argia.eus
INPRIMATU
“Konpetentziak ezin dira ebaluatu unibertsitatera sartzeko proba batean; ikasleen jarraipena behar da horretarako”
  • Unibertsitatera Sartzeko Probaren (USAP) eredu berriari egingo diote aurre Hego Euskal Herriko milaka ikaslek, ekainaren 3tik 5era. Batxilergoko bi irakasle elkarrizketatu ditu ARGIAk: “Azterketa berria konpetentzien araberakoa bihurtu nahi dute, baina memorian oinarritua izaten jarraitzen du”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko maiatzaren 28a
"Orain dauden konpetentzia guztiak hartzen baditugu, ezinezkoa da azterketa bakarraren bidez ebaluatzea".

Oraindik ere hainbat desoreka gainditzeko gauza ez den hezkuntza sisteman, filtro lehiakorra eta baztertzailea da Unibertsitatera Sartzeko Proba, ahots kritikoen ustez. Aurten, azterketa eredua aldatzeko lehen urratsa eman dute, eta aldaketa horiez hitz egiteko elkarrizketatu ditugu Gasteizko Ekialdea institutuko Batxilergoko azken urteko bi irakasle: Peio Salazar (Matematika) eta Itsaso Zamaioa (Historia).

Ikasturtea aldrebes hasi zenuten. Azterketa berriko ereduak berandu iritsi ziren eta urduri zegoen hezkuntza komunitatea.

Peio Salazar: Bai, aurreikusten zelako aldaketa sakonak etor zitezkeela, eta itsuan aritu ginen hasieran.

Itsaso Zamaioa: Esan ziguten Gabonen bueltan aterako zituztela azterketa ereduak, eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleen urduritasuna irailetik hasten da, askok nota ona behar duelako; horri gehitzen badiogu ez genekiela etsamina mota berrien eredua nolakoa izango zen, ikasturte zati bat joan zitzaigun ezinegon horrekin.

Irailetik urduri, diozu. Badirudi Batxilergoko bigarren maila osoa bideratuta dagoela proba hau prestatzera.

Salazar: Batzuk ez dira joango unibertsitatera, batzuek Lanbide Heziketa hautatuko dute, baina zoritxarrez, oraindik ere unibertsitatera oso bideratutako ikasturtea da, bai. Halere, aitortu behar da proban sartzen dena eta bigarren mailako curriculumean agertzen dena ia berdina dela, eta hortaz, uztargarriak direla.

Zein dira azterketa eredu berriko aldaketa nagusiak?

Salazar: Matematikan, aldaketa handiena da iaz egon zirela lauzpabost buruketa eta buruketa bakoitzean zeudela bi azpi-buruketa, horietako bat aukeratzeko, eta orain, horietako batean ezin izango dela aukeratu, buruketa itxia izango dela. Nolabait, aukera gutxiago dago nota oso ona ateratzeko, horretarako aukera bat kendu delako. Baina formatua, buruketa motak eta gainerako guztia, bidali zaigun zirriborroan, berdin mantendu da.

Zamaioa: Historiako azterketari dagokionez, bi arlotan banatuko nituzke aldaketak. Batetik, orain arte egin den selektibitate azterketan bi eredu zeuden, ikasleek aukeratu zezaketen bloke bat edo bestea egitea, gaitegi erdia ikas zezaketen. Orain, gaitegi osoa sartzen da. Guk beti landu dugu gaitegi osoa, beraz, guretzat erraza izan da eredu berrira egokitzea, irailetik ikasturteko plana hala genuelako aurreikusia, baina badakit beste institutu batzuetan ikasturtean zehar gaitegi erdia lantzen zutela lanen bidez, eta beste erdia ikasten zutela azterketara begira, horientzat aldaketa handiagoa izan da.

Bestetik, azterketa eredua nolabait nahi izan dute konpetentzietan oinarritutakoa bihurtu. Lehen, 12 gai eta 24 testu-iruzkin ikasten zituzten eta azterketan gai bat eta iruzkin bat sartzen ziren; orain, gaia ez da garatzen eta kausak eta ondorioak galdetzen dira. Ideia ez da txarra, baina galderak esan dizkigutenez, memorian oinarritutakoa izaten jarraitzen du, ikasleek badakitelako gai bakoitzaren zein epigraferi egingo dion erreferentzia galderak, eta beraz, badakitelako zein epigrafe ikasi behar duten. 1936ko gerraren inguruan adibidez “1936ko gerraren kausak” eta “1936ko gerraren ondorioak” ikasi dituzte.

