Katalunian militarki esku hartu behar zela esan zuen jenerala Nafarroako gobernuaren aurka

  • Juan Antonio Chicharro erreserbako jeneral espainiarrak adierazi du Vianako Printzearen sari banaketara Espainiako erregea ez gonbidatzeak erakusten duela ETA oraindik ez dela garaitua izan.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate
2016ko urtarrilaren 08a
Juan Antonio Chicharro jeneralaren esanetan mota horretako erronkak, “ezin dira erantzunik gabe geratu”.

Rafael Davila, Espainiako armadako beste jeneral baten blogean idatzitako artikuluan, Chicharrok Nafarroako Gobernuaren erabakia ETAren “biziraupenarekin” erlazionatu du: “Sumindu egiten nau politikariek ETA garaitua izan dela errepikatzen dutenean. Lehenik eta behin, ez ditu armak entregatu eta ez da desegin. Bigarrenik, badirudi eurek agintzen dutela Nafarroan eta erregea bera ere bere erreinuak bistatzea debekatzeko gai dira”.

Hori gutxi balitz Nafarroako Gobernua iraindu du Vianako Printzearen Kultura sariei erreferentzia eginez: “Nondik noraino bereganatu dezakete mota honetako ekimen bat Nafarroako Gobernuko buru diren txoriburu horiek”. Kataluniako aferarekin bezala, mehatxu egin du Jeneralak. Bere ustetan mota horretako erronkak, “ezin dira erantzunik gabe geratu”.  Chicharro kexatu da irtenbideren bat aurkituz gero ere “behin-behinekoa” izango dela ez baldin bada “zilegitasun historikoaren justizia” ezartzen.

Jeneralaren esanetan, antzina Nafarroan, “leinu baskoiarekiko maitasuna” bat eginda joaten zen “espainiartasun bizienarekin”. Gaur egun, ordea, hori egitea “ausarkeria” dela dio, “matonismoa” nagusi delako. Artikuluan jeneralak ideologia karlista eta tradizionalaren zalea dela adierazi du.

Ez dira jeneralak egindako lehen adierazpen polemikoak. 2013an Espainiako Armadaren konferentzia baten adierazi zuen Katalunian militarki esku hartzea justifikatuta legokeela, “konstituzionaltasunaren defentsaren arduradunak ez balira behar bezala arituko”. Adierazpen horiengatik, dimisioa ematera derrigortu zuten neutraltasunik ez erakustearren.

Geroa Baik adierazpenak arbuiatu ditu

Geroa Baik atzera egiteko exijitu dio jeneralari, eta bai berari eta blogeko arduradunari barkamen eskatzeko. Geroa Baik adierazi du jeneralaren adierazpenak lekutik kanpo daudela, eta onartezina dela gobernu batek hartutako erabaki demokratikoa “ETA bezalako erakunde batekin lotzea”.

Alderdiaren ustez, irainetatik haratago, adierazpenok jeneralak Nafarroarekiko duen ezjakintasunaren erakusle dira. Horrezaz gain, Geroa Baik iritzi du irainak ez direla soilik alderdiari zuzenduak, nafar guztiei baino, hauek aske eta demokratikoki adierazi zirelako maiatzaren 24ean.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Aldaketa politikoa Nafarroan kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude