ARGIA.eus

2021eko irailaren 25a

Militarrak badoaz Loiolako koarteletik? 100 urteko historia iluna

  • Negoziazioak fruitua eman du: EAJk Espainiako aurrekontuak babestearen truke, Pedro Sanchezen gobernuak konpromisoa hartu du armadak azken mendean Donostian okupatu dituen lurrak uzteko. Loiolako kuartela dagoen lekua etxebizitza zibiletarako erabili ahalko da horrenbestez eta azken mendean hiriko historiaren kapitulu ilunenetako batzuekin lotutako instalazioak desagertu egingo dira.

ARGIA @argia
2020ko azaroaren 25a
Primo de Riveraren bisita Loiolako koarteletara, 1929an. (Pascual Marín / Kutxateka)

EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestearen truke adostutako puntuen artean, Donostiarentzat historikoa den erabaki bat dago: Espainiako armadak Loiolako kuartela uztea eta hiriak azpiegitura horrek okupatzen dituen 20 hektareak berreskuratzea. Donostiako Udalak erosi egingo lizkioke Espainiako Gobenuari Loiolako lur horiek, erabilera militarretik zibilera pasatzeko eta, segur aski, bertan etxebizitzak eraiki ahal izateko.

Espainiako Gobernuak auzi horren inguruan orain arte eduki duen jarrerari erreparatuz gero, 180 graduko aldaketa da: duela hilabete eskas Sanchezen gobernuak, Defentsarako estatu-idazkariaren bidez, ateak itxi zizkion aukera horri baina badirudi PSOE-UP koalizio gobernuak aurrekontuak ateratzeko daukan premia larriak azkenean pisu handiagoa izango duela.

Donostiaren historia iluna

Erabakiarekin, mende oso batez militar espainiarrek okupatu duten leku enblematiko bat berreskuratuko du hiriak: 1920ko hamarkadan hasi ziren Loiolako kuartela eraikitzeko lanak, ordura arte militarrek erabilitako Urgulleko gaztelua Donostiara bideratu nahi zuten soldadu kopuruarentzat txiki geratu ostean. 1926an inauguratu zen kuartela, lehenbiziko 170.000 metro koadroak erabilgarri egon ziren momentuan.

Agintari erlijioso eta militarrak koartelaren kanpoaldean desfilatzen. (Vicente Martín / Kutxateka)

Geroztik, Donostiaren historiako kapitulu beltzenetako batzuk instalazio horiekin lotuta egon dira, besteak beste 1936ko Gerran handik atera baitziren Espainiako II. Errepublikaren kontra altxatutako militarrak hiriaren erdigunerantz bi zutabeetan antolatuta, bata Prim kalean barrena eta bestea Urbietatik. Haiekin bat egin zuten eskuineko hainbat taldek ere, Falangek besteak beste.

Hiriak eutsi ahal izan zion lehen eraso horri, barrikadak jarri zituzten eta Urbieta kalean historiarako geratuko den borrokaldia izan zen, anarkisten protagonismo handiagatik nabarmentzen dena. Militarrei aurre egin zietenen artean 150 lagun inguru hil ziren arren, uztailaren 23rako lortu zuten Maria Cristina hotela hartua zuten soldaduak errenditzea eta hiria hartu nahi izan zuten gainerakoek ere atzera egin zuten Egia aldera.  

Loiolako kuartelean gotortu ziren militar kolpistak eta Errepublikaren aldekoek laguntza militarra jaso zuten Bilbotik. Horri esker, kuartela setiatu zuten, uztailaren 28an barruan zeuden soldaduen errendizioa lortu arte. Mario Salegiren Verano del 36, memorias de un gudari liburuan lehen eskutik kontatzen da estatu kolpea eman zutenetik Loiolako koartela hartu zuten bitarteko hamar egunetan hirian gertatu zena. Jakina den moduan, ordea, urte hartan bertan erori zen Donostia faxisten esku.

Militarrez gain, NATO eta CNI

Geroztik, Francoren diktadura osoan erabili dute militar espainiarrek Loiolako kuartela, lurreko armadako soldaduentzat nagusiki. 2012an, militarrak Donostiatik ateratzeko eskariari uko egiteko eman zituen azalpenen artean, orduko Espainiako Defentsako estatu-idazkari Pedro Argüellesek azaldu zuen Loiolan zehazki zer dagoen: bi kuartel, armadako buruzagiek ostatu hartzeko moduko eraikin logistiko bat, 24 etxebizitza Donostiara destinatutako soldaduentzat eta beste bi etxebizitza-bloke, erabilera-mota desberdinak dituzten arren “segurtasun arrazoiengatik” Loiolako perimetroaren barruan daudenak.

Espainiako armadak kuartel horri urteetan eman dion erabileraz gain, ordea, beste funtzio batzuk ere izan ditu. Espainiako Estatuko inteligentzia zerbitzuen (CNI) lana babesteko erabili izan da, baita NATOren misioetarako pasaeran zeuden unitateetako soldaduak hartzeko ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Espainiako armada  |  EAJ  |  Donostia  |  1936ko gerra

Espainiako armada kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude