Ezkerrak gehiengoa du

Krabelinaren itzala

  • Portugalen izan berri diren hauteskundeetan bertako ezkerreko indarren aliantza eman da hango eskuinak gobernuan jarraitu ez dezan.

Xabier Letona @xletona
2015eko urriaren 27a
Ezkerreko Blokea da gehien hazi den alderdia Portugalen.

Iberiar Penintsula lurrikara txikia bizitzen ari da asteotan eta Europan begi asko jarri dira hona begira. Irailaren 27tik Kataluniako prozesuak hartu duen abiada hor da eta orain Portugalen izan berri diren hauteskundeetan bertako ezkerreko indarren aliantza eman da hango eskuinak gobernuan jarraitu ez dezan. Abenduaren 20an, halaber, hauteskunde orokorrak izango dira Espainian eta Podemos fenomenoari duela urtebeteko indarra ikusten ez bazaio ere, oraindik inork ez daki zer gerta litekeen.

    Euskal Herrian vinho verdea, jatetxe merkeak eta Grandola Vila Morenaren herrialdea da atlantikoko mendebaldekoa, edota hango inmigranteak azken hamarkadatan hainbatetan bidali dituena. Hortik aurrera arreta gutxi Portugali, autoz 4-5 ordutan bertan bagaude ere. Fisikoa baino distantzia bestelakoa da.

    Greziaren ondoren austeritatearen gerrikoa gehien estutu behar izan duen Europako herrialdea da 1974an krabelinen iraultza egin zuen hura. Hori da azken hamarkadetan Espainiarekin alderatuta izan duen aldaketa handienetakoa:  han iraultza batekin iratzartu ziren diktaduratik, Espainiak diktaduraren triskantzak estaliko zuen trantsizioari ekin zion bitartean. Mario Soaresen sozialdemokraziak lortu zuen ezkerreko iraultzaileen norabidea bideratzea, hango sozialismoa sozialdemokrazia bihurtuz eta sozialdemokrazia mozorrorik gabeko eskuina.

    Koalizioan aurkeztuta alderdi sozialdemokratak (PSD) eta kontserbadoreek (CDS) irabazi zituzten urriaren 4an parlamentua hautatzeko egin ziren hauteskundeak,   baina ez gehiengo osoz. Horra kalapita. 107 boto eskuinak eta 122 ezkerrak (PS, Ezkerreko Blokea eta PCP). Alderdi Sozialista atera da garaile nabarmen hauen artean (1,74 milioi boto, boto guztien %32,4), eta gehien hazi den alderdia Podemosen antz handiena duen Ezkerreko Blokea da (551.000 boto eta %10,2); komunistek 446.000 boto lortu dituzte, botuen %8,3.

Ezkerreko gobernurik ez

Kontua da inork gutxik espero zuela PSk Blokea eta PCPrekin bat egin zezakeenik, baina gertatu egin da eta joan den astean hiru indarrek Eduardo Ferro Rodrigues PSko ezker hegaleko buruzagia hautatu zutela Legebiltzarreko lehendakari. Gobernua osatzeko borondatea ere agertu dute ezkerreko hiru indarrek, baina Cavaco Silva (PSDkoa) Errepublikako lehendakariak PSDko Passos Coelo izendatu du Gobernuko lehendakari parlamentuko gehiengoaren aurka. Hau da, eskuindarrek ezingo dutela ezer aurrera atera Legebiltzarrean eta jarduneko gobernua izango dela datorren urtarrilera arte, Errepublikako lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin arte. PSko edo ezkerreko kontsentsuko lehendakari bat ateratzen bada, PSko gobernu lehendakari bat hautatuko da eta Portugalek austeritatearen aurkako borrokari ekingo dio, Blokea eta komunistak ezkerrera tiraka eta PS sozialdemokrazia klasikoari eutsi nahian. Lehendakari eskuindarra gailentzen bada, kohabitazio egoera korapilatsua sortuko da, honek nekez izendatu ahalko baitu berriz gobernu lehendakari eskuindarra. Baina filmaren zati hori nekez aurreikus daiteke orain.

G

Ikasgairik? Batzuk bederen izan daitezke: bat, PCPk ikusi du hobe dela saiatzea ezkerreko indarren artean Troikari aurre egitea, eskuinak Troikarena nahieran inposatzen jarraitzea baino. Bi, PSk ere nahiago izan du Portugaleko Syrizarekin bat egitea, epe ertainera PASOK izan baino. Hiru, Grezian gertatutakoa ikusita ezkerreko aliantzak nekez jokatuko du Syrizak bezala, Bruselari hain zuzenki aurre eginez. Eta lau:     horrela jokatuta, borrokatu nahi duen austeritateari aurre egiteko tarterik bada?

    Inork ez daki, baina Greziakoaren ondoren, badirudi EBko ezkerreko indarrek, gobernuetara iritsita ere, Bruselarekiko konfrontazio zuzena saihestuko dutela. Euren herrialdetako gudu handiak irabazi ondoren, aliantzen bidez Europar Batasuneko politikak aldatzea izan liteke geratzen den bideetakoa. Bidea bakarrik egitearen alternatiba gogorra da: hau da, herrialdea eurogunetik ateratzeko baldintzetara prestatzea, edozein herrialdetan beldurra eragiten duen alternatiba, baita ezkerreko populazioaren artean ere.

    Egoera gaitzen aurrean, nola eutsi, beraz, amets egin gabe? “Herria da gehien agintzen duena /Edozein txokotan, lagun bat / Aurpegi bakoitzean, berdintasuna...”

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Portugal

Portugal kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude