Leize bat aterpetzat

Guillaume Fauveau

2025eko urriaren 17an - 18:05
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Marrumaka jaialdia

Non: Sarako leizeetan

Noiz: urriaren 4an eta 5ean

---------------------------------------------------------------

Larunbat eguerdia da, eguraldi aldaketa iragarri dut irratiak, eta kotxean abiatu garenerako haize zakarrak gogor jotzen du. Segituan hasi da euria kotxeko kristala kolpatzen. Bustita eta lanbro-lainoen tartetik pasatu dugu Lapurdiko muga. Izan ere, Usopop disketxe eta elkarteak Marrumaka jaialdia antolatu du Sarako lezeetan. Eta guri, jaialdi hau, aspaldi ikusi gabeko lagunekin batzeko aitzakia ezin hobea iruditu zaigu. Uste dut, gainera, bere misterio eta isiltasunarekin, kobazuloa badela intimitatea zabaltzeko lurra, eta konfiantzarako sabaia ematen duen leku horietakoa. 

Euri langarra ez da gelditzen, baina hamar laguneko taldea eta bi baso ardo nahikoa izan dira barruak berotu eta lezeetara sartzeko. This is the Kit, Mabe Fratti, Kaskezur, Los Sara Fontan eta Ezezez taldeen kontzertuak aurretik. 

Konturatu orduko iluna dago leze kanpoan. Gaua iritsi dela konturatu naiz guztiok gabiltzalako Los Sara Fontan-en erritmo nahasi eta esperimentalekin saltoka. Ez dakit azaltzen zer egiten duten, edo ze “estilo” den haiena, esan dezakedana da: “Ze ondo pasatu dugun kobazulo baten barruan horrelako musikarekin dantzan”. Eta guretzat, nola ez, goizegi bukatu da guztia. Etxera joaten ez dakigunon betiko leloa.

Biharamuna. Ez dakit igandea delako, eguraldia goibel samar dagoelako, edo bart gaua nahi baino gehiago luzatu dugulako, baina badago horrelako tristura sentsazio bat gure artean. Ea musikak berpizten gaituen. 

Lumi taldearen ikuskizun bereziak zabaldu du kontzertu segida, ondoren etorri da Penelope Trappes ekoizle eta musikari australiarra. Kuriosoa egin zait bere lana, kontzertu batean baino, performance baten aurrean nengoela iruditu zait momentu batzuetan. 

Ibil Bediren txanda iritsi da, eta momentu honetan direna erakustera gerturatu dira, kobazulotik  atera, gehiegi irten gabe, berriz barrura itzultzeko. Izenik gabeko abestiak, eta guztiz zehaztu gabeko buelta eta letrak direla sinistu beharko diegu, hala ez badirudi ere. 

Lokatzarena eta Atera kantuekin hasi dute kontzertua; eta ez dakit nola izan den, baina momentu batzuetan sentsazioa izan dut kobazuloak berak anplifikatzen zituela taldearen soinuak, batez ere bateria bakarrik zegoen uneetan. Zitekeenarena abestiaren hasieran, bazirudien bonboaren reverb-a kobazuloaren paretek itzultzen zuten oihartzuna zela. 

Instrumentu aldaketak ugariak izan dira taldekideen artean, orain arte baino gehiago, eta badirudi zuzenekoaren hipnosian sartzen laguntzen duela horrek. Kontzertuan zehar jo ohi duten Miceren bertsioari ere merezitako aukerak eskaini ostean, Ibon RGren abesti bat ekarri dute eurenera: Egunean.

Irunberriko kobazulora bueltatuko direla esanez bukatu dute kontzertua, eta okurritu zait hitz-joko polita dagoela, Sima –Ibai Osinagaren estudioa– ere badelako leize bat, bertikaltasun handikoa, normalean lur azalean sortu eta sakonune handi bat duena lur azpirantz. Eta horrela, taldearen kontzertuak, sima baten antzera, norbere zulora sartzera eraman gaituela.                                                                                                                                         
 


Eguneraketa berriak daude