Testu-iruzkina aurrekoetan bezala mantentzen da azterketan, eta hori ere memorian oinarritutakoa da, ez da aldatu.

Galdera berri bat dago, konpetentzien araberakoa izaten saiatzen dena, baina ez du guztiz lortzen: ikasi beharreko 24 testu-iruzkinen bildumatik testu-iruzkin bat jarriko dute bost akatsekin, eta bost akatsak aurkitu behar dituzte.

"Ezin dugu ahaztu azterketa honen emaitza dela nota numeriko bat, eta inon ez dago ezarrita konpetentzia bakoitzak zenbat balio duen"

Beste ikasgaietan, Matematikan bezala, aldaketa nagusia da hautatzeko aukera murrizten dela, ezta?

Salazar: Ekonomian, Fisikan, Kimikan… behintzat, halaxe gertatu da. Aukerak apur bat txikitu dira.

Pixkanaka, konpetentzietarako biraketa egin nahi du azterketak, nola ikusten duzue?

Salazar: Konpetentziak ebaluatzeko jarraitutasuna behar da, ikasleen segimendua egin behar da. Egun bateko azterketa batean ezin dira konpetentziak ebaluatu, guztiz ilogikoa da. Gaur egun, eta teorian, Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino, baita sarri unibertsitatean ere, konpetentziaka ebaluatzen da, horretarako daude lanak, aurkezpenak eta beste. Baina bat-batean ebaluatu nahi da ordu eta erdiko azterketa batean ikasleak urte osoan bereganatu duen jakinduria, konpetentziaka. Ez du zentzurik eta ezinezkoa da, ez dute lortuko.

Zamaioa: Orain dauden konpetentzia guztiak hartzen baditugu, ezinezkoa da azterketa bakarraren bidez ebaluatzea. Konpetentziak partzialki agian bai, osotasunean ez.

Salazar: Hori da, oso prozesu luzea da.

Baina hori da azterketa eredu berriak egin nahi duen bidea, ezta?

Salazar: Helburu bat izan daiteke, baina horretarako sistema osoa aldatu behar duzu. Zientzien kasuan, konpetentzia zientifikoa egin daiteke buruketen bidez, baina beste konpetentzia batzuk ere ebaluatzen dira Matematikan, adibidez, konpetentzia soziala, digitala, idazketarena… Lehen aipatu bezala, agian konpetentzia batzuk bai ebaluatu ahal izango dituzu azterketa honen bidez, baina beste batzuk ez.

Zamaioa: Gainera, ezin dugu ahaztu azterketa honen emaitza dela nota numeriko bat, eta inon ez dago ezarrita konpetentzia bakoitzak zenbat balio duen. Tira, Batxilergoan ere, ikasturtean zehar konpetentzien araberako ebaluazioa egin arren, bukaeran zenbaki bihurtu behar duzu, batez besteko horiek kontuan hartuko direlako ondoren bai Lanbide Heziketan, bai unibertsitatean sartzeko.

Aurrera begira ereduan aldaketa handiagoak espero dira?

Zamaioa: Historiako ikasgaiaren kasuan, aurrekoan esan ziguten ereduak gero eta gehiago joango direla konpetentzietan oinarritzen. Asmoa hori da, baina ez dakigu nola. Berez, lantaldeak daude horretan lanean, baina nik zaila ikusten dut.

Eta esandakoa, inon ez dago ezarrita konpetentzia bakoitzak duen balioa, eta unibertsitatera sartzeko probak nota bat behar duen heinean, bakoitzaren pisua zehaztu behar duzu, zeren nota horrek emango baitizu gradu batzuetarako sarbidea edo ez.

Ze punturaino uzten die azterketa eredu berriak autonomia nahikoa erkidegoei, eduki propioak lantzeko?

Salazar: Erkidego bakoitzeko unibertsitate publikoak prestatzen du azterketa, eta askatasuna du, salbu zehaztuta datozen curriculum zatietan. Matematikan, esate baterako, curriculumaren %60 estatuak zehazten du eta %40 erkidegoak, baina beste erkidego batzuetako azterketak ikusi izan ditudanean, ia berdinak dira guztiak, Matematikan behintzat ez dago apenas alderik.

Zamaioa: Historian bai, baditugulako gaiak Euskal Herriari lotuak, baina lantzen da “Frankismoa Euskal Herrian”, “Espainiako gerra zibila Euskal Herrian”… Muga hori ez da aldatu oraingoz.