Udako kultur gomendioak

Sutsua, gerrillaria, pasionala


Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2018ko uztailaren 27a
120 battements par minute. Zuzendari eta gidoilaria: Robin Campillo. Frantzia (2017), 143 minutu.

Sutsua, gerrillaria, pasionala da 120 battements par minute, Act Up taldearen aktibismoa bezalatsu. 90eko hamarkada hasiera da eta hiesak jende andana hiltzen du Frantzian (ere), baina Parisko aktibistak ez daude amore emateko prest, instituzioak eta laborategi farmazeutikoak presionatzea dute borroka, askok badakiten arren ez direla borroka horren amaierara iritsiko.

“Homosexualitatearen eta hiesaren arteko lotura ez zuten aipatu nahi beste elkarteek, zioten ez zela lehen lerroan jarri behar. Gay Harrotasunean ere ez gintuzten begi onez ikusten. Guk ez genuen berdin pentsatzen. Are urrunago, seropositibo identitatea bazegoela genioen eta garatzeko hautua egin genuen. Garatu ezean jendeak konplexu gisa biziko zuelako. Balioa eman genion seropositibo izateari, identitate hori ohoratu genuen. Ados gara ez dagoela harro izaterik, baina hain zen diskriminazioaren eta beldurraren sinbolo, non eta harrotasunez aldarrikatzea zen gelditzen zitzaigun aukera bakarra”, kontatu zuen ARGIAn Didier Lestrade Parisko Act Up-en lehen lehendakari izandakoak, eta ongi laburbiltzen du erakunde hark izan zituen helburu eta lorpenak. Beraien borrokak hiesarekin zuen lotura ahaztu nahi izan dutenen aurrean, lotsarik gabe berau berreskuratzea izan du xede Robin Campillo zuzendariak: “Marikoien, toxikomanoen, puten eta presoen” gaitz tabu eta ikusezina protagonistetako bat da istorioan.

Beste protagonista, aktibismoa bera, aktibismoa ulertzeko erak. Zer da onena, inpaktua sortuko duen ekintza ala edukiz betetako agerraldia? Herritarrak kausara erakarriko dituzten mezu alaiak ala kritika deserosoa oinarri duten mezu politikoak? Hiesaren ikerketan diharduten laborategiekin mahai berean eseri ala haien sekretismoa salatzeko erasoa hobetsi? Act Up taldean infiltratzen da kamera, dituzten asanbladak, eztabaidak eta botere-borrokak filmatzeko. Edozein herri mugimenduk islatuta ikusiko du bere burua pelikulan, eta lezio interesgarri ugari ere aterako ditu, parte-hartzeaz, lidergoez, iritzi talkez eta borroka bat kudeatzeko moduez.

Oreka eta tentsio narratiboa mantentzen dituen dinamika hori da istorioaren funtsa: ikusezin izateari utzi nahi duen kolektiboaren borroka bizi eta beroa batetik, hiesak kutsatutako gaixoaren gainbehera geldo, saihestezin eta tragikoa bestetik. Pelikulak Cannesko sari nagusia lortu zuen 2017an, eta urte berean Oscarretara aurkeztu zuen Frantziako Estatuak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Aktualitatearen Gakoak 2018  |  Zinema  |  HIESa

Aktualitatearen Gakoak 2018 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude