Migrazioa oztopatzeko asmoz Mexiko eta AEB arteko muga ixtea erabaki du Bidenek

  • Migrazio politikaren gogortzea dakarren dekretua izenpetu du ekainaren 4an AEBetako presidente Joe Bidenek eta asteazken honetan sartu da indarrean neurria. Testu horrek dio egunean 2.500 zeharkatze ilegalen langa gaindituz gero (asteko batezbestekoa eginez), muga erabat itxiko dutela eta asilo eskaerak ezingo direla bideratu.

AEB eta Mexikoren artean eraikitako pareta. Argazkia: Sandy Huffaker

2024ko ekainaren 5ean - 15:59
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azarorako dituzte presidentetzarako hauteskundeak AEBetan eta kanpaina giroan ohikoa denez, migrazioaren gaiak hartzen du protagonismoa hautagaien adierazpen eta promesetan. Hori horrela, AEBen eta Mexikoren arteko migrazio politika gogortzearen aldeko dekretua pasa du ekainaren 4an Joe Biden presidenteak eta asteazken honetan sartu da indarrean. Dekretu horrek asilo politikaren gogortzea dakar: egunean 2.500 zeharkatze ilegalen langa gaindituz gero (asteko batezbestekoa eginez), muga erabat itxiko lukete eta asilo eskaerak ezingo lituzkete bideratu. Egoera irudikatzeko, gaur egun batez beste legez kanpokotzat jotako 3.500 aldiz zehazkatzen dute muga egunero. Abenduan 10.000 izan ziren. Pertsona migratzailea egun edo ordu gutxiren buruan jatorrizko herrira kanporatzeko eskumen anitzez zabalagoa ere ematen die dekretuak AEBetako indarrei.

Zehaztu dutenez, kasu batzuei ez zaie bideratuko dekretua: bidean bakarrik diren umeei, giza trafikoaren biktimei, bakarrik doazenei eta bidaia iparralderago jarraitu nahi dutenei, osasun larrialdia dutenei, jatorrizko herrialdean haien bizia arriskuan dutenei edota torturatuak izan direnei, eta muga gurutzatu aurretik CBP One aplikazioan ordua eskatu zutenei.

Dekretuaren beharra horrela azaldu du AEBetako presidente eta demokraten hautagaiak: "Gure mugaren gaineko kontrola berreskuratzeko eta [asiloaren] prozesuan ordena berriz jartzeko". Muga zeharkatzeagatik atxiloturiko kopurua 1.500era jaitsiz gero berriz abiatuko lukete asilo eskaeren prozesua. Jakinik AEBen eta Mexikoren arteko mugan 1.500 atxilotu izan ziren azken aldia 2020ko uztailean izan zela –hots, pandemiagatik mundua geldirik zegoenean–, zaila da irudikatzea muga horren irekitzea.

Kritikak jaso ditu Bidenek, eta aurreko presidente Donald Trumpen logika eta tresna berak erabiltzea leporatu izan zaio. Aurkariak, justiziaren bidetik saiatuko dira dekretuaren ezeztatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!