Minutuero hiru pertsona kutsatzen dira GIB birusarekin munduan

  • Hego Euskal Herrian 2020an 134 kasu positibo atzeman dituzte. Abenduaren lehena da Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta NBEk ohartarazi du oraindik pandemia hori ez dela amaitu; iaz munduan 680.000 pertsona hil ziren hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz.


2021eko abenduaren 01an - 11:41
Azken eguneraketa: 12:48
2020an 680.000 pertsona hil dira hiesarekin lotutako gaixotasunengatik. / Argazkia: Panos.

Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna da abenduak 1, eta duela 40 urte hasi zen pandemia oraindik hildako ugari eragiten ari da mundu osoan. Azken urteotako aurrerapen zientifikoek datuak apaltzea lortu badute ere, milaka pertsona kutsatzen dira urtero Giza Immunoeskasiaren Birusarekin (GIB). Hain zuzen, GIBa da hiesa eragiten duen birusa.

Hego Euskal Herrian 134 kasu positibo diagnostikatu dituzte 2020an, Osakidetzaren eta Osasunbidearen datuen arabera. Abenduaren 1aren testuinguruan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hiesari buruzko hainbat datu eman ditu, eta gogorarazi du “konpondu gabeko osasun publikoko arazoa” dela oraindik ere. 1984tik 6.033 kasu erregistratu dituzte EAEn, eta iaz jaso dute zifrarik baxuena: 18 kutsatu berri. Sailburuaren esanetan, kutsatzeen beheranzko joera eragin du erretrobirusaren aurkako tratamenduen hedapenak; 2020an 6.106 pertsonari eman zieten tratamendua EAEn.

Osakidetzak sexu transmisiozko infekzioen txosten bat argitaratu du, eta horren arabera 2019. urtean baino %28 GIB infekzio gutxiago atzeman dituzte. Sagarduik dio horren arrazoia dela COVID-19aren ondoriozko konfinamendua: “Arriskuko sexu-harremanen kopurua murriztu da”. Halere, nabarmendu du jaitsiera “puntuala” izan dela eta prebentzio-plana betetzen jarraitu behar dela. Diagnostiko goiztiarraren garrantzia azpimarratu du, egun, diagnostikoen erdia (%52) berantiarra izan baita. Txostenaren arabera, GIBaren kutsatzea sexu bidez izaten da gehienbat: diagnostikoen %54 gizonen arteko sexu-harremanetan, eta %35 gizon-emakume artekoetan. Kasuen %80 gizonezkoak dira azken datuen arabera.

Munduan 1,5 milioi kutsatu berri

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) helburua da hiesaren pandemia 2030erako geldiaraztea, eta horretarako plan bat adostu dute aurten; hala ere, zaila izango da xedea lortzea, bereziki herrialde pobretuetan gogor eragiten baititu hiesak, eta baliabide falta dute. NBEren hiesaren UNAIDS programaren arabera, 2020an 680.000 pertsona hil ziren hiesarekin lotutako gaixotasunen baten ondorioz; ia Nafarroako biztanleria guztia adina. 80ko hamarkadan pandemia hasi zenetik 39 milioi heriotza eragin ditu hiesak.

Kutsatzeak apaldu diren arren, munduko zifrak kezkagarriak dira oraindik: iaz 1,5 milioi kutsatu ziren GIBarekin, alegia, minuturo hiru lagun, batez beste. Guztira 37,7 milioi bizi dira birusarekin, UNAIDSen iazko datuen arabera; horietatik 1,7 milioi 14 urte arteko haurrak dira. 2020ko kutsatu berrien erdiak umeak eta emakumeak dira. GIBa dutenen %73k tratamendua eskuragarri izan du, eta %60ren birus-karga detektaezina da (beraz, kutsaezina).

Winnie Byanyima UNAIDSeko zuzendariak mezu bat helarazi du nazioarteko hiesaren kontrako egunaren harira, eta azpimarratu du hiesaren pandemia geldiaraztea “oztopatu” egin duela koronabirusaren pandemiak: “COVID-19ak mundua gogor zigortzen jarraitzen du eta, ondorioz, GIBaren prebentziorako eta tratamendurako zerbitzuak geldiarazi dira”.

Halaber, Byanyimak salatu du “soilik leku batzuetarako eta pertsona batzuentzako” direla hiesari kontra egiteko aurrerapen zientifikoak, eta baliabideak denen esku jartzeko eskatu du: “Hiesaren pandemiatik atera ahal izango dugu, baldin eta hura suspertzen duten desberdintasunekin amaitzen badugu”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: HIESa
2022-08-22 | Ana Galarraga
Botswana hiesaren kontrako 95-95-95 helburua lortu duen hirugarren herrialdea bilakatu da

Botswanak GIB/HIESaren gaineko Nazio Batuen Programa Bateratuaren helburua gainditu duela jakinarazi dute, Hiesaren XXIV. Nazioarteko Biltzarrean (Montreal). Aurrez, beste bi herrialdek baino ez dute lortu helburu hori: Suitzak eta Eswatinik, biak ere 2020ko abenduan. 


2022-01-30 | Julen Azpitarte
David Wojnarowicz
Rimbaud-en mozorropean hazitako artista disidentea

David Wojnarowicz (New Jersey, 1954 - New York, 1992) artista estatubatuarrak  hizkuntza, baliabide eta egiteko moduen arteko mugak hautsi zituen bere obran, zeina 1980ko hamarkadan garatu zen. Diziplina anitzeko sortzaile, artista bisual, poeta, idazle, musikari,... [+]


2021-05-05 | Ixone Arana
HIESAren aurkako txertoen egoera

Katalunian garatutako HTI txerto terapeutikoak %40ko arrakasta lortu du I. eta II. faseetako saiakuntzetan; Mosaico prebentziozko txertoa, berriz, Espainiako Estatuko 250 pertsonari txertatu zaio bere hirugarren eta azken fasean.


HIESaren kontrako borrokaren eguna. "Zure esku dago txertoa, ez hedatu estigma"

HIESaren aurkako borrokaren nazioarteko egunean, gogoratu dute estigma handia duen birusa dela oraindik, osasun krisiaren erdian HIESa dutenen zaurgarritasuna areagotu egin dela, eta aurreiritzirik gabeko sexu heziketa ezinbestekoa dela txikitatik.


2020-05-12 | ARGIA
OMEk ohartarazi du HIESarekin lotura duten heriotzak biderkatu egin daitezkela pandemiak iraun bitartean

Pandemiak eragin duen txerto eta oinarrizko medikamentuen eskasiagatik, Osasunaren Mundu Erakundeak esan du Afrikan milioi erdi bat pertsona hil daitezkela HIESarekin zerikusia duten gaitzekin, Democracy Now hedabideak jaso duenez.


Eguneraketa berriak daude