Ia 15.000 lagun atxilotu dituzte Errusian hiru astean gudaren aurkako manifestazioetan

Zuzeneko jarraipena
  • Errusiako armadak Poloniako mugatik 25 kilometrora dagoen Yavoriv hiriko base militarra bonbardatu du, Ukrainako armadaren esanetan. Bederatzi pertsona hil direla diote, eta Ukrainako Defentsa Ministerioaren arabera, nazioarteko instruktoreek egiten zuten lan bertan. Honek Errusiaren eta NATOren artean tentsioa handitzea eragin du.


2022ko martxoaren 14an - 13:39
Gakoak
Elkarrizketetan egun bateko "etenaldi teknikoa" egin dute Ukraina eta Errusiako gobernuek
Bideokonferentzia bidez ari dira negoziatzen bi gobernuak. Argazkia: @Podolyak_M

Astelehen goizean berrekin diete elkarrizketei Errusia eta Ukrainako gobernuetako ordezkariek, bideokonferentzia bidez, eta arratsaldeko 15:00ak aldera eten egin dituztela jakinarazi du Ukrainako negoziazio taldeko kide Mykhailo Podolyakek, bere Twitter kontuaren bitartez: “Negoziazioetan etenaldi tekniko bat egin da bihar arte, azpitaldeetan modu osagarrian lan egiteko eta banakako jarrerak argitzeko. Negoziazioek jarraitzen dute...”. Podolyakek azaldu du Ukrainak su etena, Errusiako armada herrialdetik irtetea eta segurtasun bermeka eskatzen dituela, eta zailtasunak onartuta ere Moskuk jarrera “eraikitzaileagoa” agertu duela adierazi du.

Errusiako negoziazio taldeko kide Leonid Slutski-k, bere aldetik, azken egunetan aurrerapen “esanguratsuak” egin direla adierazi dio Russia Todayri. Bere esanetan, litekeena da Moskuk Ukrainarekin adostutako dokumentu bat sinatzea hurrengo egunetan.

Errusiako bi aktibistak Putinen sendiarekin lotutako Biarritzeko luxuzko etxea okupatu dute

Etxea Ukrainako errefuxiatuak hartzeko eskaini dute. Asteburuan okupatu dute, eta Poliziak atxilo eraman ditu astelehen goizean.

Irakurri hemen albiste osoa:

 

Ukrainako armadak Donetsk-eko hirigunean 20 pertsona hil dituela salatu dute

"Lehen datuen arabera, Donetsk erdialdean, Tochka-U misil taktiko baten hondakinak erori diren lekuan, 20 pertsona hil eta bederatzi zauritu dira", jakinarazi du Donets-eko Lurralde Defentsako Estatu Nagusiak, bere Telegram kanalean, Sputnik hedabideak informatu duenez.

Twitterreko kontu honetan erasoaren argazki eta bideoak jasotzen ari dira. Adi, irudi gogorrak dira asko.

Hasi dira asteleheneko bake-elkarrizketak

Errusia eta Ukrainako agintarien arteko bake-negoziazioak hasi dira astelehenean bideo-konferentzia bidez. Ukrainako presidentziaren aholkulari eta negoziatzaile Mykhailo Podolyakek esan du Twitter bidez zaila dagoela akordioetara heltzeko, baina hizketan jarraitzen dutela.

90 haur hil eta 100 zauritu dira hiru asteotan

Ukrainako fiskal nagusiak astelehen goizean emaniko datuen arabera, Errusiak Ukrainaren aurkako erasoa hasi zuenetik, 90 adin txikiko hil eta 100 zauritu dira.

"Biktima gehienak ondorengo hiri eta eskualdeetakoak dira: Kiev, Kharkiv, Donetsk, Chernihiv, Sumy, Kherson, Mykolayiv eta Zhytomyr.

Ukrainan izan Kadyrov, Txetxeniako errepublikako presidentea eta Errusiaren gizon boteretsua

Ramzan Kadyroz, Txetxeniako errepublikako burua, Ukrainan izan da Txetxeniako telebistak zabaldutako irudietan ikus daitekeenez. Txetxeniako soldaduekin hitz egitera joan da Kievetik 7 kilometrora, adierazi dutenez.

Mendebaldeko hedabideek zabaldu dute ezin izan dutela baieztatu ea oraindik Ukrainan zegoen ala bisita azkarra egin duen aurreko egunetan. Bideo honetan ikus daiteke Kadyrov, bere soldaduekin.

