Koalizio handia errepikatzeko aukera ikusten da Alemanian: Merkel eta Schulz ados jarri dira

  • Alemaniako hauteskundeetatik lau hilabete pasa direnean iritsi da kontserbadoreen eta sozialdemokraten arteko akordioa: koalizio handiak datozen urteetan Alemania gobernatzen segitzeko aukerak gertuago daude.


2018ko otsailaren 7an - 10:22
Angela Merkel eta Martin Schulzen arteko akordioak SPDko kideen langa pasa beharko du orain.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Angela Merkel Alemaniako kantziler kontserbadoreak eta Martin Schulz sozialdemokratak lortu dute akordioa. Der Spiegel astekariak eman du berria asteazken goizean.

Astekari alemaniarrak negoziazioetan parte hartzen ari diren iturriak aipatuz argitaratu duenez, alderdi bakoitzak kudeatuko dituen sailak argitu dituzte: SPD alderdi sozialdemokrataren esku egongo dira Atzerri Ministerioa eta Finantza eta Lan Ministerioa.

Berez, joan den igandea jarria zuten muga gisa bi alderdiek negoziazioak burutzeko. Astelehena eta asteartea azken aukera gisa aurreikusi zituzten, baina azkenean asteazkenera arte luzatu da sokatira.

Negoziazioak luzatzearen atzean SPDren zenbait eskari egon dira, hala nola, lan kontratuen inguruan edo botiken inguruan egindako zenbait eskari zehatz. Analistek azaldu dutenez, sozialdemokratek mota horretako eskariak indartu dituzte alderdiaren ezkerreko sektoreen kritikak apaltzeko, Merkelekin gobernua partekatzearekin denak ez baitaude ados SPDn.

Akordioa erdietsita, sozialdemokraten babesa izango da hurrengo langa Alemanian gobernua osatzeko: SPDko 450.000 kideek babestu beharko dute akordioa eta hiru asteko tartean ikusiko da babes nahikorik baduen.

Negoziazioak direla-eta, Merkelek bere nazioarteko agenda aldatu behar izan du: Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroarekin biltzekoa zen asteazken eguerdi honetan eta bilkura arratsaldera pasa dute, Der Spiegelen arabera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Alemania
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!