Maiatzak 26: eskuin unionista oldarrerako prest Nafarroan

  • Espainiako hauteskunde orokorren biharamun politikoan gaude oraindik, baina begi bat dagoeneko maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan dago bete-betean, bereziki Nafarroan. Lehia handia eta zorrotza egon da erresuma zaharrean eta ikustear da 2015eko aldaketak zutik iraunen duen, bestelako aldaketa mota bat gailenduko den edo corralitoa-ren erregimena itzuliko den. Aukera guztiak dira posible.

Xabier Letona @xletona
2019ko maiatzaren 03a
Navarra Sumako kideak apirilaren 28ko hauteskundeak ospatzen Iru˝ean. (Arg.: Foku)

Oraindik hauteskunde orokorren olatuaren aparretan gaudela, apirilaren 28ko datuekin gobernua sostengatzen duen egungo gehiengoa berresteak zientzia fikzioa dirudi. Hauteskundeak bere testuinguru zabalean irakurrita, dena den, bada aukerarik oraindik, batez ere kontuan hartuta hauteskunde orokorretan eta foraletan desberdin bozkatzen dela. Historikoki, bederen, hala izan da.

Komeriak izango dira lortzeko, baina hainbat baldintza betetzen badira, posible da: bat, eta agian garrantzitsuena, Geroa Baik bere emaitzak izugarri hobetzea; EH Bilduk eta Podemosek azken emaitzei eustea, eta akaso apur bat hobetzea... eskuina pixka bat jaistea eta PSNk ere nabarmen behera egitea. Posible ote da hori guztia? Miraria? Bada, samurra ez da, baina posible bai, 2015ean gertatu zen bezala. Orduko gertaera garrantzitsuena izan zen lehenbiziz lortu zela parekatzea aldaketaren indarrak eta UPN-PSNrenak. Podemosen agerpena giltzarri izan zen balantzak aldaketa ekar zezan eta eskuinaren banaketa ere bai, Ciudadanosek 200 boto gehiago lortu izan balitu, ez zen gobernu aldaketarik izango. Navarra Sumak hori saihestu nahi du, baina horrek bakarrik ez du dena konpontzen.

UPNk eta PSNk behera

Eskuinak ez du batu: Navarra Sumak orain 107.000 boto lortu ditu, Vox-eko 17.000ak gehituta 124.000 boto. 2016an 127.000 boto eskuratu zuen eskuin navarristak, beraz kontuan hartuta partehartzea ia %9 igo dela, orain atzera egin du nabarmen. Hala ere, boto kopuru handia da. Azken 20 urteetan UPN eta enparauak 92.000 eta 139.000 boto artean dabiltza, baina joera beheranzkoa da. Edozein modutan, oraingo emaitzetatik koxka bat jaitsita ere, erraz koka daitezke 90.000-100.000 boto artean. Orain, hala ere, Vox bere aldetik aurkezten da eta ikusi beharko da horrek nola eragiten dion UPNri. Logikoena litzateke horietako askok Navarra Suma babestea, “Fronte Popularrekoek eta independentistek” –haien hizkuntzan– Nafarroako Gobernua berriz eskura ez dezaten. Ikusiko da.

Javier Esparzak badu kezkatuta egoteko arrazoirik, baina gobernura iristeko bere arazorik handiena –soilik botoei erreparatuta– ez dira bere emaitzak, PSNrenak baizik, eta hor zailtasun handiagoak ditu. PSN azken bi hamarkadetan 45.000 eta 91.000 boto artean ibili da, baina azken urteetan beherakada handiarekin: 2007ko hauteskunde foraletan 74.000 boto, 2011koetan 51.000 eta 2015ean 45.000. Pentsa liteke orain jaso dituen boto asko maileguan utzitakoak direla, eskuin neofrankistari aurre egiteko; gaitza da irudikatzen orain horren behera jotzea, baina emaitzen historiak erakusten du beti jaisten dela asko Espainiakoetatik Nafarroakoetara. Oraingoan ez da hain samurra izango, PSOEk asmatu zuen boz hauek udal hauteskundeak baino hilabete lehenago deitzearekin, apirilekoen txanpak maiatzekoetan eragingo zuelakoan. Alderantziz ere izan zitekeen, baina jokaldia ongi atera zaionez, orain Pedro Sanchezek du olatua alde, eta ikusteko dago zein neurritan lagunduko dion Maria Chiviteren hautagaitzari. Eta edozein kasutan, ez da samurra hemen Navarra Suma-PSN gobernua irudikatzea, Madrilen labankadaka ari direnean.

