Bost eguneko epean hiru langile hil dira Euskal Herrian. Azkena, Bravo Lanak SL enpresako 45 urteko langilea, Portugaleteko bosgarren solairuko estalkitik erorita, erretena konpontzen ari zela. Eraikuntzaren sektoreko lan baldintzez eta administrazioaren erantzukizunaz gogor mintzatu dira sindikatuak.
Hurrengo ostiralean, Portugaleteko San Roke Plazan egingo dute mobilizazioa, gehiengo sindikalak deituta. Aurten, gutxienez 57 dira Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz hil direnak.
Portugaleteko kasuari tiraka, eraikuntza sektoreaz eta altuerako erorketez gogor aritu dira sindikatuak. ELAren hitzetan, “sinestezina da gaur egun oraindik altuerako lanetarako beharrezkoak diren segurtasun prozedurak ez betetzea eta horren ondorioz lanean hildakoak egotea”. LABek galdetu du non dagoen 2013an elkarrizketa sozialeko mahaitik “saldu ziguten kanpaina”, eraikuntzaren sektoreko lan osasuna eta segurtasuna bultzatzera bideratua. “Zortzi urte geroago, berdin jarraitzen dugu, prebentzio-neurririk jarri gabe jarraitzen dugu, presak, epeak eta abar nagusitzen dira, azken batean, lan-baldintza txarrak, prekaritatea nagusi da sektore honetan ere”.
"Administrazio publiko itsu, gor eta mutuak"
Beste behin, oinarrizko kausetan jarri dute fokua sindikatuek, “lanaren antolamendu eskasean edo ezean, eta eskubideak galarazten dituzten baldintza prekarioetan –zehaztu du LABek–. Errealitate da egunero ordaintzen ditugula langileok gutxi batzuen onurak osasunez, odolez eta, batzuetan bizitzaz. Patronala da arduraduna, baina ezin ditugu ahaztu administrazio publiko itsu, gor eta mutu horiek. Administrazioek arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute, behingoz eta lehentasunez”. ELAren hitzetan, “laneko prekaritateak eta prebentzioan inbertsiorik ez egiteak sufrimendua eta heriotza dakar. Prebentzioa produkzioaren aurretik jartzen ez bada, langile gehiago gaixotu eta hilko dira. Hori ezin da konpondu orain arte ezagutzen ez diren lan-ildoak aldatu gabe. Prebentzioaren arloko ez-betetzeak irmotasun handiagoz eta bitarteko handiagoz jazarri eta zigortu behar dira”.