen garaietan ere, mugimendu feministak lortu du kaleak bere egin eta salaketarako espazio bilakatzea.

(Argazkia: Ecuador Etxea)

2021eko martxoaren 09an - 09:33

Joan dira hiru urte  “Emakumeok* planto” lelopean mugimendu feministak greba feminista deitu zuenetik martxoaren 8an. Grebaren kontzeptua birdefinitzea lortuta –soldatapeko lanak ez ezik, gehienbat emakumeek* egiten dituzten doako lanak ere barnebilduz–, milaka emakumek planto egin eta beraiek egiten duten lanaren faltan bizia sostengatzen ez dela erakutsi zuten. Bi urtez segidan, martxoaren 8ko greba feministek bete-betean asmatu zuten fokua zaintza krisian jartzen, eta arazoa bere gordinean ageriko egiten. Argi geratu zen: zaintzarik ezean, bizirik ez da; eta zaintzaz kargutzen den gehiengo zabala emakumea izanik, horien lanik gabe bizia sostengatzea ez da posible. Zaintzen kolektibizazioa lehentasunezko eginbeharra zen.

COVID-19aren pandemiak, jada ataizean zen kapitalismoaren enegarren oldarraldia azkartu duen heinean, greba deialdi haietan seinalatutako zaintza krisia erabat bistaratu eta sakondu du, eta testuinguru horretan emakumeak ari dira izaten kaltetuenak. Horren eragina nabaritu da, lerro hauek idazten ari denaren begietara, aurtengo martxoaren 8an; krisia areagotu den neurri berean, altxa eta egoeraren aurrean borroka egiteko beharra esponentzialki puztu balitz bezala norbanakoen baitan. Harritzekorik gutxi, egia esan.

“Dena aldatu, sistema arrakalatu”. Aurtengo deialdiaren leloarekin erabat bat egiten zuen aldarte orokortua antzeman zitekeen goizean Bilbon egindako hiru ekintzetan. Azken urteetan feminismoak kuantitatiboki izandako gorakadaren aurrean, alde kualitatiboa ez deskuidatzeko eta mugimendua hutsal bilaka zedin ekidin asmoz, antolatzeko eta borroka feministara batzeko beharrizanaz ohartaraztera zetozen iazko mobilizazioetako mezuak. Bada aurten Bilbon egin diren ekintzetan eta horietan plazaratu diren irakurketetan antolatua dagoen eta norabide berean doan mugimendu feminista antzeman zitekeen. Antikapitalista eta antiarrazista den mugimendu feminista bat, egunean zehar hainbatetan azpimarratu dutenez.

Ikuspegi dekolonial eta antiarrazistak berebiziko pisua izan du Bizkaiko hiriburuan egin diren mobilizazioetan, eguneko egitarauari hasiera eman dion ekintzatik hasita. Mugak, migrazio politikak, Atzerritarren Legea, hegoalde globaleko emakumeek esplotazio baldintzetan egiten dituzten zaintza lanak… horiek denak eta beste salatzeko, atzerritarren bulego parean hainbat kaxa elkarren gainean pilatuta, murru bat eraiki eta ondoko mezua jarri zuten bertan irakurgai: “Sistema arrazista arrakalatu. Mugarik ez”. Lurrean, aldiz, 2019 eta 2020 urteetako lehen lau hilekoan hildako migratuen kopuruak idatzi zituzten kleraz.

Emakume pentsionistek hartu zuten lekukoa ostean. Pentsio duinak exijituz hainbat astelehenez hartutako udaletxearen aurrealdea bete zuten beste astelehen batez, baina oraingoan Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren aitzakian. Pozik agertu ziren ohikoan beraiek bakarrik hartzen duten plaza mugimendu feministarekin batera hartzeaz, eta ekintza hasi orduko, azpimarratu nahi izan zuten pentsionisten mugimendua aliantzak sortzeko espazioa dela. Adineko hainbat emakumeren errealitate gordina plazaratzeko probestu zuten unea, salatuz eskubideetan eta pentsioetan egiazko berdintasuna lortu ezean, adineko emakumeak larrituta, eta pobrezia zein gizarte bazterketa pairatuz bizitzera kondenatuta daudela. Horren aurrean, hainbat exijentzia egin zituzten; pentsio duinak, pentsioetan genero arrakala ezabatzea, edota ordaindu gabeko lanari buruzko eztabaida ematea, besteak beste.

