Gipuzkoako Aldundiko eraikinaren atea itxita dago. Larunbata da. Barruan baina, Martin Garitano (Bergara, 1963) ahaldun nagusi berriak elkarrizketak eskaintzen dihardu: “Atzo etorri ginen lehenengoz etxe honetara, astelehenean hasiko gara laneko martxan”. Herritarren parte hartzean sakontzea eta bake prozesua bultzatzea izango ditu zeregin nagusienak.
23 botorekin izendatu zaituzte ahaldun nagusi. Babes hori ikusita, zuen helburuak asebetetzeko moduan izango zaretela uste duzu? Gipuzkoara aldaketa ekartzeko moduan izango zaretela?
Bai, nik uste dut hein handi batean baietz. Beste kontu bat izango da gure helburuak lortzeko beste alderdi batzuekin negoziatu beharra, hori ezinbestekoa da. Baina hori gertatzen da Gipuzkoako Foru Aldundian eta baita Bizkaikoan ere, emaitza berdintsuak dauzkagu: guk 23 eta Bizkaian 22, beraz helburuak asetzeko negoziatu egin beharko dugu.
Zergatik ez zarete oraindik iritsi Aralarrekin Gobernu akordio batetara?
Guk proposamena luzatu genien parte hartzeko Batzar Nagusietako mahaian eta baita Gobernuan ere. Printzipioz ados geunden alde biak; mahaikoa bete da. Gure egitasmoak oso antzerakoak dira gobernazioaren inguruan eta hurrengo egunetan, gobernua osatzeko prozesuan, berriro beraiekin hitz egingo dugu.
EAJrekin eta PSErekin akordio puntualetara iristeko asmoa duzue, batez ere akordioak EAJrekin lehenetsiko dituzue…
Bigarren indarra delako, logikaz.
Akordio puntual horietara iristeko zeri uko egiteko prest zaudete eta zer ez da negoziagarria?
Hori gai bakoitzean ikusi beharko da. Ikusiko dugu bakoitzak noraino eraman dezakeen negoziazioa eta nondik ezin den mugitu, baina ez da printzipiozko negoziaketa bat, gai zehatzetan oinarritua baizik.
Eta printzipioei dagokionez?
Gu abertzaleak gara, independentistak gara, soberanistak gara eta ezkertiarrak gara. Horiek dira gure printzipioak. Baina ez dugu independentzia mahai gainean ipiniko fiskalitatea aldatzeko momentuan, horretan malgutasuna behar dugu izan.
Funtzionamenduaren aldetik, zer aldatuko da Diputazioan Bildurekin?
Alde batetik, Gobernua murriztuko dugu, hori behin eta berriro esan dugu. Eta bestetik, funtzionalitateari dagokionez, guk parte hartzea bermatu nahi dugu. Horretarako mahai sektorialak antolatuko ditugu gaiak tratatzeko; hor erabaki batzuk hartuko ditugu eta erabaki horiek Batzar Nagusietara eramango ditugu. Batzar Nagusiek erabakiko dute horiek aurrera atera edo ez: Batzar Nagusietatik agindua ateratzen bada, guk hori kudeatuko dugu. Hori da aldaketa nagusia. Hori eta Gobernuaren konposaketa.
Parte hartzeko foru arau bat martxan jarriko duzuela aipatu duzue.
Badago parte hartzeko foru arau bat. Aldatu, zabaldu eta oraindik gehiago zehaztuko dugu; eta martxan jarriko dugu.
Ahaldun nagusiak bere soldata jaitsiko du?
Ez dakit zein den ahaldun nagusiaren soldata, baina bai, badugu planteamendu bat horren inguruan. Hala ere benetan diotsut ez dakidala zein den nire soldata, ez dut galdetu.
Zer ondorio atera beharko lukete ezker soberanistek M-15 mugimendutik?
M-15 egungo egoeraren aurkako iritzi mugimendu bat da. Euskal Herrian egungo egoeraren aurkako iritzi mugimendua badago, aspalditik, eta nik uste abertzale ezkertiarrek haserre horri eraketa politikoa eman diotela.