Kadyrovi egotzi izan zaio, Wikipedian irakur daitekeenez, ekintzaileen aurkako hilketak antolatzea eta bere indar polizialak baliatzea aurkari politikoak bahitu eta desagerrarazteko. Berak ukatu egiten du.

Txetxeniako mugimendu independentista, Errusiari guda egin eta galdu zuena, Ukrainaren alde kokatu da.

850 atxilotu Errusian gudaren aurkako manifestazioetan

OVD-Info erakunde independentearen kontaketaren arabera, 850 pertsona atxilotu dituzte igandean Errusiako 37 hiritan, gudaren aurkako manifestazioetan. Guda bere hirugarren astean sartu den honetan, orotara, 15.000 atxilotutara heltzen ari da zifra.

Atxilotu bat San Petersburgon.

Autoritarismoaren adierazle, paper batean "*** *****" zioen herritar hau ere atxilotu zuten.

Dmitry Reznikov atxiloketa "*** *****" kartelagatik / Argazkia: SOTA.VISION

 

Zelenskik dio Errusiaren erasoak inguruko herrialdeetara heda daitezkeela eta NATOri eskatu hegazkinekin sartzeko

Zelenski Ukrainako presidenteak esan du "denbora kontua" dela "Errusiaren misilak inguruko herrialdeetara erortzea" eta berriro ere eskatu dio NATOri aire espazioan esku har dezan.

NATOk esana du aliantzan sartuta dauden herrialdeek erasoren bat jasaten badute, defendatu egingo direla.

Errusiak esana du ez duela Ukrainatik harago inongo herrialderik ukitzeko asmorik, baina hori bai, Ukrainara joaten diren atzerriko herrialdeen konboiak eta beste helburu militarren artean dauzkala.

Gurutze Gorria: "Mariupoleko herritarrak egoerarik txarrenaren aurrean daude"

Gurutze Gorriak ohartarazi du Mariupoleko herritarrak "egoerarik txarrenaren aurrean" daudela, Errusiak eta Ukrainak ez badute lortzen korridore humanitarioa bermatzeko akordiorik.

Zer zegoen Lviv hiriko base militarrean?

Moskuk Poloniako mugatik gertu dagoen Lviv hiriko base militar bati eraso egin zion igandean. Base militar horretan nazioartetik bidaltzen ari diren arma ugari zeudela esan du Errusiak, baita hauek nola erabili irakasten ari diren instruktoreak ere. 30 misilekin egin zion eraso Errusiako armadak eta Ukrainako gobernuak emandako datuen arabera, 35 pertsona hil ziren eta 134 zauritu.

 

Asteleheneko jarraipenarekin hasiko gara

Egunon lagunok, asteleheneko jarraipenarekin hasiko gara.

AEBetako Brent Renaud kazetari eta dokumentalista hil da Errusiaren bonbardaketa batean

50 urteko kazetaria Kiev eskualdeko Irpin hirian zegoen gaur, eta Errusiako armadaren bonbardaketa batean hil da, eta AEBetako beste kazetari bat, Juan Arredondo, zauritu egin da. Kiev eskualdeko poliziaburuak, Andriy Nebytovek baieztatu du informazio hau.

Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat kazetari elkartek hilketa hau salatu dute, eta kazetarientzat lan egiteko espazio segurua eskatu dute.

Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkak mundu mailako elikagai krisia ekarri dezakeela ohartarazi du NBEak

Nazio Batuen Erakundeak adierazi du Errusia eta Ukraina elikagai horniketan oso garrantzitsuak direla, eta gatazkak mundu mailako elikagai krisia ekarri dezakeela ohartarazi du.

NBEaren datuen arabera, munduko garagarraren %19a, gariaren %14a eta artoaren %4a produzitzen dute bi herrialdeek batera, eta munduko ekilore olioaren esportazioen %52a.

2021. urtean, munduko gariaren eta garagarraren prezioek %31 egin dute gora, eta ekilore olioarenak berriz %60.

Errusiako armadak Ukrainaren 3.687 instalazio militar zerbitzu gabe utzi ditu inbasioa hasi zenetik

Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak, Igor Konashenkovek, Ukrainako inbasioaren datu batzuk argitaratu ditu. Guztira Ukrainaren 3.687 azpiegitura militar utzi ditu zerbitzu gabe. Bestalde, adierazi du Ukrainako nazionalistek bahitu zituzten 300 zibil inguru askatu dituztela.

