Kosk egiten ez duen tigrea

  • Erreketako tigre-burruntzia Europako burruntzi handienetakoa da. Gure lurretan, gainera, oso zabalduta dago eta erraza da erreka inguruetan ikustea, etengabe hegan, gora eta behera. Arra eta emea oso antzekoak dira, ia berdinak sexu-organoak alde batera utzita.


2024ko urtarrilaren 08an - 05:57
Argazkia: Iñaki Mezquita Aranburu.
Erreketako tigre-burruntzia (Cordulegaster boltonii)

Taldea: Ornogabea/Intsektua/Odonata/ Anisoptera

Neurria: 7-8 cm (ale batzuk handiagoak).

Non bizi da? Erreka inguruetan.

Zer jaten du? Ornogabeak: intsektuak, armiarmak…

Babes maila: Ez dago babestuta.

Ez duela kosk egiten adierazi dut hasieran eta hori ez dator bat zabaldu ohi diren istorioekin. Mendebaldeko kulturetan odonatuei (sorgin-orratzak eta burruntziak) deabruaren lagunak izatea leporatu zitzaien duela mende batzuk. Bere begi handiek eta gizakioi “begira” jartzeak sinesmen oker horretan asko lagundu zuten. Gizakion okerrak eta ahuleziak behatuaz bazuten deabruari zer kontatu gauean, horrek hortik aurrera jakin zezan non eraso egin pertsonok infernura bidean jartzeko. Zorionez, beste kultura batzuek (Ekialdekoak, batez ere: Japonia, Txina, India…) beste muturreko izakitzat hartu zituzten eta adorea, zintzotasuna, kuraia edo ausardiaren eredu izan dituzte, baita gaur egun ere. Odonatu espezie asko “baliogabeko” lekuetan bizi dira, badakizue “putzuak, urmaelak…, leku zikin eta eltxoz betetakoetan”, alegia. Leku horien benetako balioa ez dago, gaur egun, aldarrikatu beharrik, ezagupen minimo batzuk izanez gero, noski.

Tigre hegalarira itzulita, gure lurretan Cordulegaster generoak bi espezie ditu, oso-oso antzekoak, baina hedapenean eta behatzeko erraztasun mailan zerikusirik ez dutenak. Erreketako espezie honen hegaldia aparta da, oso gustukoa du baso bideetan, erreketatik gertukoetan, gora eta behera hegan aritzea. Jakina, bitartean harrapa ditzakeen intsektuz elikatuz doa: hegan egin bitartean, harrapakinak txikiak badira; edo pausatuta, tamaina dezenteko harrapakinak badira. Espezie honi sarritan leporatu zaio erle-jale espezializatua izatea, eta horrek ere ez dio mesede handirik egin, nahiz eta ezaugarri okerra izan. Eta salaketa okerra da oso, Erreketako tigre-burruntzia, gainontzeko odonatuak bezalaxe, intsektu “oportunista” baita. Tarteka erleak jaten ditu, bai, baina ez da espreski erle bila joaten. Guk letxuga bat jateagatik belarjaleak garela esatea bezala da hori! Ahal duena, harrapatzen duena, jaten du, beste odonatuak barne…

Bere kolorazioa beltza eta horia da eta bere begiak berdeak. Abdomena luzea da, zilindrikoa. Emeek arrautzak jartzeko obipositore ikusgarri bat dute, ezpata itxurakoa, eta miragarria da errekastoen ertzetako lokatz eta uretan arrautzak txertatzen ikustea, hegaldi bertikala burutzen duten bitartean, gora eta behera, zast-zast!  Arrautzatik ateratako larba erreka-hondoko lokatzetan ezkutatuta biziko da, azken azal-aldaketa burutu eta airea konkistatzen duen arte. Odonatu arrek ugaltze-aparatua bi zatitan dute, eta estalketa burutzerakoan “bihotz” irudi harrigarria osatzen dute emearen eta arraren artean. Baina tigre hau zaila da, oso zaila, horrelakoetan ikusi ahal izatea… Ez ordea hegan, uztailan eta abuztuan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: A ze fauna!
Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]


2024-03-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Ospea ez da beti ona

Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru eta lepo aldea urdinduak izan ohi ditu. Gainontzean, puntu beltz txikiz osaturik izaten du gorputza, baina bere... [+]


Kanpaiak nonahi

Taxonomia, espezieen ezaugarri txikienak kontuan hartuz bata bestearengandik bereiztea eta identifikatzea helburu duen zientziaren alorra da. Mila jatorri, mila izen arrunt, eta izen zientifiko bakarra baino ez. Lan zail bezain garrantzitsua da izenak adostea, espezie jakin... [+]


Eguneraketa berriak daude