Kazetaririk gabeko albisteak egiten hasiko da RTVE

  • RTVE Espainiako hedabide publikoak EFE agentzia multinazionala kontratatu du, lehiaketa publiko baten bidez, albisteak idazteko zerbitzu berri bat garatzeko: albisteak sortzea kazetaririk gabe, adimen artifizialaren bitartez.

Robot eta gailu adimentsuen erabiltzea bizitzaren esparru guztietara heltzen ari da.

2020ko otsailaren 11n - 13:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

EFE Agentzia izan da irabazlea duela aste batzuk Radiotelevisión Españolak albisteak idazteko eta argitaratzeko zerbitzu berri bat sortzeko lehiaketan, El Independiente hedabideak zabaldu duenez. Hala, adimen artifizialaren bitartez, albisteak sortzeko EFEk garatu duen aplikazioa probatuko dute 60 egunez. Emaitzak RTVEren gustukoak izanez gero, 12 hilabetez luzatuko den bigarren fase bati ekingo diote. Helburua da "albiste tankera duten HTMLz idatzitako testu naturalak" sortzea.

Adimen artifizial bidezko lehenengo artikuluak futbol partiduei buruzkoak izango dira, Espainiako Ligako Bigarren B mailako norgehiagoken inguruan, Espainiako Futbol Federazioak ematen duen informaziotik abiatuta.

Garapena, kazetaritza hobetzeko ala mozkinak handitzeko?

The Washington Post-ek Heliograf izeneko robota jarri zuen martxan 2017an, eta ordutik politikaz edo kirolaz albisteak sortzen ari da. Gailu adimentsuz inguratuta bizi garen garaiotan, adimen artifizialaren erabilera geratzeko heldu da kazetaritzara. Kontua da horren erabilera ea kazetaritza eta kazetarien lana hobetzeko baliagarria izango den ala enpresarien kostuak murriztu eta etekinak handitzeko teknologia bat gehiago besterik ez den izango.

"Ez dute aztertzen, ez dute interpretatzen, datuak ordenatzen dituzte", EHUko filosofo eta informatikari Rodrigo Agerriren ustez. Esther Paniagua kazetariaren aburuz, adimen artifiziala praktikan jartzen denean, "hedabideek egin behar dutena da, gutxienez, irakurleari ohartaraztea albiste hori makina batek egin duela". The Guardian egunkariko Paul Chadwick kazetariak, kazetaritzaren eta adimen artifizialaren arteko harremanari buruzko artikulu batean, klausula berri bat proposatu zuen hedabideen kode etikoari gehitzeko. "'Pentsatzen' duten programak gero eta erabilgarriagoak dira, baina ez dute nahitaez informazioa modu etikoan jasotzen edo prozesatzen, beraz, kazetaritza egiteko adimen artifiziala erabiltzen dugunean, kontuan hartu behar dugu kode horren balioekin bateragarriak izatea".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2025eko urriaren 16
Berriketa gutxi
Risottoa

2025eko irailaren 29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

Eguneraketa berriak daude