Errusiako armadak Ukrainaren 99 hegazkin, 128 tripulatu gabeko aire ibilgailu, 1.194 tanke, 121 suziriak jaurtitzeko sistema, 443 artilleria eta mortero pieza eta 991 ibilgailu militar berezi suntsitu ditu.

Yavoriveko base militarrean zortzi misil bota ditu Errusiak

Errusiako armadak egunsentian Poloniako mugatik 25 kilometrora dagoen Yavoriveko base militarrean zortzi misil bota ditu, eta Ukrainako armadaren arabera, bederatzi pertsona hil dira. Bestalde, Ukrainako Defentsa Ministerioak adierazi du base militar horretan beste herrialde batzuetako instruktore militarrak zeudela.

Izan ere, bonbardatu duten basea Nazioarteko Segurtasuna eta Bakea Mantentzeko Zentroa zen, eta NATOko hainbat ordezkari egon dira bertan Ukrainako inbasioa hasi zenetik. Honek Errusiaren eta NATOren artean tentsioa handitzea eragin du.

Igandeko jarraipena

Ukrainako inbasioaren igandeko jarraipenari ekingo diogu.

Europar Batasuneko herrialdeek gastu militarra nabarmen handituko dute, Ukrainako inbasioaren ostean

Versalleseko Goi-Bileran Europar Batasuneko 27 herrialdeek gastu militarra handitzea eta independentzia energetikoa irabazteko neurriak hartzea akordatu dute, testuinguru politiko berriari aurre egiteko.

Albistea osorik irakurri dezakezu esteka honetan.

AEBetako prentsaren arabera, Borrellen arinkeriak Poloniako ehiza-hegazkinak Ukrainari ematea galarazi du

AEBetako Politico hedabideak dio Josep Borrell Europako diplomazia buruak sekretuko operazio bat publiko egin zuela otsailaren 27an, eta arinkeria horrek Poloniaren 28 ehiza-hegazkin Ukrainari ematea ukatu zuela gehitu dute.

Lehenik eta behin, Josep Borrellek otsailaren 27an hitz egin zuenean oraindik akordatu gabe zuten NATOko herrialdeek arma bidalketa, eta, bestalde, Politicok azpimarratu du sekretuko operazioa zela.

Asmoa Poloniaren 28 MiG-29 ehiza-hegazkin Ukrainari ematea zen, "inbasioaren aurrean hobeto defendatzeko", baina Borrellek plana zapuztu zuen, Washingtongo hedabidearen arabera.

Korridore humanitarioak irekiko dituzte Kieveko eskualdean eta beste hainbat hiritan

Ukrainako lehen ministro ordeak, Irina Vereshchukek, adierazi du gaur ere korridore humanitarioak irekiko dituztela. Vereshchuken esanetan, Sumy eta Kiev eskualdeetako hainbat herri eta herrixketako biztanleak ebakuatzeko operazioak egingo dituzte gaur.

Bestalde, Mariupoleko biztanleria ebakuatzeko operazioa ere martxan jarriko dutela adierazi du, eta gehitu du oraingo honetan Errusiak "su-etena errespetatzea" espero duela.

Mariupolen antzera, Sumy hiria Errusiar tropek inguratuta dago, eta eskualdeko buruzagiak adierazi du hiriko biztanleak ebakuatzeko korridoreak akordatu dituztela.

Errusiako armadak Vasilkov hiriko munizio eta erregai biltegiak bonbardatu ditu

Gaur goizean, Errusiako armadak Kievetik 30 kilometrora dagoen Vasilkov hiriko biltegi militarrak bonbardatu ditu. Drone errusiar batek grabatutako irudietan soldadu ukrainarrak ikusten dira munizioa biltegi batzuetan gordetzen, bonbardaketaren aurretik. Descifrando la Guerrak zabaldu ditu aipatutako irudiak.

Jarraipenari ekingo diogu

Egun on! Asteburu honetan ere ARGIAn Ukrainako inbasioaren jarraipena egingo dugu. Duela bi aste baino gehiago hasi zen Errusiako armada Ukrainako iparraldeko, ekialdeko eta hegoaldeko lurralde batzuk okupatzen, eta Ukrainaren eta Errusiaren arteko negoziaketek oraindik ez dute irtenbide baketsu bat adostea lortu.

Atzoko jarraipena esteka honetan jarraitu dezakezu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude