Julietaren titia eta tradizio turistikoen asmazioak

  • Julietaren titia ukitzean sortu zaizkidan emozioak kontatzera nator. Ez, ez zen silikonazkoa, baina haragizkoa zenik ere ez nuke esango. Benetakoak ez baziren, guztiz gezurretakoak zirenik ere ezin esan, mundu bat batu baikinen bere etxean eskua bularrean jarri eta ukitu beharrekoa ukituz erretratatzera.


2019ko urriaren 02an - 15:26
Julietaren estatua Veronan. Argazkia: Oier Araolaza

 

Verona: Piazza delle Erbe

 

 

Verona, Piazza delle Erbe. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

 

Orain urte batzuk Veronan izan ginen eta hiri errenazentista zoragarri batekin maitemindu ginen. Dozena bat urtera itzuli gara eta oraindik ederrago aurkitu dugu, baina Julietaren etxearen iruzurrak hartu duen dimentsio erridikuluaz harrituta geratu naiz. Erromatar garaiko, Erdi Aroko eta Berpizkundeko aztarna eta monumento zoragarriz beteta dagoen hiri liluragarrian, Romeo eta Julietaren ezinezko maitasunaren ustezko eszenatoki izan zen etxea atrakzio turistiko nagusi bihurtu da, eta Julietaren titia ukituz argazkia egitea hiriaren bisitari guztiek bete beharreko derrigorrezko errituala.

Verona

 

 

Verona, 2019-08-12. Argazkia: Oier Araolaza CC BY-SA

 

 

Ez utzi egiari istorio polit bat izorratzen

Verona Romeo eta Julietaren istorioaren antzokia izatera mugatzen du publizitate turistikoak. Erromatar garaiko antzoki, zubi eta opera-ikuskizun handiak eskaintzeko baliatzen den arena erraldoia, edo Erdi Arotik berpizkundera bitarteko katedral, jauregi, kale eta dorretxe ikusgarriak itzalean geratu dira Veronan.

Verona: Arena

 

 

Verona, Arena. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

 

Verona: Piazza delle Erbe

 

 

Verona: Piazza delle Erbe. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

 

Egunero milaka turista iristen dira Italiako iparraldeko hirira helburu bakarrarekin: Julietaren etxera joan eta bere titia ukitu. Propagandaren arabera maitasun egiazkoa aurkitzeko falta zaizun zorte beroa emango dizu Julietaren titi hotza ukitzeak. Hala ere, argazkia egin eta bertan izan garela erakustea nahikoa motibo da, maitasuna hitz larria baita oporretarako. Titia ukitu eta hala ere maitasuna aurkitu ez izan arren, inork ez du erreklamaziorik jartzen iruzur egin diotelakoan. Eta modu berean, inor ez da kezkatzen Julietaren etxea Hansel eta Gretelen txokolatezko etxea bezain egiazkoa eta gezurrezkoa delako. Shakespearek Veronan kokatu zuen Montesco eta Capuletotarren arteko ezinikusiak girotutako maitasun historia, baina hortik Julietaren titiraino dena da asmatua.

Verona: Julietaren estatua

 

 

Verona, Julietaren etxea. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

Gezurrezko etxea, gezurrezko balkoia

Julieta Capuleto fikziozko pertsonaia benetako mito argazkigarria bihurtzeko gezurrez gezur eraikitzen joan da turismo-atrakzioaren eskilara. Shakespearek asmatu bazuen, zergatik ez besteok? Hasteko, gezurra da Montesco eta Capuletotarrak Veronan bizi izan zirenik. Ez dago hori frogatzen duen inolako testigantzarik. Shakespearen istorioari lekukotza historikoa eman nahirik historiagileak lanean jarri zituzten Veronan, eta dokumentazioa eta harriak, denak jarri zituzten hankaz gora arrakastarik gabe, ez baitzuten aztarnarik aurkitu.

Verona: erromatar antzokia

 

 

Erromatar antzokia Veronan. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

 

Ez zuten amore eman ordea, eta Dal Capello familiaren XII. mendeko etxea hautatu zuten Julietaren mitoaren egoitza izateko. Verona zaharrean, Piazza delle Erbe ederretik gertu kokatuta, "Dal Capello" horrek "Capuleto"rekin zuen antzekotasuna aski izan zen Julietaren familiaren, eta beraz, Julietaren etxe izendatzeko.

