"Merkatu askea planteatzen da hezkuntzarentzat; eskola publikoak hortik kanpo behar du"

  • Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaia egin berri dute Bastidan. Eskola publikoaren ezaugarriez, erronkez eta badatorren EAEko Hezkuntza Legeaz galdetu diogu Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko koordinatzaileari. "Jendeak jakin behar du EAEko Hezkuntza Legean ez dagoela inongo asmorik eskola publikoa lehenesteko, eta are okerrago, arriskuan dagoela eskola publikoa".

Argazkia: Euskal Eskola Publikoaren Jaia

2022ko ekainaren 06an - 00:10

“Eskolak ezin du umerik atzean utzi”, nabarmentzen du aurtengo jaiaren bideoklipak. Eskola publikoaren aldarrikapen nagusietakotzat jo daiteke?

Bai, bideokliparen mezu nagusia da eskola publikoan ikasten duten ikasle guztiek izan behar dituztela eskubide eta aukera berberak bizitzan nahi dutena izateko, eta horretarako baldintza eta azpiegiturak behar dituzte ikastetxeek. Aurtengo jaiaren leloa, bestalde, “Hazitik gora!” da, Arabar Errioxako ikastetxe publikoek egiten duten lan onari ikusgarritasuna eman asmoz.

Egosten ari den EAEko Hezkuntza Legearekin kritiko zarete.

Inoiz baino gehiago aldarrikatu behar dugu eskola publikoa, Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoek adostutako hezkuntza hitzarmenean eta dagoeneko ateratzen ari diren dekretuetan ikusten ari garelako Legeak ez duela eskola publikoa lehenetsiko eta ez dela ona izango eskola publikoarentzat. Jendeak jakin behar du EAEko Hezkuntza Legean ez dagoela inongo asmorik eskola publikoa lehenesteko, eta are okerrago, arriskuan dagoela eskola publikoa.

Azken adibidea da eskola-planifikazio dekretuaren zirriborroa: dekretu horretan ez da eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean jartzen; horren ordez, merkatu askearen antzeko sistema planteatzen du hezkuntzarentzat, ea eskola bakoitza zein eta zenbat ikasle erakartzeko gauza den. Eta horren emaitza ikusi dugu jada: segregazioa sortzen du planifikazio horrek. Legeak merkatuaren logikan sartu nahi gaituen arren, eskola publikoak horrelako planteamendu batetik kanpo egon behar duela uste dugu, sarean lan egin eta eskola publikoen sare indartsu bat osatzea dela gakoa, gure etorkizunerako. Bihurtu dezagun eskola publikoa sare indartsu bat, guztion parte-hartzetik eta elkarlanetik.

Jaia bada eskola publikoaren erakusleiho. Nolako eskola publikoa dugu?

Eskola publikoa euskalduna dela nabarmentzen dugu beti, herri honetan euskalduntzeko tresna inportanteena izan baita. Eredu da baita ere edozein motatako ikasleri kalitatezko hezkuntza eskaintzen, eta komunitatearen ideia azpimarratzea oso inportantea da, irakasle, guraso eta zuzendaritza elkarlanean aritzea. Hori da eskola publikoa.

Mahai gainean hezkuntza publikoak dituen eztabaida eta erronketatik, zein nabarmenduko zenituzke?

Eskola publikoa lehenetsiko duen planifikazioa behar dugu, plaza publiko gehiagorekin eta leku guztietan adin guztietarako eskaintza publikoa bermatuko duena. Gainera, eskola publikoak ongi hornituta egon behar du, azpiegitura eta baliabide egokiak behar ditu. Euskararekin ere erronka handia daukagu: eskola publikoko gurasoek apustu garbia egin dute D ereduaren alde eta oraindik badugu zer hobetu bide honetan, tartean eskolaz kanpoko ordutegietan euskararen erabilera bermatuz. Komunitate parte-hartzaileak osatzen jarraitzea, horra beste erronka bat.

Lurdes Imazek hitz hartu zuen Euskal Eskola Publikoaren Jaian, Bastidan (argazkia: Denon Eskola)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal eskola publikoa
Nerea Zubia Blazquez
"Erraz diogu ikastetxeen arteko lehia gainditu behar dela, baina errealitatean ez da hain sinplea"

Hezkuntza eskumenak deszentralizatu eta tokian tokiko eragileek erabakimen handiagoa izatea: aspaldiko aldarrikapena praktikara ekartzen ari dira herri ugaritan, eta bide horretan aholkulari dabil Elhuyar. Uneotan hamar bat prozesutan buru-belarri dabiltzala eta eskaera gero eta... [+]


Hezkuntza Legea ahulduta iritsi da azken txanpara

Legegintzaldi honetan bertan onartu nahi duten EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea astearte honetan amaitu da. Lege akordioa sinatu zuten alderdietako bat jausi da dagoeneko, barruan jarraitzen dutenen artean desadostasun nabarmenak dituzte eta hezkuntza... [+]


BeAtarrak: eskola publikoetako berrikuntza irauli nahi duen ereduak hasiera kaotikoa izan du

EAEko ikastetxe publikoei berrikuntza eta aholkularitza zerbitzua ematen zieten Berritzeguneak murriztu eta eskoletan postu berria sortu du Jaurlaritzak: BeAtarra. Ikastetxe bakoitzean gutxienez bat, berrikuntzaz arduratzen dena. Estreinaldi nahasiaz eta eredu aldaketaren... [+]


2023-07-09 | Tere Maldonado
Plantak egin

Ingurumaririk gabe, buru-belarri sartuko naiz harira: eskola publikoaren aldekoak oso atseginak izaten ari gara gauza batzuk eztabaidatzean. Serio, itunpeko ikastetxeekin gertatzen ari dena onartezina da. Zehaztasun eta zintzotasun osoz ahalegintzen ari gara argudiatzen, iritzi... [+]


Euskal Eskola Publikoaz Harrok manifestazioak antolatu ditu EAEko Hezkuntza Lege Aurreproiektuaren aurka

Ikasturte hasieran salatu bezala, Hezkuntza Lege Aurreproiektuak euskal eskola publikoa sendotu ordez ahuldu egiten duela adierazi du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak. Haien ustez, publiko-pribatu sistema duala betikotzen du, ez du eskola publikoa lehenesten, ikastetxeak... [+]


Eguneraketa berriak daude