Euskal pentsamenduaren ur-jauziak Donostia hartuko du hiru egunez

  • “Joxe Azurmendi: euskal pentsamenduaren ur-jauzia” kongresua asteazken honetan abiatuko da Donostian. Hiru egunez, Zegaman jaiotako filosofoaren obra aztertuko dute hainbat adituk San Telmo Museoan egingo diren jardunaldietan.


2019ko abenduaren 11n - 07:37
Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) ezinbesteko erreferentzia da Euskal Herriko pentsalarien artean eta haren ibilbidea aztertuko dute Donostian asteazken honetatik aurrera (argazkia: EHU).

15:00etan irekiko ditu ateak Joxe Azurmendiri buruzko kongresuak eta programa bete-betea antolatu dute. Badago zertaz jardun, datozen hiru egunotako hitzaldiek filosofoaren obra oparoan barrena bidaiatzea proposatzen baitute, gehien ezagutzen zaizkion jakintza-esparruez gain –Euskal Herriaren nazio-auzia sakonen aztertu duen pentsalarietakoa da–, haren ibilbidean gutxixeago aipatuak izan diren arren, mami handikoak diren alorrak jorratuz –kooperatibismoa, pentsamendu soziala–.

Kongresuaren erronketako bat, hain zuzen, Azurmendiren ekarpena gaur egungo begiradatik aztertzea da, ez baita alferrik, antolatzaileen esanetan “Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena”. Filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai Azurmendik orain arteko bere ibilbidean, unean uneko kezkei erantzunez sarri, baina haiek arnasa luzeko gogoeta teorikoetara eramanez. 41 liburu eta ia 500 artikulu dira lan horren emaitza begi-bistakoena.

Ez bakarra, ordea, Azurmendiren lan handi horrek eskola ere sortu baitu: ondoren etorri diren euskal pentsalarientzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu da, kongresuan hitz egingo duten 50 adituek osatzen duten argazki anitza da horren erakusgarri.

 

 

 

Kartel honekin iragarri dute Joxe Azurmendiri buruzko kongresua.

 

 

 

Iturri zaharretik ur-jauzira

Dena egiteko zegoen garai batean argitaratu zituen lehenbiziko idatziak Azurmendik. Gaztetan Arantzazuko frantziskotarrei lotua egon bazen ere, unibertsitateko irakasle gisa egin du ibilbide profesional gehiena, hasieran Donostiako EUTGn –Deustuko Unibertsitatea– eta ondoren EHUn.

1993tik Filosofia Modernoko katedradun izan da unibertsitate horretan. Baina ibilbide akademikotik harago, intelektual publiko gisa egindako lanari esker beste maila bateko eragina izan du Euskal Herriko naziogintzan, kulturan eta pentsamenduan. Jakin aldizkariaren bultzatzaile izan da hasiera-hasieratik, proiektu horren Jakin Irakurgaiak bildumaren arduraduna ere bai eta ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2010ean.

Euskal pentsamenduaren azterketa izan da haren lanaren ardatzetako bat: gure pentsamendu-tradizioa ikusaraztea eta transmititzea etengabeko kezka izan da Azurmendiren ibilbidean, baita pentsamendu hori testuinguru europarrarekin elkarrizketan jartzea ere, auzi garaikideei buruz puntako pentsalarien pare jardunez –eta euskaraz gainera– eta Euskal Herriak momentu bakoitzean bizi izan duen egoera politiko eta sozialari erantzunez –frankismoaren aurkako borroka, abertzaletasunaren eta marxismoaren uztarketa, euskal gatazka eta haren hamaika deribak, euskalduntasuna ulertzeko modu berriak...–.

Ekarpen ozeaniko horri buruz jarduteko, hiru eguneko programa prestatu dute. Osteguna izango da edukiz mamitsuena, goizez eta arratsaldez hiru aretotan ariko baitira aldi berean. Kongresuko hitzaldi eta solasaldiez gain, programazio kulturala ere prestatu dute: Gotzon Arrizabalagak kontzertua emango du lehen egunean eta azkenekoan berriz, Aginako zero bat ikuskizuna emango dute Manex Agirrek, Jon Aranburuk, Marco Bianchik eta Gaizka Amondarainek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filosofia
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Gorputzaren konkista

Gorputzaren gaiak pisua hartu du egungo diskurtsoetan, era askotara agertzen zaigu. Hala ere, eztabaida berri samarrak dira: beste garai batzuekin alderatuta, gorputza nahiko baztertua egon da Mendebaldeko pentsamenduaren historian.

Niri, egia esan, lagungarria egiten zaizkit... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude