EAJ-PSE ituna gauzatuz gero, EH Bildu sei alkatetza gabe gera daiteke

  • Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, EAJ eta PSE asteazken honetan bilduko dira akordioez hitz egiten hasteko. Bi alderdien arteko ituna berrestea da gertagarriena eta horren eraginez EH Bildu sei alkatetza gabe geratzea, baita PPk beste bat galtzea ere.

ARGIA @argia
2019ko ekainaren 05a
Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia EAJko eta PSEko buruak, I˝igo Urkullu EAEko lehendakaria erdian dutela 2018ko irudi batean (argazkia: EITB).

Asteazken honetako bileraren aurretik, bi alderdietako buruzagiek adierazi dute “egonkortasuna” bermatuko lukeen akordio orokor bat sinatzeko asmoa, duela lau urtekoaren antzekoa litzatekeena. Gainera, EAJk dagoeneko adierazi du PSErekin bakarrik bilatuko dituela akordioak udaletan eta batzar nagusietan.

Boterean dagoen blokea errepikatzeak botere handiagoa lortzen lagunduko lieke bi alderdiei, izan ere, EH Bildu zerrenda bozkatuena izan den hainbat udal kenduko lizkiekete koalizio abertzaleari: Gipuzkoan, PSEk Andoainen eta Pasaian alkatetza lortuko luke jeltzaleei esker eta EAJk berriz Lezon, Mendaron eta Soraluzen lortuko luke agintea. Araban berriz, Guardiako udala PPri kenduko liokete.

Paktu horri esker bakarrik mantendu ahalko lukete jeltzaleek pisu sinboliko handia duen beste alkatetza bat ere, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren jaioterria den Alonsotegikoa, izan ere, azken bozetan EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak herri horretan.

Irunen beste formula bat komeni zaio EAJri

Bi alderdien arteko akordio-giroak baditu, ordea, salbuespenak. Andoainen gertatuko dena ikusteko dago eta, bereziki, Irunen jarrita daude begiradak: Gipuzkoako hiri horretan pasa den legegintzaldian jeltzaleen eta sozialisten arteko harremana asko gaiztotu zen eta legealdia amaitu aurretik EAJ oposizioa egiten aritu da Jose Antonio Santano sozialistaren aurka. Zenbakiek emango lukete udal-gobernua aldatzeko, EAJk EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesa jasoko balu.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Onda Vascan adierazi du kasu “berezia” dela Irungoa, “oso larria” izan zela herri horretan pasa den legegintzaldian gertaturikoa –Olanoren esanetan, Xabier Iridoy jeltzalea gobernu-taldetik bota zuen Santanok– eta “konfiantza haustura oso garrantzitsua” gertatu zela bi alderdien artean. Hala ere, bi partiduek “marko orokorra” ezarri ondoren Gipuzkoako negoziazio partikularrak egingo dituztela esan du.

Durango, Galdakao eta Elorrio

EAJ-PSE paktuek badute ifrentzua beste zenbait udaletan: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bat eginda Bizkaiko hiru herritan eskuratuko lukete agintea. Udal garrantzitsu berri batzuk lortuko lituzke ezkerreko abertzaleen koalizioak alderdi morearen babesarekin, besteak beste Durango (28.000 biztanle), Galdakao (30.000) eta Elorrio (7.000).

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Udal eta foru hauteskundeak 2019 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude