Karlos Zurutuza: “Konturatzen ari naiz Kobaneko gatazka uste baino askoz larriagoa izan daitekeela”

  • Euskal Herrian dago berriro Karlos Zurutuza kazetari freelance-a, Afganistanen, Sirian eta Kurdistanen ibili ostean. Info7 irratian hitz egin du kurduen egungo egoeraz eta Estatu Islamiarraren aurkako borrokaz.


2014ko azaroaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
“Turkiak jihadistei bide eman zien Sirian sartzeko, baina egoera eskuetatik joan zaio. Bere helburua ez zen izango Estatu Islamiarra sortzea”. (Arg: Karlos Zurutuza)

Orain denen ahotan dagoen herrialdea bada ere, Zurutuzari duela hamahiru urte piztu zitzaion Kurdistanenganako jakinmina, “kazetaririk ez dagoen tokietara joateko joera bitxia” daukalako. Hori dela eta, ondo ezagutzen ditu kurduen lurraldea, Gobernua eta egun jihadisten aurka bizi duten gudua.

Rojava eskualdeko Jazeera kantoia bisitatu du Zurutuzak 2012tik, eta han “esperimentu demokratiko batekin” topo egin duela dio. “Demokrazia erradikala izeneko kontzeptuan oinarritzen da hango Gobernua. Demokrazia errepresentatiboa da, herritik oso gertu dagoena eta horizontaltasunean oinarritzen dena”.

Etnia guztietako ordezkariak onartzeaz gain, generoen arteko parekidetasuna ezinbesteko baldintza da kurduen Gobernuan. “Beraiek oso barneratuta dute hori. Tamalez, Rojava oasi txiki bat da Ekialde Hurbilean”. Hango eredua hemen izatea gustatuko litzaiokeela aitortu du kazetariak.

Turkiak Sirian esku hartu nahi zuen Anaia Musulmanen bitartez, eta laguntza eman zien bertan sartzeko. Orain, ordea, Turkia “bakarrik” geratu dela uste du Zurutuzak: “Jihadistei bide eman zien Sirian sartzeko, baina egoera eskuetatik joan zaio. Bere helburua ez zen izango Estatu Islamiarra sortzea”.

Kobane Rojava eskualdeko beste kantoi bat da. Hor ere beraien autogobernua zeukaten, baina Estatu Islamikoak bereganatuz gero “esperimentu demokratikoak kolpe gogorra” jasoko lukeela dio Zurutuzak. “Kobane barruan ez dago kazetaririk, eta zalantza daukat iristen zaigun informazioa ez ote den baikorregia”. Gatazka hori uste baino “askoz larriagoa” izan daitekeela onartu du.

Kobane eroriko balitz, kurduek Turkiaren aurkako neurriak hartuko lituzketela dio Zurutuzak. “Oraindik ez da bake prozesurik egon. Kurduek eskatu zaien dena bete dute, Turkiak ez”. Berez su-etenean dauden arren, “ofizialki su-eten hori hautsita” dagoela esan du.

“Hala ere, Kobanekoa oso tristea izan arren, kurduen auzia plazaratzen lagundu du, eta konturatu gara agian beraiena dela eredu demokratiko bakarra”.

Informazio gehiago ARGIAren Kurdistani buruzko kanalean.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kobaneren erresistentzia
2020-06-26 | Axier Lopez
Kobaneko alkate ohia eta mugimendu feministako beste bi kide hil ditu Turkiako Gobernuak

Ekainaren 23an Turkiako drone batek Kobaneko eskualdean bonbardaketa egin eta hiru emakume kurdu hil zituen: Hebun Mele Xelil, Zehra Berkel eta Emine Veysi. Kobane Herriarekin elkartasuna lantzen duen Durangoko Suargi elkarteak atsekabea adierazi du. Izan ere, hildakoetako bat,... [+]


2020-03-01 | Karlos Zurutuza
Kurdistan, Rojava
Amesgaiztotik ezin esnatu

Ehunka hildako eta ehunka milaka iheslari utzi ditu Turkiaren azken erasoaldiak Rojavan. Giza krisia handitu heinean, galderak ere pilatzen hasiak dira Siriako kurduen etorkizunaz.


2019-11-27 | Dabi Piedra
Kurduen kemenaren oihartzuna

Kurdistango Rojava eskualdean Turkiak hasi duen eraso militarrak kulturari ere eragin dio. Daesh beren lurretatik bidali eta gero kurduek martxan jarritako gizarte demokrata, berdinzale eta anitzaren zutabe nagusietako bat da kulturaren sustapena. Militar turkiarren mehatxuak... [+]


2017-11-16 | ARGIA
Milaka lagunek Ocalan askatzeko eskatu dute Kobanen

Turkiako Gobernuari eskatu diote berehala argitu dezala Abdullah Ocalanen osasun egoera. Ocalan Imrali uhartean dago espetxeratuta 1999tik.


Eguneraketa berriak daude