Landa eremua eta bailara bizi mantentzeko “funtsezkoa” den Zumadia eskolak espazioa falta du

  • Gero eta ikasle gehiago ari da izena ematen Zumadia eskola publikoan, Abartzuzan dagoen bailarako landa eremuko ikastetxean. Txiki geratu zaie eraikina, eta espazio gehiago eskatu diote Nafarroako Hezkuntza Departamenduari, baina ez dute erantzunik jaso. Bai euskarazko murgiltze ereduan jardun nahi duten familientzako, bai landa eremua despopulatzen ari den garaiotan bailara bizi mantentzen laguntzeko, Zumadia funtsezkoa dela garbi du bertako hezkuntza komunitateak.

"Horrelako zerbitzu publiko batek eragiten du bertako nahiz bailaraz kanpoko jendeak landa eremu honetan irudikatzea bere bizi-proiektua". Argazkia: Zumadia Eskola

2023ko maiatzaren 3an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Abartzuza, Gesalatz, Lezaun eta Deierri inguruko haurrak hartzen ditu Zumadiak (Jaitzeko herritarrek ere eskatu dute orain eskola horretara joan ahal izatea). Haur eta Lehen Hezkuntza ematen ditu, duela hiru ikasturte ireki zituen ateak eta arrakasta handiz hazi da: 50 ikasle eta bost talderentzako pentsatua zegoen ikastetxeak 80 ikasle eta zortzi talde hartuko ditu hurrengo ikasturtean, eta dagoeneko espazio guztia aprobetxatuta –tailer gelak ikasgela bihurtu dituzte– espazio gehiago eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

“Batetik, D eredua oinarri duen halako eskola bat garaipen bat da bailara osorako. Bestetik, bailara indartzen du ikastetxeak: lehen, eskola hau ez zegoenean, banatuta zeuden bailarako ikasleak, eta horietako batzuk Lizarrako ikastetxeetara joaten ziren; orain, lagun eta harreman sareak bertan garatzeko eta indartzeko gakoa da eskola”, kontatu digu Beñat Hach Embarek eskolako gurasoak. Azken finean, bai eskolako jarduerak bai eskolaz kanpokoak bailaran egitea, gurasoak ere bailaran aritzea ekintzak antolatzen, eta hezkuntza-erreferentzia bertan izateak elikatu egiten du bailarako eta landa eremu honetako bizitza.

"Batetik, D eredua oinarri duen halako eskola bat garaipen bat da bailara osorako. Bestetik, lagun eta harreman sareak bertan garatzeko eta indartzeko gakoa da eskola"

Berdin pentsatzen du eskolako zuzendari Angel Gartziak: “Ikastetxea helduleku erakargarri bezain funtsezkoa da eta horrelako zerbitzu publiko batek eragiten du bertako nahiz bailaraz kanpoko jendeak landa eremu honetan irudikatzea bere bizi-proiektua, zer eta landa eremua despopulazio arazo larria bizitzen ari den garaiotan”.

Zer dio Hezkuntza Departamenduak?

Angel Gartziak azaldu digu ez dutela Hezkuntza Departamenduaren erantzun ofizialik jaso. Eskola Kontseiluak bilera eskatu zuen apirilerako Hezkuntza zuzendariarekin, baina ez du bilera onartu Departamenduak. Angel Gartzia Zumadiako zuzendariarekin bai bildu dira, eta hurrengo ikasturterako “kalteak gutxiagotzen” saiatuko direla adierazi diote (“giza baliabideez ari direla pentsatzen dugu”, dio Gartziak), baina nabarmendu dute espazio gehiago ezin dietela lortu; “sakrifizioak egin beharko dituzue, esan zidan”.

Sakrifizioak egin eta irudimena lantzeko prest dira Zumadian, “proiektua maite dugulako”, baina garbi dute, epe ertain-luzera, hauteskundeen ostean instituzioetan egonkortasuna dagoenean, erantzun estrukturalagoa bideratzea premiazkoa dela, “zeren luzera begira ezinezkoa da horrela jarraitzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!