Kobanegaz senidetuko da Durango

  • Michel Allison Kurdistango kongresuko emakumeen ordezkariari harrera egin diote Durangoko udaletxean, eta Kobane hiri kurdua Durangogaz senidetzeko lehen pausoa izan da. Duela pare bat hilabete, Durangaldeko zazpi lagun Kurdistanen egon ziren, eta hortik dator ekimena. Emakume kurduen borrokagaz lotuta, herri ahizpak izango dira anaiak beharrean. Bonbardatuak ere badiren Elorrio, Otxandio eta Gernikako herriek babesa erakutsi diote ekimenari.


2016ko ekainaren 30an - 16:02

Estaturik bako munduko herri handiena da Kurdistan, Turkia, Siria, Iran eta Iraken baitan zatitu zutena. Azkenaldian, Estatu Islamikoari (EI) aurre egitearren sona hartu dute, eta Siriako partean dagoen Kobaneko erresistentzia da adibide. Borrokaren eraginez, EIk hiria suntsitu zuen.

Allisonek eskerrak eman ditu egindako "harrera beroagatik". Azken 12 hileetako gatazkan, 7.000 lagun hil direla kontatu du, gehienak kurduak. Frankisten bonbardaketekin alderatu du: "Hemen orain 80 urte gertatu zena gertatzen dabil orain Kurdistanen". Elkartasun mezu horri heldu dio Aitziber Irigoras alkate durangarrak: "Zuen samina gertukoa da guretzat". Kobane berreraikitzen laguntzeko eta hango egoeraz informatzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, euskal preso gaixoak askatzea eskatu du Allisonek: "Europako estatu demokratiko batetik espero daitekeena da Gorka Fraile bezalako preso gaixoak askatzea. Arazo politikoa humanoa ere bihurtzen da".

Ekitaldian Miren Urigoitia zinegotzi otxandiarra eta Idoia Buruaga alkate elorriarra ere egon dira. Buruagaren ustez, aberasgarria izango da senidetza, memoria egiteko ere. "Askotan ahaztu egiten zaigu Euskal Herrian bizi izan duguna".

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kobaneren erresistentzia
2020-06-26 | Axier Lopez
Kobaneko alkate ohia eta mugimendu feministako beste bi kide hil ditu Turkiako Gobernuak

Ekainaren 23an Turkiako drone batek Kobaneko eskualdean bonbardaketa egin eta hiru emakume kurdu hil zituen: Hebun Mele Xelil, Zehra Berkel eta Emine Veysi. Kobane Herriarekin elkartasuna lantzen duen Durangoko Suargi elkarteak atsekabea adierazi du. Izan ere, hildakoetako bat,... [+]


2020-03-01 | Karlos Zurutuza
Kurdistan, Rojava
Amesgaiztotik ezin esnatu

Ehunka hildako eta ehunka milaka iheslari utzi ditu Turkiaren azken erasoaldiak Rojavan. Giza krisia handitu heinean, galderak ere pilatzen hasiak dira Siriako kurduen etorkizunaz.


2019-11-27 | Dabi Piedra
Kurduen kemenaren oihartzuna

Kurdistango Rojava eskualdean Turkiak hasi duen eraso militarrak kulturari ere eragin dio. Daesh beren lurretatik bidali eta gero kurduek martxan jarritako gizarte demokrata, berdinzale eta anitzaren zutabe nagusietako bat da kulturaren sustapena. Militar turkiarren mehatxuak... [+]


2017-11-16 | ARGIA
Milaka lagunek Ocalan askatzeko eskatu dute Kobanen

Turkiako Gobernuari eskatu diote berehala argitu dezala Abdullah Ocalanen osasun egoera. Ocalan Imrali uhartean dago espetxeratuta 1999tik.


Eguneraketa berriak daude