Joan den ostiralean bete zen urtebete Ertzaintzak Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea indarrez hustu eta eraitsi zuenetik. Urteurrenaren karietara, ehunka herritar bildu ziren udaletxearen aurrean eta manifestazioa egin zuten, “Urte bat eta gero Kukutza bihotzean” lemapean.
Udaletxetik abiatu eta EAEko Justiza Lurralde Auzitegitik pasa zen martxa. Han epaituko dituzte gaztetxea hustu bitartean izan ziren istiluengatik inputatutako 75 lagun inguru, irailaren 27an.
Manifestazioa deitu zutenek “muntaia poliziala”-ren aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu zuten. Izan ere, Kukutzako kideek salatu dute epaitu behar dituzten pertsona horiek Ertzaintzak faltsututako atestatuetan biktima direla.
Informazio gehiago:
Irakurri Iñaki Carro Kukutzako abokatuari ARGIAn iazko urrian Urko Apaolazak egindako elkarrizketa.
Ikusi iazko desalojoan grabatutako Kukutza: auzoaren hiru eguneko okupazioaren kronika bideoa.