Iberdrola dorrera bidea hartu zuten ostean goizeko ekimenetako parte-hartzaileek. Behin enpresa elektrikoaren egoitza parean, berau bota nahirik dabiltzan giza eskubideen defendatzaileak irudikaturik zituen eta “hau da gure benetako energia” zioen pankarta zabaldu zuten. Bozgorailutik, pobrezia energetikoa pairatzen zuten hainbat emakumeren testigantzak aditu zitezkeen, estraktibismoari egindako kritikekin batera. Behin horiek aditutakoan, ekintza sinbolikoa burutuz, argindarraren fakturak txikitu zituzten hainbat emakumek. Hortxe bertan, Zutik Emakumeak abestuz eman zioten itxiera goizeko jardunari, arratsaldeko manifestazioan berriz elkar ikusteko.

Eguerdiko etenaldiaren ostean, auzoetatik ekin zitzaion berriz motorrak pizteari, zutabeetan abiatuz manifestazioaren abiapuntu zen Jesusen Bihotzeraino. Ez antolatzaileek izerdirik bota gabe, baina behin jende guztia segurtasun tarteak mantenduz manifestazioan kokatuta, 19:00 pasata abiatu zen manifestazioa bidean aurrera. Eguneko deialdi nagusian ere antiarrazakeriari eman zitzaion zentraltasuna, manifestazioaren goiburutzat ondokoa hartuta: "Sistema arrazista arrakalatu. Erresistentzia feministak ehuntzen". Ordubeteko ibilaldian, mobilizaioak hiriko kaleak bete zituen kolore morez eta alaitasun giroz, pandemia hasi eta alarma-egoera ezarri zenetik ezohikoa den giroa barreiatuz bidean. Alaitasun bat, hala ere eta egiari zor, segurtasun neurriengatik mugatua; martxoaren 8ko mobilizazioen egokitasuna zalantzan jarri denez gero, iritzi publikoaren begietara arduratsu eta eredugarri agertu beharrak jokatu baitu, neurri batean, bat-batekotasunaren kontra. Baldintzapen ororen gainetik, baina, bizitasuna mantentzen duela aditzera ematea lortu du mugimenduak. Manifestazioaren burua helmugara iristean, jendea oraindik bidean zela eman zuten aditzera bozgorailuetatik, egunaren arrakasta berretsiz: kaleak hartzeko trabak inoiz baino handiagoak izanik ere, beste urtebetez, mugimendu feministak lortu zuen kaleak hartu eta salaketaz betetzea. Ez da lorpen makala, bizi ditugun garaietan.

*Emakume izendapenak genero sistema bitarraz gaindiko gorputz eta identitate askotarikoak barne hartzeko orduan mugak jartzen baditu ere, kronika honetan aniztasun horri egiten diogu erreferentzia emakumeaz hitz egitean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Martxoak 8
Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


2024-03-10 | Leire Artola Arin
Emakumeak borrokan, instituzioak entzungor

Martxoaren 8a egun garrantzitsua da mugimendu feministarentzat, eta azken urteetako olatuari jarraiki, aurten ere ehunka herri eta hiritako kaleak beteko dituzte emakume langileen eskubideen aldeko aldarriz. Azaroaren 30eko greba orokorraren ildotik, zaintza eskubide publiko eta... [+]


Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu feministako kidea
"Gure indarra instituzioen hipokrisiaren eta diskurtsoez jabetzeko ahaleginen gainetik dago"

Azaroaren 30eko Greba Orokorretik "indartuta" eta "saretuta" atera dira feministak. Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak nabarmendu du horri esker mugimendu feministak zaintzaren auzia erdigunean jarri duela. Horrez... [+]


2024-03-04 | Leire Artola Arin
Martxoaren 8an “bizitzekin negoziorik ez” egiteko aldarrikatzera kalera aterako da EH Mugimendu Feminista

Martxoak 8a “borroka eta salaketa eguna” dela gogorarazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta mobilizazioetara batzeko deia zabaldu du. Aldaketa kultural eta instituzional sakonak eskatu ditu, emakumeen aurkako indarkeriei aurre egiteko.


Eguneraketa berriak daude