Hitzordua astearte goizeko 08:00tan jarri dute, Behobiako Nazioarteko zubian. Etorkinekin izeneko harrera sarea, Ipar Euskal Herriko Sare Antifaxista zein EH Bai koalizio abertzalea dira deitzaileen artean.
"Euskal Herrian gorrotoa eta faxismoan oinarritutako mezu eta aldarriak onartzen ez ditugulako". Horra bihar Behobian elkarretaratzeko arrazoia –08:00tan Nazioarteko zubian–. Hain zuzen, eskuin muturreko Rassemblement National alderdiak jarririk du ordu berean hitzordua zubian, migranteen aurkako aldarria entzunarazteko. Hori horrela, kontra manifestaziora deitu dute hainbat eragilek. Tartean dira Biriatu-Hendaia-Urruñako EH Bai taldea, Etorkinekin harrera sarea zein Ipar Euskal Herriko Sare antifaxista.
Faxismoaren oztopatzeko asmoz, bertaratzeko deia luzatu diete herritar guztiei.
Urtarrilaren 14az geroztik, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko hainbat errepide hetsirik ditu Frantziako Poliziak, "terrorismoaren aurkako neurri" gisa aurkeztuz erabakia. Nola ez, etorkinen egoera are gogorragoa bihurtzen du horrek. Ez da jakina noiz arte iraunen duen neurriak.
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!