argia.eus
INPRIMATU
Kontra manifestazioa eginen dute Behobian, eskuin muturrak finkaturiko elkarretaratzearen parean
  • Hitzordua astearte goizeko 08:00tan jarri dute, Behobiako Nazioarteko zubian. Etorkinekin izeneko harrera sarea, Ipar Euskal Herriko Sare Antifaxista zein EH Bai koalizio abertzalea dira deitzaileen artean.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 15
Faxismoaren kontra buruturiko elkarretaratzeko irudi bat Jenofa Berhokoirigoin

"Euskal Herrian gorrotoa eta faxismoan oinarritutako mezu eta aldarriak onartzen ez ditugulako". Horra bihar Behobian elkarretaratzeko arrazoia –08:00tan Nazioarteko zubian–. Hain zuzen, eskuin muturreko Rassemblement National alderdiak jarririk du ordu berean hitzordua zubian, migranteen aurkako aldarria entzunarazteko. Hori horrela, kontra manifestaziora deitu dute hainbat eragilek. Tartean dira Biriatu-Hendaia-Urruñako EH Bai taldea, Etorkinekin harrera sarea zein Ipar Euskal Herriko Sare antifaxista.

Faxismoaren oztopatzeko asmoz, bertaratzeko deia luzatu diete herritar guztiei.

Urtarrilaren 14az geroztik, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko hainbat errepide hetsirik ditu Frantziako Poliziak, "terrorismoaren aurkako neurri" gisa aurkeztuz erabakia. Nola ez, etorkinen egoera are gogorragoa bihurtzen du horrek. Ez da jakina noiz arte iraunen duen neurriak.