Lau hamarkada, Tolosa ia lehertu zen egunetik

  • 1978ko martxoaren 28an errailetatik atera zen, Tolosan, 52 tona azido zianhidriko zeramatzan trena.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko apirilaren 03an - 08:55
Arg: Tolosaldeko Ataria

Historia liburuetan hondamendi izugarri bat idazteko zorian izan zen, 1978ko martxoaren 28an, Tolosan gertatutako tren istripua. Apeaderoaren eta geltokiaren artean, trenbidetik atera zen 80 km/h-ko abiaduran zihoan tren bat, eta 52 tona azido zianhidriko zeramatzan, Lyondik Burgosera.

01:30ean istripua gertatu orduko piztu zen alarma gorria, eta Iñaki Linazasoro orduko alkateak suhiltzaileengana jo zuen, balizko isuri bat saiheste aldera; azido zianhidrikoa leherkorra, kutsakorra eta toxikoa da, eta hainbat herritar hiltzeko arriskuan izan ziren, material hura lehertu izan balitz.

Trenak trenbide osoa hartu zuen istripuaren ondoren eta, zianhidrikoaren arriskua zela eta, adituek hiru fasetan aurreikusi zuten ibilgailuaren lekualdatzea. Ezertan hasi baino lehen, inguruko etxebizitzetako herritarrak ebakuatu egin zituzten, eta lau errailak moztuta izan zituzten, lanak zirauten bitartean. Horrela, edukiaren %70 zisterna batetik bestera mugitu zuten lehenik, eta zisternak erabat hustu zituzten gero. Azkenik, deposituak zutik jarri, eta aziko guztia lekualdatu zuten.

Istripua izandako trenaren lekualdatzean 90 pertsonak parte hartu zuten, eta baita mediku talde batek ere. Aipatzekoa da, suhiltzaile batek intoxikazio txiki bat jasan zuela lehen egunean, baina segituan osatu zela. Halaber, trenbide inguruko herritarrak ebakuatzea agindu zuen Linazasorok, eta tolosarren %5ek herria utzi zuten, beren kabuz, Aste Santuko oporrak zertxobait aurreratuz.

Azido zianhidrikoaren arriskuaga gutxi ez balitz, istripua are larriagoa izan zitekeen 1978ko martxoaren 28 hartan, patuak hala nahi izan balu. Izan ere, Parisera zihoan Puerta del Sol trena zuzenean joaten zen Gasteiztik Donostiaraino eta, berez, zegokion ordutegiari jarraitu izan balio, errailetik irtendako trenarekin talka egingo zuen, sekulako hondamendia eraginez. Ordea, aipaturiko trena ordu erdiz atzeratu, eta ez zen tragediarik gertatu.

Garai hartan haur zirenek gogoan dute, oraindik, jendea istripuak eragindako kalteak ikustera nola bertaratzen zen. Garaiko komunikabideek ere oihartzun handia eman zioten istripuari eta ondorengo lanei, bai Euskal Herrian, bai Espainian; Deia, El Diario Vasco, Egin, La Vanguardia nahiz ABCren gisako agerkarien hemeroteketan hainbat dira, Tolosako gertakariari buruzko albisteak.

Iñaki Linazasoro orduko alkateak elkarrizketa batean aitortu zuen, tren istripuaren inguruko egunak bere bizitzako unerik gogorrenak izan zirela, alkate gisa zuen arduragatik. Eta, kezka sakon horren erakusle da, hain justu, Karlos Linazasoro idazle tolosarrak –Iñaki Linazasororen semeak– 1978ko tren istripu hura abiapuntu hartu izana, berriki argitaratu duen 6012 eleberri laburra idazteko. 6012 istripua izan zuen trenaren zenbakia zen, eta idazleak ia tragedia horretatik abiarazi du liburua.

Plastikoa eta pentsuen gehigarria egiteko

Azido zianhidrikoa (CNH) XIX. mende hasieran deskubritu zuten. Berez leherkorra ez den arren, eragin dezakeen kutsadura maila altuak egiten du arriskutsu, eta baita irakiteko duen erraztasunak ere: 26,5 graduan.

Istripua izan zen garaian, azido zianhidrikoa plexiglas izeneko plastiko bat eskuratzeko baliatzen zuten industrian, besteak beste. Material hori eskuratzeko, prozesu bat baino gehiago baliatzen zituzten, antza, garaiko agerkariek azaldu zutenaren arabera.

Plastikoarekin batera, ordea, azido zianhidrikoak bazuen pentsuak indartzeko ahalmenik ere. Eta, hain zuzen, helburu hori zuen, Tolosan trenbidetik ateratako zisterna barruan zihoan azidoak; Burgosko lantegi batera bidean zen merkantzia.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tolosa
Erkoreka Xuhar “erruduntzat” hartzeko “kanpaina” egiten ari dela salatu du herri plataformak

Tolosako inauterietan poliziak begian zauritutako gaztea indarkeria polizialaren biktima gisa aitortzeko eskatu du Xuhar herri plataformak. Mobilizazio batera deitu du martxoaren 16rako, Tolosan.


2024-03-07 | Gedar
Erkoreka gezurretan ari da: foam jaurtigaiek ez dute errebotatzen

Poliziak berak azaldu izan du jaurtigai horiek "zehaztasun" handiagoa dutela eta apuntatzen den tokian jotzen dutela. Zalantzagarria da, beraz, Segurtasun sailburuak esandakoa; Tolosako Inauterietan begian zauritutako gaztea "istiluetan parte hartzen" ari... [+]


Ertzaintzak Tolosako inauterietan eginiko esku-hartzea babestu dute EAJk eta Segurtasun Sailak

Poliziaren esku-hartze "neurrigabea" salatzen duen mozioa onartu du Villabona-Amasako Udalak, Xuhar Herri Plataformak proposatuta. EAJ eta PSE kontra agertu dira, eta EH Bildu alde. EAJren arabera, "Xuhar ez zen tirokatua izan”. Eusko Jaurlaritzako... [+]


Erkorekak zalantzan jarri du Ertzaintzak Villabonako gaztea zauritu izana

Foam jaurtigailuaren aztarnak agertu diren arren, Erkorekak ez du onartu Ertzaintzak foam jaurtigailuak Tolosako inauterietan erabili izana.


Hirugarren gazte batek ere salatu du Ertzaintzak zauritu zuela Tolosan

Gazte horietatik bik epaitegietan salatu dute gertatutakoa. Horrez gain, begian zauritutako gazteari dagoeneko ebakuntza egin diote.


Eguneraketa berriak daude