Ehunka preso eta iheslari ohik EPPKren ildoa babestu dute, legea baliatuz etxeratzea bilatzeko

  • Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera manifestua aurkeztu dute Usurbilen; manifestazioa antolatu dute apirilaren 17an Bilbon, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean.


2016ko martxoaren 14an - 11:02
Manifestua igande goizean aurkeztu zuten 750 preso eta iheslari politiko ohik. (Arg: Noaua)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Igande goizean aurkeztu zuten manifestua 750 preso eta iheslari politiko ohik, Espainiako eta Frantziako estatuetako kartzeletan jarraitzen duten ia 400 presori babesa helarazi nahian: “Ozen diogu beraiekin bat egiten dugula jasaten duten bortizkeria sistematikoari aurre egiteko borrokaldi eta ahalegin guztietan, baita legedi barneko baliabideak erabiltzeko erabaki eta urratsak ematean ere”.

1.000 sinatzaile baino gehiago ditu manifestuak eta bultzatzaileek bere egin dute ezker abertzaleak ekindako bidea. “Gure ekarpen militantea egin nahi dugu Zutik Euskal Herriak ireki eta borroka armatua baztertzeko ETAren behin betiko erabakiak abiatu zuen bidean”, diote.

EPPK-k talde moduan hartzen dituen erabakiak errespetatzearen garrantzia azpimarratu dute, “banan banako urrats eta gauzatze molde horiek erabaki kolektiboak izango dira, aurrekoak ziren bezalaxe”. Adierazi dute helburua ez dela egun bakarrean erdietsiko, “modu dinamiko eta antolatuan” baizik. Legezko bideak hartzeko erabakia babestuko dutela berretsi dute: “Legedia eta espetxe araudiaz baliatzeak ez du inola ere kolokan jartzen haien guztien izaera militantea, garatutako bidearen balioa eta duintasuna. Ez orain, ez lehen”.

Preso eta iheslari politiko ohiek harturiko bidea babesteko dei egin dute. “Beharrezkoa da euskal jendartearen engaiamendua indarberritzea”, azaldu dute. Dispertsioaren aurka eta euskal preso zein iheslari politikoen etxeratzearen alde azaldu diren eragile sozial eta instituzionalei elkarlanerako gonbitea luzatu diete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2025eko abenduaren 10
‘Ekaitz in da house’-etik ‘All in da house’-era
10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!