Ixa taldea, 25 urtez hizkuntza-teknologiak garatzen

  • IXA taldeak, hizkuntzaren tratamendu automatikoan lan egiten duen Euskal Herriko Unibertsitateko ikerkuntza-taldeak, 25. urteurrena bete du aurten.


2013ko azaroaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Euskararen ikerketa aplikatuan lan egiten duen Ixa Taldeak 25 urte betetzen ditu aurten.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urteurrenaren harira hainbat ekimen antolatu dituzte:

Azaroaren 6an, EHUko Donostiako Informatika Fakultatean hitzaldia emango du Jon Patrickek (Health Languages Laboratories): Moving from Computational Linguistics to Language Engineering – Examples from Clinical Language Processing. 15:30ean hasiko da.

Azaroaren 7an, EHUko Carlos Santamaría Zentroko "Antonio Beristain" entzunaretoan, gonbidatuentzat An Ixa History of Computational Linguistics hitzaldia emanen du Patrickek berak. Ondoren Ixak 25 urte bideo-emanaldia izango da; eta jarraian Ixa: barne-hotsa eta oihartzuna mahai-ingurua osatuko dute Miren Azkarate, Mans Hulden eta Xabier Arregik, Olatz Arregi moderatzaile lanetan izanen dutela. (Gonbita jasotzeko ixa@ehu.es helbidera idazteko eskatu dute antolatzaileek)

Bestalde, #ixa25 traola erabiliz IXA taldea agurtzeko, zoriontzeko, anekdotaren baten berri emateko… gonbitea luzatu dute kideek. Adierazi dutenez, hizkuntza-teknologia giza komunikazioa hobetzeko tresna gisa ulertzen dutenen komunitate “argazki” informal bat lortu nahi dute horrela.

25 urteko ibilbidea

IXA taldea Euskal Herriko Unibertsitateko ikerkuntza-taldea da, hizkuntzaren tratamendu automatikoan lan egiten duena. Euskararen gaineko ikerketa aplikatua dute xede nagusi, baina beste hizkuntza batzuetan ikertzen eta produktuak garatzen ere aritzen dira.

Taldeak sortu dituen baliabideen artean Xuxen zuzentzaile ortografikoa, Opentrad plataforman integratutako Matxin itzultzaile automatikoa, Euskal WordNet sare lexikala eta ZT eta EPEC corpusak aurkitzen dira.

1988an sortu zen Ixa taldea eta ordutik zeregin eta kide kopurua ugarituz joan dira. Egun 53 kidek osatzen dute taldea: 40 informatikari, 10 hizkuntzalari, 3 ikerkuntzarako teknikari, horietatik 31 doktore eta 7 doktoregaik.

Funtsean, euskararentzat hain beharrezkoak eta onuragarriak izan daitezkeen sistema (erdi)automatikoak garatzea da haien helburua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itzulpengintza
Eguneraketa berriak daude