UEU

"Lorpena da bildu den jende kopurua biltzea klima aldaketari buruz, eta euskaraz, hitz egiteko"

  • UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan Klima-aldaketa: Euskal Herritik Pirinioetaraino leihoak zabalduz izeneko jardunaldia izan da ekainaren 11n. UPV/EHU eta UEUren elkarlanari esker antolatu da topaketa, eta Pirinioetako eremu geografikoan klima-aldaketak izan dezakeen eraginari zein ondorioei buruzko eztabaida jendartera zabaltzea izan da helburua. Ane Zabaleta Lopetegi geodinamika arloko ikertzailea (UPV/EHU) eta UEUkidea da antolatzaileetako bat.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko ekainaren 13an - 11:25

Jardunaldi honen helburua foro bat izatea da. Ez bakarrik ikertzaileentzat, eragile guztientzako foroa izatea nahi izan duzue

Bai, irekitzea foro bat edo plaza bat edo leku bat ikerketaren mundutik, administrazioaren mundutik, dibulgazioaren mundutik… datozen eragile ezberdinek klima aldaketaren inguruan hitz egin ahal izateko; ikuspuntu desberdinetatik. Bide hori irekitzea eta eztabaida sortzea. Eztabaida, debate hori ez da bukatzen. Eztabaidak jarraitu egin behar du eta horretarako foro hau edo beste batzuk sortu beharko dira edo aukera hori eman beharko da. Hau izan da gure ekarpena. Bi proiektu gaude hor Pirinioetan lanean klima aldaketaren testuinguruan, kontu desberdinetan; eta nahi izan dugu elkartu eta klima aldaketari buruz hitz egin; euskaraz hitz egin, zientziari eta kudeaketari buruz ere euskaraz egin daitekeelako. Gainera saiatu gara, lehen mahai inguruan atera den moduan, Euskal Herriko eremu desberdinetako jendea egon dadin. Nahiz eta ez den beti erreza, ahalegin hori egin dugu.

Klima aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren barruan dauden hainbat proiektu aurkeztu dira gaur. Besteak beste, zuk aurkeztu duzun Piragua proiektua. Ur-baliabideen garrantzia azpimarratu nahi izan duzu zuk

Klima aldatuko da, ekosistemek sufrituko dute, baina ura dugu behar beharrezkoa bizitzeko. Urarekin gertatzen zaigun gauza bat da beti ura “sobera” izan dugula edo hala sentitzen dugula; eta orduan inoiz ez dugu pentsatzen klima aldaketak ur kantitatea nahikoa jaitsiko duenik eta arazoak sortuko direnik. Ur eskasia handirik, lehorte handirik sortuko den? Agian ez. Agian ur emarien murrizketa horrek bai ekar dezake sektore desberdinen beharrizanei batera ezin erantzun izatea. Eta, beraz, hor tentsioak sortzea. Jakin behar dugu zer den datorrena, nola egokitu gaitezkeen edo zer bide ditugun egokitzeko. Eta guk proiektuan planteatzen ditugun gauzak lurraldetik bertatik planteatutakoak dira. Hau da, gure lurraldearen kudeaketa bera izan daiteke “tresna” eragin horiek arintzeko edo buelta emateko egoerari. Beste hainbat lekutan ikusi dugu emariak beherantz egingo dutela, batez ere uda eta udazken partean, eta gainera badakigu landaretza mota batzuk ur gehien garai horretan kontsumitzen dutela. Orduan lurraldearen erabilerak egin dezakeena da edo bizkortu klima aldaketaren eragina edo arindu. Eta behar duguna da lekuko ezagutza, jakiteko zein den bidea gure inguru honetan.

Zuk ur-baliabideak aztertu dituzu, baina Pirinioetatik atera gabe aipatu dira glaziarrak, mikrobioak, aintzirak, landaredia…. Hainbat arlotatik landu da gaia.

Denetarik agertu da eta nik uste dut hori dela interesgarria. Guztiok aukera izatea beste arlo batzuetan ere zer dagoen ikusteko. Nola lan egiten duten ikusteko. Batzuetan horrelakoetatik elkarlanak sortu daitezke. Hemen ez baitago isolatutako ekosistemarik. Glaziarrak urtzen badira desagertuko dira, baina horrek eragina izango du ur baliabideetan ere. Ur baliabide horien ziklotasuna aldatu egingo da. Beti dago guztien arteko erlazio bat eta beti dago ondo eremu jakin bat ikuspuntu desberdinetatik ikustea. Uste dut alde horretatik adibide asko egon direla hemen eta guztiak oso interesgarriak.

Diziplinartekotasun hori agertu da, arlo ezberdinen arteko lankidetza; baina kudeaketa eta ikerketaren arteko harremana ere landu nahi izan duzue

Harreman hori ez da beti erreza. Gaur aipatu da batzuetan hizkuntza kontu bat dela, ezin elkar ulertzea; bakoitzak hizkuntza ezberdina hitz egiten dugulako, nahiz eta guztiok euskaraz egin. Beste batzuetan denborak dira. Kudeatzaileak baditu bere denborak eta zientziak beti ezin du erantzuna eman nahi bezain azkar. Gaur ere aipatu da agian ikerketak beti ez dituela egiten kudeatzailearen intereseko galderak. Noski, ikerketa beti ez da egiten kudeaketan aplikagarria izateko, zientzia hori baino zabalagoa da; baina ikerketa hori aplikatua izan dadin nahi izanez gero indartu egin behar da. Hemen atera da, agian behatoki egonkor bat sortu daitekeela non agian hasieran jarraituko dugun elkar ondo ulertu gabe, baina denborarekin ziurrenez antzeko galderak eta antzeko hizkuntzak erabiliko ditugun. Hor badago bide bat irekitzeko beharra.

Hirugarren hanka falta da. Gaur behin baino gehiagotan aipatu dena: gizartea. Gizartearen ardura zenbateraino?

Bai. Zenbateraino? Klima aldaketari buruz hitz egiten denean askotan esaten da guztion ardura dela. Bai, guztiona da ardura, hala da, baina guztiok ez daukagu ardura bera. Eta bakoitzak bere indibidualtasun horretatik har ditzake hainbat erabaki, baina goian daudenek eta erabaki zabalagoak har ditzaketenek hartu behar dituzte ere beste erabaki batzuk. Behin eta berriro aipatu den hitz bat izan da ausartak izan behar dugula. Banakako guztiok, administrazioak eta zientziak. Guztiok izan behar dugu ausartak gure barruan egin behar ditugun aldaketa batzuk daudela ikusi eta horiek benetan aurrera eramateko. Ez da beti erreza, baina egin behar dira.

Klima aldaketaz hitz egiten dugunean normalean ezkortasunera jotzen dugu. Gaur ere mezu gehienak ezkorrak izan dira. Antolatzaile moduan, ordea, zeintzuk dira atera dituzun ondorioak gaur?

Bai egia da ezkortasunera jotzen dugula, izan ere datuak ez dira batere baikorrak; baina nik atera dituk ondorio positibo batzuk. Hemen bildu den jende kopurua biltzea klima aldaketari buruz hitz egiteko, euskaraz gainera; iruditzen zait badela lorpen bat. Gero badaude, atera dira, hainbat adibide, txikiak, sektore desberdinetatik datozenak, leku ezberdinetatik datozenak eta horiei begiratu behar diegu. Zer egiten ari den beste leku batzuetan. Nola egiten ari diren. Pausu txiki horiek zabaltzen saiatzen baldin bagara, seguru bide onean izango garela. Amaieran parte hartzaileetako batek ere bota du holako mezu positibo bat. Kutsaduraren inguruan orain dela hainbat urte zegoen kezka hori eta gaur egun egin den aurrerapen osoa. Saiatu gaitezen adibide horietatik ikasten eta benetan sinisten borroka honek pena merezi duela eta horretan gure indar guztia ipini behar dugula.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEU
2024-04-03 | Sustatu
Matematikari eta Hizkuntzalari euskaldunen topaketetarako deialdiak

Tira, izenburuan batu ditugu, baina Matemarikari Euskaldunen Topaketak dira alde batetik, eta Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak bestetik. Baina Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udan bere udako ikastaroen barruan antolatuko dituen biltzar hauetarako deialdiak orain... [+]


EKOFEMINISMOA
Haziz hazi, urratsez urrats, Euskal Herrian ere lurreratuz doan mugimendua

Udako Euskal Unibertsitarearen baitan, egun osoko jardunaldia antolatu zuten ekaina bukaeran Gasteizko Sumendi espazio autogestionatuan Mirene Begiristainek eta Marta Barbak: Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian. Ekofeminismoari dagokionez, Euskal Herri mailan duela... [+]


UEUko jardunaldiak
Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian

Sumendi gune okupatua. Gasteiz. 2023ko ekainaren 29an. 9:00ak dira eta lehenengo partaideak ailegatzen hasiak dira. UEUko kideak, antolatzaileak, eta gertuko laguntzaileak dagoeneko espazioa txukuntzen gabiltza. Berehala egiten dugu espazioa gure, edo espazioak gu bere; erraza... [+]


2023-05-25 | UEU
UEUren udako 17 ikastaroak gogoeta eta hausnarketarako gune

UEUk 51. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Iruñean. Iazkoaren haritik, 17 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Arnasgune akademiko eta euskaldunen... [+]


Maiatzaren 17tik 19ra egingo dute UEUren Ikergazte kongresua, Donostian

Ikertzaile euskaldunen komunitatea indartu nahi du ekimenak bosgarren edizio honetan. Bestalde, astelehenetik aurrera egongo da Udako Ikastaroetan izena emateko aukera.


Eguneraketa berriak daude