Hondakin organikoak bereiztea derrigorrezkoa izango da 2024an Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatu osoan

  • Frantziako Gobernuko lehen ministroaren aldizkari ofiziala den Service-public.fr webak ohartarazi duenez, 2024ko urtarrilaren 1etik herritar guztiak daude derrigortuta beren hondakin organikoak bereizi eta konpostatzera. Bio-hondakinok zabor nahasientzako edukiontzi berde handian jaurtitzen harrapatutako herritarrak 35 euroko isuna ordaindu beharko du, hondakinak gaika sailkatzeko aginduak urratzeagatik.


2023ko maiatzaren 15ean - 00:59
Azken eguneraketa: 11:39
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Composteurcitizen.fr hedabide elektronikoak oroitarazi du zazpi hilabete barru indarrean jarriko dela familia guztiak konpostatzera derrigortzen dituen agindua, baina legea duela hiru urte ezarrita dago, 2020ko otsaileko 2020-105 legean, xahutzearen kontrako eta ekonomia zirkularraren aldekoan. Horren arabera, 2024ko urtarrilaren 1erako familia guztiek jada eskueran eduki behar dute etxeko hondakin biodegradagarri guztiak bereizteko sistema.

Lehen ministroaren aldizkari ofizialak 2022ko irailean zehaztu zuenez, “Herri Elkargoek proposatu beharko dizkiete hondakinak bereizteko baliabideak, bilketa berezi bat egiteko ontzi egokiak, banaka edo multzoka konpostatzekoak, eta abar. Soluzio asko daude bio-hondakinontzako, udalerrien izaeraren (hiriak, landa-eremukoak) eta familien bizilekuaren (apartamentua, etxe bakarra) arabera: familia bakoitzak bere ontzian konpostatzea, taldekako ontzietan egitea (eraikin, kale edo auzoka multzokatuta), bilketa berezi bat antolatzea [herri elkargoez ari da] ontzi handietan, enbalajeekin eta beirakiekin egiten den moduan…”

Auzokonposta egiteko etxolak Bordeleko auzune batean. (Argazkia: Composteur Citizen)

Hondakin organikoak sorlekuan bertan bereiztea jada derrigorrezkoa zen enpresa eta kolektibitateentzako, urtean hamar tona organiko edo 60 litro olio sortzen dutenentzako. Aurtengo urtarriletik derrigortasuna zabaldua zen urtean bost tona organikotik gora sortzen dutenentzako. Zazpi hilabete barru, etxebizitza guztietan izango da derrigorrezkoa gaikako bilketa eta organikoaren konpostatzea.


Hondakinen kudeaketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...