Marokok itxi egin du Ceutara pasabidea

  • Asteartetik asteazkenera hainbat pertsonak igaro dute Maroko eta Espainia arteko muga, ustez Marokok mugako segurtasuna arindu ondotik, Fronte Polisarioko buru Brahim Ghali artatzeagatik Espainiari presioa egin asmoz. Asteazken goizean Marokok itxi egin du Tarajalgo pasabidea, eta goiz berean jakin da Espainiak Fronte Polisarioko buru Brahim Ghaliren aurkako epaia berriz irekitzea adostu duela.

Argazkia: RTVEren bideo baten irudia

2021eko maiatzaren 19an - 12:59
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteartetik asteazkenera bitarte, ohikoan baino pertsona gehiagok igaro dute Maroko eta Espainia arteko muga, Espainiako kolonia den Ceutan hainbat migratzaile pilatuz. Eman diren zifren arabera, 8.000 inguru dira astearte goizaldetik muga igaro duten pertsonak, herena adin txikikoak izanik. Herrialde batetik besterako igaroaldian jazo da heriotzarik ere, muga igerian igarotzeko saiakeran bizia galdu baitu gazte batek.

Asteartean Frontera Sur GKEko kide Ana Rosadok Berriari jakinarazi zionez, migratzaile oldea Ceutara heldu izanak Marokok estrategikoki egindako mugimendu bati erantzuten dio. “Iaztik erabat itxita zegoen bidea bat-batean zabaldu izana ez da kasualitatea”, adierazi zuen. Rosadoren arabera, Marokok bere mugako segurtasuna arindu du Espainiari presio egiteko. Arrazoia: Fronte Polisarioko buru Brahim Ghali Logroñoko (Espainia) erietxe batean artatu izana.

Asteazken goizean Tarajaleko pasabidean segurtasun indarrak gogortu egin ditu berriz Marokok, hainbat pertsonari igarobidea itxiz. Goiz berean jakin da Ghaliren aurkako auzia berriz irekitzea adostu duela Santiago Pedrazek, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegi zentraleko epaileak.

Mugetan emandako gorabeherak alde batera, asteazken goizerako Espainiak herrialdetik kanporatuak zituen muga igaro duten 4.500 pertsona inguru, erdia baino gehiago. Hainbat erakundek, bestalde, gaitzetsi egin dute gertakarien aurrean Espainiako Gobernuak agertutako jarrera, eta mugara armada bidaliz erantzun izana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!