Verona: Julietaren etxeko ataria

 

 

Julietaren etxeko ataria, Verona. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

 

Hurrengo pausoa balkoia jartzea izan zen. Ez, etxeak ez zeukan balkoirik. Baina Romeoren bisitak Julieta balkoian zela irudikatu izan dira eta iruditeriarekin bat etortzeko etxeari balkoia jarri zioten 1930eko hamarkadan. Beraz, Julietaren gezurrezko etxean, Julietaren gezurreko balkoia bisitatzen dute egunero milaka turistek. Ondoren, balkoiaren aurrean Julieta irudikatzen duen brontzezko estatua zutitu zen. Brontzea urteekin iluntzen joaten da, baina halako batean, Julietaren eskuineko titia ukitzeak maitasunean zori ona izatea ekarriko zuela zioen zozokeria zabaldu zen. Orain, munduko titi ukituena da Julietetarena eta gainontzean beltzituta dagoen brontzezko bularra garbi eta distiratsu ageri da etengabeko igurtziei esker.

Julietaren titia ikutzen

 

 

Turistak Julietaren titiak ukitzen. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

Hemen izan naiz

Julietaren etxe faltsuaren balkoi faltsura igo eta argazkia bertan ateratzea ere posible da gaur egun. Zer dira ba 6€ literatura unibertsalaren ikono nagusietako baten jatorrizko "etxean" zure burua jartzearen truke? Sarrera horrekin etxea eta museoa ere ikus daitezke, baina sarrera ordaintzen duten gehienentzat ikusi beharreko kontu bakarra nork bere buruarena da. Nahiz eta Julietaren balkoi azpian, Romeo gorteiatzen baino, Manolo dagoen, mugikorrarekin argazkia egiteko prest, inguruan ehunka turista txandaren zain dauden bitartean.

Julietaren etxearen patioa

 

 

Julietaren etxeko ataria Veronan. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

 

Patioan sartzeko ilada egin behar da, uholdeka iristen baitira mundu osoko bisitariak Veronako atrakzio nagusira, baina hori ez da ezer behin barruan, balkoiaren aurrean eta souvenir dendan dabilen jendetzarekin konparatuta. Balkoia eta Julieteta ongi daude, baina garrantzitsuena han egon naizela frogatzen duen bihotz formako giltzaria erostea da. Inori ez zaio ajola dena faltsua izatea, garrantzitsua norbera bertan egon dela erakustea baita, eta beraz, Julietari titia ukituz eta balkoira igota argazkia egin, eta souvenir bat erosteaz gainera, ezinbestekoa dena zure arrastoa bertan uztea da. Horretarako souvenir dendan eros dezakezu zure maitasuna lotuko duen kandadua eta han bertan lotuta utzi beste milioikarekin batera, edo Julietaren etxera sartzeko tunel-pasabidearen hormetan zure poema antologiako perlarik preziatuena itsatsita utzi post-it batean: Mariene x Segio.

Julietaren etxea sarrera tunela

 

 

Julietaren etxeko sarrera tunela, postitetan idatzitako maitasun mezuz beteta. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

Egiazkotasunaren negoziaketa

Antropologoek diotenez objetu baten autentizitatea, benetakotasuna, ez da objetuaren beraren berezko propietatea, baizik eta negoziatu egiten den ezaugarria. Tradiziozko festa, musika eta dantzei buruz ari direla azaltzen dute kontzeptu hori Comarofftarrek adibidez. Hemen asmakuntza turistiko baten adibidea ikusi badugu, esandako kontu guztietan aldatu tokia eta gaia eta gainontzeko guztiak berdin funtzionatzen du: dela danborrada, San Ferminetako janzkera zuria zein erraldoiak edo pintxo-kultura delakoa. Negoziaketa horren baitan, unibertsalki saltzeko modukoak eta aldi berean herriarekin lotzeko modukoak diren ezaugarri batzuk hautatu, merkantzia bihurtu, eta ustez komunitatearen identitatearen nahitaezko osagai moduan saltzen eta ugaltzen dira. Ekonomia, ergela, ekonomia!

Verona

 

 

Verona. Argazkia: Oier Araolaza - CC by-sa

 

 

  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismo masiboa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


Pisu turistikoak debekatu ditzakete bizilagunek, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez

Donostiako eta Oviedoko bi eraikinetan izandako arazoak direla eta, epaileek auzokoen erkidegoen esku utzi du pisu turistikoak debekatzea. Hala ere, beharrezkoa izango da debekua eraikineko etxebizitzen-estatutuan jasota egotea.


Tasa turistikoa aplikatzeko lehen urratsak ematen ari da Jaurlaritza

Estatu mailan tasa turistikoa erkidego gutxik jarri badute ere indarrean, mundu mailan dagoeneko 137 hiri turistikotan kobratzen dute zerga hori.


Turistifikazioaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute Donostian

Hiritarrek salatu dute turismo jarduerak hirian “gehiegizko bolumena eta pisua” hartu duela. Halaber, egoera “desazkunde turistikorantz” bideratzea aldarrikatu dute, “kalteak handitzea eta iraunkortzea” ekiditeko.


Eguneraketa berriak daude