Jose Angel Prenda 15 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Iruñeko talde bortxaketagatik. Nafarroako Justizia Auzitegiari igorritako gutun batean “damua” adierazi du eta bere espetxe-espedientean kontuan har dezaten eskatu.
Bost urtez kontrakoa defendatzen egon ostean, Jose Angel Prenda ‘La Manada’ko erasotzaileak lehen aldiz onartu du 2016ko Iruñeko sanferminetan emakume bat taldean bortxatu zutela. Nafarroako Justizia Auzitegiari gutun bat bidali dio kartzelatik eta, egindakoa aitortzeaz gain, “barkamena” eskatu dio biktimari. Hirugarren gradua lortzeko bidean, eskatu du gutunean erakutsitako “damua” bere kartzelako espedientean “kontuan hartzeko”.
2019an kondenatu zuten 15 urteko kartzela zigorrera eta, orain, Cadizeko Puerto III (Andaluzia) espetxean epearen laurdena igarota, irteera baimenak eskatzeko aukera du. Halere, dagoeneko bi aldiz ukatu dizkiote baimen-eskaerak. Ia ezinbestekoa izan ohi da lizentzia horiek eskuratzeko presoak “delitua aitortzea, biktimei barkamena eskatzea eta egindako mina lehengoratzea”.
Errugabetasunaren bertsioa aldatuta
Espainiako Auzitegi Gorenak bost gizon kondenatu zituen 2016ko talde bortxaketagatik, baina bostek euren errugabetasuna defendatu dute behin eta berriz. Ez hori bakarrik, biktimari leporatu diote “erasoa asmatu” eta “bost familia hondatu” izana “gezur batengatik”. Emakumeak “baimendutako sexu-harremanak" izan zirela babestu zuten epaiketan baita gerora ere. Azken gutun horrek, aldiz, kontrakoa erakutsi du.