Beste faktore batek ere alderdi hauen aurka egin ohi du: ohikoan hauteskunde orokorretan partehartzea handiagoa da eta emaitza hobeak izaten dituzte; foraletan 4-5 puntu jaisten da partehartzea eta horrek alderdi abertzaleen alde egin ohi du. Hau da, herritar multzo batentzat Nafarroako Legebiltzarra ez da Espainiako Legebiltzarra bezain garrantzitsua eta paso egiten du. Historikoki, PSN da idatzi bako arau horren alderdi kaltetuena.

Podemos orain ere giltzarri

Beste giltzetakoa Podemos eta Izquierda-Ezkerra dira. Asko jaitsita ere, orain oso emaitza ona lortu dute bien artean –Unidas Podemos–: 68.000 boto; baina banatuta joango dira maiatzaren 26an. Erabaki ulergaitza, ezkerreko zein aldaketaren ikuspegitik eta erabakigarria izan daitekeena. Oraingo emaitza izanda, aldaketaren indarren artean gobernuko lehendakaritza ere euren esku legoke aise. 2015ean Podemos izan zen aldaketa ahalbidetu zuen indar klabea eta orain ere hala gerta liteke. Podemosen zatiketaren beldur dira aldaketaren alderdiak, baina igandeko emaitzek esperantzaren atea zabal-zabalik uzten dute, besteak beste, ez dagoelako historiko bat adierazten duena boto hauek asko jaisten diren ala ez. Izatekotan, hauetako batzuk EH Bildura jo dezaketela pentsa liteke, baina ez da samurra hori ere, koalizio abertzalea bere orain arteko gorenetan dago eta.

EH Bildu posizio onean, Geroa Bai oso estu

Aldaketaren alderdietatik Uxue Barkosen koalizioak du askatzeko korapilo gaitzena: 2015eko foru hauteskundeetako 53.000 botoek eraman zuten foru gobernuaren lehendakaritzara, baina 2016ko abenduko orokorretan 14.000 boto lortu zituen eta orain 22.000. Oso gutxi, kontuan hartuta 2011ko orokorrek 42.000 boto eta diputatu bat eman zizkiotela. Aldaketaren indarrek, eta bereziki Geroa Baik, espero dute iragan igandeko emaitza asko aldatuko dela datorren 26an eta legealdian zehar Barkosek egindako kudeaketak boto asko emango dizkiela. Hori litzateke logikoena, eta desiragarriena, baina egia esan, 31.000 boto gehiago behar ditu, gutxienez 2015eko foru hauteskundeetako emaitzak berdintzeko. Erronka aski gaitza, baina posiblea Uxue Barkosen historikoari begiratuta, bai Nafarroa Bain –61.000, 62.000 eta 77.000 boto– bai Geroa Bain –42.000 eta 53.000 boto– lortutako emaitzengatik.

EH Bildu askoz posizio hobean dago, 2016ko 31.000 botoetatik 46.000ra pasatu baita. Euskal Herritarrok-en (1999) eta Amaiurren (2011) ondoren, ezker soberanistak izandako emaitzarik onenak dira. Bere hautesleria nahiko fidela da historikoki, nahiz eta 2011ko gailurretik gaurdaino ibilbide gorabeheratsua izan duen.

Bestelako aldaketarik?

Aldaketaren alderdiak pozik agertu dira egindakoaz eta esperientzia errepikatzeko desioa agertu dute. Baina ezin da bestelako aldaketarik baztertu, are gutxiago PSNren apirileko emaitza itzelen ondoren. PSNk behin baino gehiagotan adierazi du berak ikusten duela PSN eta Geroa Bai ardatz lukeen gobernua. Podemos eta Ezkerra ere eroso leudeke hor. Eta eroriko litzatekeena EH Bildu da, PSNren marra gorria baita. Hiru indar horien artean gehiengo osoa lortzea ere gaitza da ordea eta, beraz, eszenatoki honetan akaso EH Bilduri egokituko zaio erabakitzea edo UPN-PSN gobernu bat ahalbidetzen duen edo PSN-Geroa Bai-Podemos-Ezkerra gobernua sostengatzen duen legebiltzarretik. Eszenatoki gehiago ere posible dira, baina ate gehiegi irekitzea litzateke oraindik emaitzak eskuan izan gabe. Edozein kasutan gauza bakarra dago argi, 2015ean bezala, bihotzeko arazoak dituztenek kontuz ibili beharko dutela maiatzaren 26ko gauan.

     

 

 

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Udal eta foru hauteskundeak 2019 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude