Man down: gordin eta garden

  • Rihannaren Man down kantaren bertsio dotorea igo du Liherrek Instagramera eta “bihar honen antzeko istorio bat kontatuko dizuegu” idatzi dute publikazioan. Egia esan, ez dut gehiegi jarraitu taldearen ibilbidea, baina jakin-mina piztu dit mezuak. Gehiegi ikertu gabe biharamuneko zitarako utzi dut sorpresa, ea zer dakarten esku artean Lide Hernandok eta konpainiak.

Argazkia: Eider Iturriaga

2020ko maiatzaren 29an - 09:29

Hirugarren lana du taldeak otsailaren hondarrean argitaraturiko Hemen herensugeak daude. Europako hainbat hiri garrantzitsutatik pasako zen biran murgiltzen hasirik zegoela, bira eten eta buelta erdia eman behar izan zuen Liherrek COVID-19aren ondorioz. Hilabete batzuen ondotik, etxetik aretora pasa dira kontzertuak kasu askotan eta, horrekin batera, artistendako normalizazioranzko urrats bat, bederen, egin da. Ikusleondako pantailaren bestaldea ere ez da erosoena… Faltan sumatzen da giroa, konpainia, uhinek gorputzean eragiten dituzten lurrikara txikiak eta inguruko tiporik altuena justu zure aurrean jartzea ere bai, ia-ia.

“Gorri, gorri iluna izterretik behera…” hasi da kontzertua puntual. Eta izterretik behera joateaz gain, gorri ilun jantziak, gorri ilun ezkertiarrendako gitarra eta gorri ilun ezpainak talde donostiarreko liderrak. Beltzez laukotea osatzen duten beste hirurak. Kolore gorriz bustiriko izterraz hasi da istorioa eta segidan etorri dira auto lapurtuak, azidozko ametsak eta txoriak kable elektrikoetan. Erritmo pisutsu eta errepikakorrek areagotzen dute tentsioa eta iluntasuna kantaz kanta. Tratu bat, sororitatea eta zulo bat gehiago etorri dira ondotik. Kuleroak jaitsita eta labanean odola. “Uste dut zer egin zidan esateko beharrik ez dagola, nahiz ta dakidan esanda ere ez duela batere axola”, kantatu du Lidek.

Bigarren diskoko Nor da piztia? kantak ere bere papera izan du istorioaren kontaketan eta ez da geratu lekuz kanpo, batere. Rihanna bertsionatuz hasi du laukote gazteak emanaldiaren bukaerako kanta, diskoaren azken kantaren hasiera, alegia. Eta heldu da mezu irmo eta argia istorioaren bukaeran: “Zein da preso: gaitzari so geldi geratzen dena ala erantzuten duena? Hau da nire aitormena: hemen amaituta ere berriz egingo nukeela”.

Fikziozko bortxaketa baten istorioa kontatzen du disko berriak, kronologikoki eta emakumezko baten ahotik, eta hala eskaini dizkigute kantok zuzeneko honetan. Diskoa ia osorik. Gordin bezain garden kontatu digu Lidek istorioa. Euskal panorama musikaleko ahots potenteenetako batek. Eta amaieran hala geratzen da norbera, ikusi eta entzundakoa aurrez aurre gozatzeko irrikitan. Izerdi eta azal artean handiagotuko den sentsazioarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude