AEK

"Lehen ikasleak beste asmo batekin etortzen ziren euskaltegira"

  • Matxintxu-Larrako AEK euskaltegietako irakasleak dira Paula Urigoitia (Otxandio, 1965) eta Lore Uriarte (Bermeo, 1995). Urigoitiak 10 urte inguru daramatza Deustun eskolak ematen, eta aldi berean, euskaltegiko arduraduna ere bada. Uriarte berriz, irailean heldu zen Deustura.

Argazkia: Ecuador Etxea

2022ko maiatzaren 18an - 14:12

Nola hasi zineten AEKn eskolak ematen?

Paula: 1986an Otxandioko neguko barnetegian hasi nintzen. Aldi berean, Berrizen ere gau eskolak ematen nituen baina ikasle kopurua gutxitzen hasi zenean AEKk Tolosara joateko eskatu zidan. Tolosan neguko barnetegian hasi nintzen eta bukatzean esan zidaten Euskaltegia martxan jartzeko asmoa zeukatela. Bertan egon nintzen 1992. urtean Bilbora etorri nintzen arte. Hasieran Lizardin ibili nintzen, ostean Aizu aldizkarian eta azkenik Deustura heldu nintzen duela 10 bat ikasturte.

Lore: Pasa den ikasturtean Zorrotzako euskaltegian ordezkapen bat egiteko deitu zidaten. Bertan ikasturtea bukatu nuen eta kurtso honetarako deitu zidatenean Deustun eskolak emateko aukera eman zidaten.

Zenbat irakasle eta ikasle zaudete gaur egun Matxintxu Larrako euskaltegietan?

P: Bi euskaltegiak kontuan hartuta, guztira 9 irakasle eta 275 ikasle inguru gara gaur egun. Seguru nago hasieran Matxintxu Larrakok 14 bat irakasle izan zituela eta orain baino ikasle gehiago ere bai. D ereduak esko eragin du euskaltegietan.

Eskoletara datozen ikasleak tituluaren bila datoz ala haratago doaz?

L: B2 mailako irakaslea naiz eta nabaritzen da  asko lanpostu publikoetan eskatzen duten profila lortzera datozela. Gero badira gutxi batzuk hizkuntza ikasteagatik soilik datozenak eta batzuetan bi profil horiek eskoletan elkartzen direnean zaila izaten da klasea bera bideratzea, baina lortzen dugu.

Bermeotarra naiz, baina bizi guztia Deustu eta Sarriko artean bizi izan naiz

Eta beste mailetan?

P: Hauetan ikasleen profila guztiz ezberdina da. Kanpotik etorritako jendea da eta horien artean ere asmoak ezberdinak izaten dira. Badira gaztelera ondo dakitenak eta umeei eskolako lanekin laguntzeko ikastera datozenak, edota maitasunak ekarritakoak.

Aldatu da hasiera bateko ikasleen konpromisoa?

P: Errotik, abiapuntua beste bat zelako. Hasiera batean “kanpoan” beste egoera bat zegoen. Denok argi geneukan nahi genuen horrek aurrera egin zezan guk ere lan egin behar genuela. Ikasleak bestelako asmo ezberdin batekin hurbiltzen ziren: herrigintzan jardutea, euskararen alde egitea, egon behar zuen leku guztietara eramatea…

Nola ikusten duzue Deustualdeko egoera euskarari dagokionez?

L: Deustun badira gune jakin batzuk euskaraz gehiago hitz egiten dena. Hala ere uste dut oso eroso bizi den jendea badagoela, euskara jakin bai baina hitz egitera derrigortuta sentitzen ez dena.

P: Aste barruan dezente euskaldunagoa da ikasle asko dagoelako, eta esango dut, ikasle gipuzkoar asko. Hala ere, Deustun adibidez San Inazion baino euskara gehiago entzuten da, Deustun San Inazion ikusten ez den ordezko belaunaldia dagoelako agian.

Korrikaren 22. edizioa igaro berri da. Zer da korrika zuentzat?

L: Nik orain arte Korrika alde batetik ezagutu dut eta aurten beste alde bat ezagutzea egokitu zait. Niretzat Korrika kolektibotasun hori sentitzea da, nortasuna aldarrikatzea, eta oso handia den zerbaiten parte sentitzea ere bai.

P: Askotan pentsatu dut tximista moduko zerbait dela. Baina nik ez dakit tximista batek zer emozio transmititzen duen. Badakit argitasuna eta indarra duela, berehalakoa dela eta aztarna uzten duela. Herriari lotzen nauen barne sentsazioa da.

Eta AEKrentzat?

P: AEK sortu zenean egoera ekonomikoa oso kaxkarra zen eta beraz, gertatzen ari zen guztiari erantzun ahal izateko ideia mamitu zutenek Korrikarekin eman zuten. Gaur egun, ordea, euskarak duen ekimenik garrantzitsuena da, Euskal Herriko mugetatik kanpo ere entzuten dena. Tamalez garrantzitsuena eta beharrezkoena ere bilakatu da, Euskal Herri mailako proiektuari sostengua ematen dion ekimena baita. Korrikarik gabe guk ezingo genuke aurrera egin.

AEKk egindako balorazioan honako hau irakur daiteke: “ikusi dugu hau izan dela maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dena”. Zuek ere horrela sentitu duzue?

L: Pandemiak eragin duenaren ostean, jendea oso gogotsu egon da. Pasa den urtekoa ezin izan zen egin eta orduan jendeak gogo gehiagorekin itxaron du aurtengoa.

P: Gainera, ikusi da pandemiak euskararen alde beharrean euskararen kontra egin duela eta euskarak nolabaiteko bultzada behar zuela egoera irauteko. Askok oso presente izan dute hizkuntzaren aldeko babesa eskatzeko unea zela, euskararekiko inplikazioa aldarrikatzekoa, alegia.

Bi euskaltegi izan arren, administrazio kontuetan Matxintxu Larrako euskaltegia bakarra da

Korrika batzordea antolatu da Deustualdean. Nola joan da?

P: Euskarak beti izaten ditu bere aldeko batzuk eta eskertzekoa da bihotzez. Deialdia egin ostean 6 bat lagun elkartu ginen. Gainera, korrikari buelta emateko prest agertu ziren beste hainbat eragileren eta elkarteren laguntza ere izan dugu. Oso ondo joan da orokorrean. Taldeek antolatzen dituztenak korrikari eskaintzeko planteamendua egin genuen, beraiek ere aletxo hori jar zezaten eta esan behar dut prestutasun osoa egon dela.

HITZEKIN denok euskara doan dinamika aurkeztu du AEKk. Erakunde publikoei egindako interpelazio bat bezala uler daiteke?

Une honetan erosoa da lekukoa hartu, dirua eman eta “gu ere konforme gaude” esatea. Baina hori zerbaitetan bihurtu behar da. Herri egiten gaituena hizkuntza dela esaten dugu, baina gobernuak zerbait egin beharko du hori horrela izan dadin. Ez liratezke dirulaguntzak kontu akademikoari lotu behar, euskaldun izateari baizik. Korrikaren aurreko edizioaren leloa KLIKA izan zen, klika egin euskararen alde, herriaren alde. Aurtengoa haratago doa, hitzak ez ezik, ekintzak ere behar direla aldarrikatzen duelako. 

Eusko Jaurlaritzak emaitza akademikoen arabera laguntzak ematen ditu euskara ikasteagatik. Zer deritzozue?

L: Euskara mailak aurrera egin ahala, zailtasunak ere handitzen doaz, dedikatu beharreko ordu kopuruak ere handitzen dira eta ulertu behar da ikasle guztiek ez dutela ikasteko erritmo berdina. Ikasturte bakarrean B1 edo B2 lortzea oso zaila da eta horren aurkako lasterketa bat egiten ari dira diru-laguntza hori lortu ahal izateko.

P: Karpeta besapean izateagatik lagundu beharrean logikoena litzateke euskara ikastearren soilik ikasleak laguntzea. Egia da hasiera batean ez zela beste modurik izan. Euskalgintzak euskara ikasteko diruz laguntzeko aldarrikapena egin zuen, eta gobernuak onartu arren, baldintzak haiek jarri zituzten. Nahiz eta lanean fina izan, jendearen esfortzua ere kontuan hartu beharko litzateke.

SAKONEAN

Uste duzue AEKko irakasle izateak “militante” kutsua duela?

L: Hizkuntza bat irakasten egiten dugu lan, eta gu ere hizkuntza hori garen aldetik konpromiso bat daukagula uste dut, gure nortasunaren parte ere badelako. Beste lan batzuekin alderatuta nik sentitzen dut honetan ez ordu gehiago sartu behar direnik, baizik eta egiten dudan guztiak lagundu dezakeela hau guztia aurrera eramaten.

P: Dudarik gabe. Irakasle berriei harrera egiten diegunean zer eskubide eta zer betebehar dituen azaldu behar izaten diegu. Badira lan batzuk egin behar direnak eta soldatan ere sartuko zaizkionak, nahiz eta horrela idatzita ez egon. Korrika baldin badator lan egin beharko da, gogotik gainera. AEKra soilik eskolak ematera datorrena oker dabil.

Zer da AEKk eman dizuen onena?

P: Gustuko zerbaitetan lan egin nezakeela ikusteko aukera eman zidan. Euskal Herri mailako proiektu batean parte hartzeko, emakume bezala ahalduntzeko, genero artean berdintasunean lan egiteko aukera ere eman dit. 

L: Beste lan egiteko modu bat ezagutu dut AEKn. Eroso nabil lanean eta betidanik maite izan dudan zerbaitetatik, hizkuntzatik, zerbait atera eta beste batzuei ematea ikaragarria iruditzen zait.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEK
Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-11 | Leire Artola Arin
Ostegunean hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Esne Beltza eta Bad Sound taldeek girotuko dute eguna

Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.


AEK-k paperik ez duten herritarrek euskara ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu du

AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude