Psikopolitika

Zerk eragiten digu bozka egiten dugunean? Zer ideia, asmo eta emozio daude deman? Pentsamendu politiko lausoak ala sakon hausnartu eta gero geure pentsakeran erro sendoak hedatu dituzten kontsiderazio landuak? Ingurukoekin partekatzen dugun ideologia jakin bat edo inorekin hitz egin gabe biltzen ditugun usteak –frantsesezko moldeak dioen bezala idée reçue horiek, jasotako ideiak–, nondik jaso ditugun ere ez dakigula? Gure ingurua, gure bizitza, gure gizartea nolakoak nahi ditugun zedarritzen duten ideia argiak ala erraietan gogorrago edo ahulago imurtxi edo kili-kili egiten dizkiguten sentipenak?

Zer jotzen dugu garrantzitsuago herritarrok? Gure bizimodu partikularra hobetu behar digutela dioten promes itxurapainduak edo guztiondako ongizatea agintzen diguten programa orohartzaileak? Zeri heltzen diogu? Alderdien programen eduki burutsuei ala kanpainen estetiken ederrari? Alderdiek aldarrikatzen dituzten ideiei ala proposatzen dizkiguten hautagaiei?

Eta alderdiendako, zer da inportanteago? Afiliatuen irudipenak eta desirak ala boto-emaileen eskaerak eta baldintzak? Zer paper jokatzen duten alderdien antolamenduan buruzagien egoek, asmo handinahiek eta pertsonalismoek?

Eta, bestalde, zer neurritan dira muntadun, noraino eragile, bestelako faktoreak? Alderdi eta hautetsien parametro etikoek, adibidez, berdintsu eragiten dute ezkerrean eta eskuinean? Nola, zenbatean, baloratzen dugu herritarrok afera publikoen kudeaketa, eta nola, zenbatean, alderdien jarrera baketzaileak edo liskartsuak debate politikoan? Zertan hartzen ditugu kontuan, botoa emateko orduan, gaien tasun sinbolikoak edo aferen balio pragmatikoak?

Zenbateraino dira erabakiorrak herritarron baldintza partikularrak –unean unekoak, on eta txar–, inguruabar kolektiboak eta balizko itxaropenak? Eta zenbateraino, sinesmenak, tradizio kulturalak edo kontsumitzeko erak, eta, are, geureganatzen ditugun eduki mediatikoak?

Posible al da horiei guztiei neurria hartzea, antzinako filosofia batzuek ilusio huts gisa jotzen zituzten pentsamendu eta emozioetatik harago?

Ala derrigorrezkoa dugu, kondena eta madarikazio, lau urtean behin sistemak saltzen dizkigun amets, asmo, zirrara eta irudipenen zurrunbiloan galtzea?

Nafarroan 2015eko aldaketak aurrera egin izan balu, ez nintzatekeen arituko, segur aski, halako galderak egiten (eta, horren ordez, etorkizuneko erronka ilusionagarriak izanen nituzkeen hizpide...). 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Eguneraketa berriak daude