“Proiektu estrategiko” delakoak defendatzeko prest azaldu dira oposizioko alderdiak. Batzar Nagusietan oposizioaren balizko gehiengo osoei, nola erantzungo die Diputazioak?
Diputazioak ezin du Batzar Nagusiek erabakitzen dutenaren kontra egin. Gu exekutiboa gara, baina Gipuzkoan parlamentua Batzar Nagusiak dira. Beste kontu bat jakin beharrekoa da, azpiegitura erraldoi horietaz hitz egiterakoan, adibidez Pasaiako kanpoko kaiko azpiegitura hori ez dela egingo, baina ez guk esaten dugulako, Espainiako Gobernuak ere esan duelako ez daukala sostengurik, ez ingurumen arloan ezta ekonomikoan ere; beraz guk hori ez dugu inposatuko. Hondarribiko aireportua zabaltzea, Espainiako Gobernuak honezkero agindu du ez duela egingo. Eta errauskailuarekin guk proposatzen dugun moratoriaren inguruan, nik uste adostasun asko lor litezkeela, baita Batzar Nagusietan ere.
Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak berrikitan esan du ingurumen iraunkortasun txostena aurrera doala, eta martxa onean joan ere…
Arazo bat dauka Espainiako Gobernuarekin.
Errauskailuari dagokionez, aurreko Aldundiak hainbat konpromiso eta kontratu sinatu zituen bankuekin, eta obra ugari ere esleituta daude. Horiek zertara lotzen zaituzteten aztertu duzue?
Bai, baina moratoria horrek izango lukeen kostua negoziatu egin beharko da bankuekin. Zeren eta bankuekin ez dugu harreman hori soilik, harreman oso estua daukagu beste gai askotan, eta bada negoziatzeko biderik. Guri kasu honetan interesatzen zaiguna, beste kasu batzuetan bankuei interesatuko zaie.
Usurbilen, atez atekoaren erreferenduma sistema ezarri eta gero egin zen, jendeak ikus zezan zein eredu zeuden.
Ez dugu inposatuko ez atez atekoa, ez bosgarren kontenedorea, ez errauskailua. Guk moratoria horren bitartez eztabaida publikoan oinarritutako prozesu bat ireki nahi dugu; eta informazio guztia eman eta gero, eztabaida sozial hori garatu eta gero, herriari galdetuko diogu. Herriak esaten duena izango da aurrera aterako duguna.
Badaude Bildu barnean alderdi batzuetako sektoreak zenbait azpiegiturekiko beste iritzi bat dutenak, horiek zenbaterainoko eragina izan dezakete erabakietan?
Erreferenduma ez dugu Bildu barnean egingo, erreferenduma Gipuzkoan egingo dugu eta gipuzkoar guztiok emango dugu bozka.
Aldundia bake prozesuaren eta normalizazio politikoaren zerbitzura jarriko duzuela adierazi duzue. Zein izango da lehentasuna arlo horretan?
Gure lehentasuna da euskal gizartean eragile politiko eta sozialen artean ematen ari diren aurrerapausoekin bat joatea eta ez aurka jartzea. Beraz, dauzkagun tresna politiko guztiak prozesu horren alde jarriko ditugu.
Batzar Nagusietako hitzaldian aipatu zenuen gatazkaren “aurpegi ezberdinekin” lan egin behar duzuela. Ikusita, biktimen elkarteek edo PP alderdiak, Bildu instituzioetara iritsi denean hartutako jarrera, zer egin behar luke Aldundiak zubiak eraikitzeko?
Denbora pasa ahala, eta gertakariak aurrera joan ahala, horiek ere ziaboga bat egin beharko dute, eta jarrera aldatu beharko dute. Hemen gauzak ez dira alferrik gertatzen, eta gertatuko direnak... Horrek, euren egungo intrantsigentziazko posizioa aldaraztera mugituko ditu, seguru nago.
Jarrera aldaketa beraien esku dago. Baina Aldundiaren esku zer egon liteke?
Guk ezin dugu bestearen posizioa aldarazi. Gure postura malgutasun osoarekin defendatuko dugu eta espero dezagun intrantsigentzian instalatuta dauden horiek aldatzea beren jarrera; hor aurkituko gaituzte.
Zer iruditzen zaizu alderdi sozialista izaten ari den papera bake prozesuan?
Alderdi sozialistaren barnean jarrera ezberdinak daude, batzuk beste batzuk baino mesfidantza handiagoa erakusten ari dira. Baina une honetan disimulu asko dago eta oraindik ez dira benetako posizioak argitaratu.
Euskarazko hedabide ez publikoek eskaera egin zieten erakundeei babes gehiago eman eta diruz laguntzeko. Aldundiaren jarrera alde horretatik zein izango da?
Euskararekiko gure jarrera aski ezaguna da: laguntzearen aldekoa. Zenbakiez ez gara hitz egiten hasi; aurreko egun batean izan ginen euskalgintzako eragileekin eta prozesu bat ireki dugu informazioa jaso, lehentasunak ezagutu, eta horri ahal den neurrian erantzuteko.
Batzar Nagusiek erabaki zuten publizitatearen %15 bideratzea hedabide horietara, baina hauek inplikazio gehiago eskatu zuten Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Noraino iristeko prest egongo litzateke Aldundia hori laguntzeko?
Hedabide horiekin bildu beharko gara zehazki gai horretaz hitz egiteko. Gu ez gara diruaz hitz egiten hasi, baizik eta gure jarreraz eta filosofiaz. Diruaz orain hitz egin beharko dugu eta horretarako propio bilduko gara.
Patxi Lopezek uztailean ahaldun nagusiekin biltzeko asmoa du erreforma fiskalaz hitz egiteko. Zuk aipatu izan duzu harmonizazio fiskala Eusko Legebiltzarrean erabaki beharko litzatekeela. Bilera horretara zer eramango duzu karpetan?
Pozten gara Patxi Lopez etortzea guk orain arte defenditu ditugun jarreretara. Orain arte, politika fiskalaren erreformaz guk bakarrik hitz egin dugu eta batzuk deskalifikatu egin gaituzte horregatik. Aste bete edo bi aste dira Patxi Lopezek gauza bera esan duela, guk defenditu ditugun posturak defendatzeko proposamenak egin dituela. Mahai horretara eramango dugu defenditu izan duguna: batetik, fiskalitatea aldatu behar dela, eta bestetik, harmonizazioak legebiltzar demokratiko batean behar lukeela egon eta ez OCT [Tributuen Kooperaziorako Organoa] delako horretan, hau da, hiru diputatuak eta lehendakaria.
Gipuzkoa Aurrera-renak egin du?
Ez dugu exajeratuko. Guk esan dugu Gipuzkoa Aurreraren eredua ez dela gure eredua. Ez dugula nahi lobby pribatu batek Gipuzkoarako erabakiak hartzea. Erabakiak Batzar Nagusiek eta Diputazioak hartuko dituzte, gu baikara gipuzkoarron iritziaren ordezkari. Gipuzkoa Aurrera ez da gipuzkoarren ordezkaria eta ezin da izan itzalean mugitzen den gobernu bat.
Zuen programan hainbat neurri proposatzen dira enpresa munduari zuzenean eragingo dietenak. Enpresarien ordezkariekin harremanetan jarri zarete beraien iritzia jasotzeko? Termometroa jarri duzue?
Kontaktuan jarri ginen kanpainan zehar Adegirekin, eta esan ziguten beraien irizpidea zela instituzioak osatu arte alderdiekin ez biltzea; euren ohitura 35 urtetan hori izan da, alderdiekin ez, baizik eta instituzioekin biltzea. Oraintxe etorri gara lehen aldiz etxe honetara eta oraindik elkarrizketak besterik ez ditugu egin. Segituan hasiko gara laneko martxan, eta bai, Adegirekin biltzeko asmo osoa dugu.
