Espainiako armadak astelehenean Bardean sutea eragin zuela salatu dute

  • Pasa den astelehenean, sua piztu zen Bardean, eta Poligonoaren Aurkako Asanbladak Espainiako armadaren maniobra militarrei egotzi die ezbeharra.

Bardeako sutea Espainiako armadari egotzi die / Bardeako batzarra

2022ko urriaren 5ean - 16:34
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Poligonoaren Aurkako Asanbladak agiri baten bidez adierazi du “aurreikusteko moduko ondorioa” zela kontserbazio bereziko gune batean Tiroketa Poligono bat ezartzean. Astelehenean hasita, ostiralera arte, tiro eta bonbardaketa praktikak programatu ditu Espainiako Armadak Bardean.

Taldearentzat “ulertezina” da militarrek ingurunearentzat “hain kaltegarriak” diren maniobrak egin ahal izatea halako interes bereziko gune batean. Izan ere, gogorarazi zuten ingurune horretan dagoela Portugalgo pirripioa (Alondra de Dupont) hegaztiaren Nafarroako populazio bakarrenetako bat, eta bertan bizi diren beste hegazti eta landaredi, intsektu eta anfibioak ere kalteak jasango zituztela ohartarazi dute.

“Beste behin ere” Espainiako armadak benetako munizioarekin jarduten duela salatu du asanbladak: “Leherkaririk gabeko maniobrak arriskutsuak baldin badira, benetako munizioarekin egindakoak are gehiago”. Gainera, indar armatuen “erabateko isiltasuna” gaitzetsi dute suteen eta salaketen inguruan, eta informazioa eta azalpenak eskatu dizkie “herritarren kezkaren aurrean”. 

Sua Bardean. (Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak)

Halako maniobrek gerrak sortzen dituztela gogorarazi dute, eta ez dutela “bakearen alde” egiten. Bestalde, suteei “diru publikoz aurre egin beharra” salatu dute.

Azken asteko ezbeharren aurrean, erantzukizunak eta irtenbideak eskatu dizkiete Tiroketa Poligonoa hitzartuta dutenei: Bardeako batzarrari eta Espainiako Defentsa Ministerioari, alegia. Modu berean, esku hartze handiagoa exijitu diete Nafarroako eta Aragoiko Gobernuei ere.  


Espainiako armada kanalean gehiago
2023ko urtarrilaren 9
Zenbakiak

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.