Mario Gabiria soziologo eta ekologista historikoa hil da

  • Apirilaren 7an hil da Zaragozan Mario Gabiria Labarta (Cortes, 1938) Nafarroako Erriberan sortutako soziologo eta ekologista ezaguna. Hego Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan eragin handia eduki zuen batik bat 1970-1980 hamarkadetan.


2018ko apirilaren 12an - 10:45
Mario Gabiria 1970eko hamarkadako argazki batean.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Henry Lefebvre filosofo eta soziologo marxistaren ikasle eta laguna, desarroilismo kapitalistaren kritika radikala egin zuen Ivan Illich pentsalariaren eragin handia jasoa, Mario Gabiriak soziologiaren, hirigintzaren eta ingurumenaren kudeaketa alternatiboaren hainbat ataletan egin du lana bere bizi luzean. Ekologia politikoaren aitzindarietakoa, gure inguruotan lehenbizikoetarik izan zen azpiegitura erraldoien –autopista, urtegi, sare elektriko zentralizatu, AHT...– arriskuak salatu eta horien kontrako mobilizazioak sustatzen.

Hego Euskal Herrian batik bat oihartzun handia izan zuen Lemoizko zentral nuklearraren kontrako borrokaren garaian. ARGIAk 1986an egindako elkarrizketan eta 1988an egindakoan ahoan bilorik gabe mintzatu zen borroka antinuklearraz bezala Nafarroan ordurako bizi zen giro gogorraz eta beste hainbat gai minberaz. Gaur egun ezkerra eta herri mugimenduak ahul dabiltzalako min dutenak beren kezken oihartzunak aurkituko dituzte duela 30 urte Gabiriak esandakoetan. Bere azken urteetan oso bestela mintzatu zen, Diario de Navarrari 2016an eskainitako "Angela Merkelek maitemindurik nauka" elkarrizketan erakutsi zuen moduan.

Mario Gabiriak konta ezin ahala hitzaldi eman ditu bere bizitzan, zientoka artikulu plazaratu bere garaian eragina zuten Andalan, Triunfo, Cuadernos para el Diálogo edo El Viejo Topo bezalako aldizkarietan. Eta utzi dituen liburuen titulu zerrendak ematen du haren pentsamenduaren orijinaltasunaren eta landu zituen alorren aniztasunaren berri: España a gogó. Turismo, charter y neocolonialismo del espacio (1974), Debate sobre la General Motors (1977), Ecologismo y ordenación del territorio de España (1976) Benidorm (1991), La quimera del agua: presente y futuro de Daimiel y Castilla La-Mancha (1992), El buen salvaje (2001), El trasvase del AVE (2010), La buena vida, las energías renovables y la reislamización fría en el 2030 (2011), El paraíso estancado (2015)...

80 urterekin hil delarik, batzuek oroitu dira hiriak bizikletentzako egokitzearen aitzindariaz, beste batzuk Benidorm hiriaren jasangarritasunaren apologia egiten zuenaz, eta badira oroitu direnak ere oraindik autokritika txikiena egin ez duten politiko abertzaleek onartutako zentral nuklear bizkaitar baten kontra asko borrokatu zen gizon hartaz.

Mario Gabiria 2008an. (Argazkia: Jorge Nagore)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
2025-08-01
Auzo ibilbideak (II)
Egia: aldapa alai bat

2025-07-02
Berriztagarriak Nafarroan
30 urte eta gero zer?

Eguneraketa berriak daude