Gipuzkoaren “blokeoaz” hitz egiten dutenen aurrean, lasaitasunerako mezua ari zarete zabaltzen.
Gauzak aldatu daitezke era natural batean, inolako alarmismorik gabe eta jendearen lasaitasunerako. Aldaketak zergatik izan behar du txarra edo beldurgarria? Zergatik izutu behar da jendea, jendarteak eskatzen digun aldaketa aurrera eramaten baldin badugu? Ez gara aldaketa egitea erabakitzen duen elite bat, jendartearen ordezkariak gara eta jendarteak aldaketa hori eskatu egin du, horregatik gaude gu hemen. Orduan, lasaitasuna naturaltasun osoz eskatzen dugu.
"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako... [+]
Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia... [+]
Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.
Bukaresteko alkate Nicusor Dan-ek eskuin muturraren hautagai George Simion garaitu du bigarren itzulian. Danek bozen %55 eskuratu du, Simionek %45. Hala ere, eskuin muturra hazi egin da lehen itzuliarekin alderatuta. Errusiaren "esku hartze" polemikan... [+]
Maiatzaren hasieran iragarri ostean, Gaza erabat okupatzeko eta hango palestinarrak kanporatzeko plana martxan jarri du Israelgo armadak. Zerrendan jada hasiak dira ofentsibaren ondorioak pairatzen: azken 24 orduetan eginiko erasoetan, Israelek gutxienez 150 palestinar hil ditu... [+]
Bridgestone Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko eta Puente San Migueleko (Kantabria) fabriketan dituen 420 langileri eragingo die CCOO, UGT eta BuB sindikatuek astelehenean sinatuko duten erregulazio espedienteak. Ostiralean egindako bozketan, Basauriko plantan... [+]
Larunbat gauean gizon batek Bilboko Zorrotzaurreko pabiloi bat erre zuen, bertan bizi diren etxegabetutako pertsona batzuen kontra egiteko. Lekukoen arabera, 33 urteko gizonak errezelei su eman zien bertan zeuden batzuekin eztabaidatu ondoren. Bestetik, pasa den astean... [+]
Lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak iazko edizioa "historiko politizatuena eta desatseginena" izan zela salatu dute, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Online botoari esker gertu izan du garaipena Yuval Raphael Israelgo ordezkariak. Polemikaz beteriko... [+]
Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu... [+]
Lehen ministro Luis Montenegro buru duen AD koalizio kontserbadorea gailendu da Portugalgo Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bozen %61 lortuta –iaz %51 eskuratu zituen–. Irabazleen artean Chega eskuin muturreko alderdiko hautagai André Ventura ere badago,... [+]
Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean, atari bateko lau etxebizitzen jabe da Luxury Rental Apartments enpresa. Horietako bi etxebizitza turistiko gisa alokatzeko Jaurlaritzaren beharrezko baimena eskuratu du enpresak, eskuratu aurretik ere alokatu baditu ere, baina Turismo... [+]
Hirigintza Sailak Luxury Rental Apartments SL enpresa zigortu du 2025eko urtarrilean, Pintore kaleko etxebizitza batean obra “klandestinoak” egitea egotzita. Enpresako partaidetzen %50 Gustavo Antépararena da, eta administratzailea bere bikotekidea... [+]
Galdera horri erantzun dio hainbat irakasle ez-heterok, eta gogoetarako gako ugari utzi dituzte. Mundua deskubritzen eta identitate(sexual)a eraikitzen ari diren haur eta gazteek erreferente anitzak izatea eta eskolan denok espazio seguru eta erosoa aurkitzea ederra baita.
Israelgo Estatuaren aldeko funts batek Espainiar Estatuko makrojaialdi gehienak erosi ditu. To. Hondartza ondoan noria eta guzti duen jaialdia zein hardcoreta tatuajedunak joaten direna, 1.400 miloi euroko trukea, Palestinako kolonia israeldarretan etxebizitzak eraikitzeko... [+]