Itota hil da adingabeko zentro bateko gazte bat zaindariak immobilizatzen ari zirela

  • Uztailaren lehenean hil zen Ilyas gaztea Tierras de Oria adingabeen zentroan, Almerian. Funtzionarioek diotenez, jarrera oldarkorrak zirela eta immobilizatu zuten. Autopsiaren arabera, indar handiena zuen hipotesia nagusitu da, itota hil zela baieztatu baitu.

Nación Andaluzako kideek egindako kontzentrazioa. Argazkia: Nación Andaluza.

2019ko abuztuaren 02an - 10:40

El País egunkari espainiarrak aurreratu duenez, Ilyas gaztearen autopsiak itota hil zela baieztatu du. Proba toxikologikoek baieztatu dute “asfixiaz” hil zela 18 urteko gaztea, hainbat organotan odol-kolpe eta odoljario arinak baitzituen, eta “agonia-arnasketa” biriketan.

Ilyas “egoera biolento eta oldarkor” batean sei zaindarik bera immobilizatu ostean hil zen. Uztailaren 1ean, eguerdi aldean, zentroko arduradun batekin liskarra izan zuen bideojoko baten harira, eta gaztearen oldarraldia dela eta, hura geratzera jo zuten sei langilek. Kasua ikertzen ari diren epaileek jazotako guztiaren bideoa dute, eta hala izan zela azaldu dute: “Buruz behera ikusten da, burua koltxoi eta burukoaren gainean jarrita, eta presioa ezartzen diote belaunaz ezker omoplatoan eta eskuaz bizkarrean. Bridak lotzeko hanketan esertzen dira eta bizkarrean presioa ezartzen diote. Handik hamar minutura, hanka eta eskuetatik eutsita dagoenean, mugitzeari uzten dio, baina segurtasun-gerrikoa jartzeari ekin zioten, nahiz eta erresistentziarik ez egin. Hamabost minutura, mugitzen ez zela konturatzean, medikuari deitu zioten”.

Arreta Galeragatiko eta Hiperaktibitateagatiko Asaldura (AGHA) diagnostikatua zuen Ilyasek, eta hamar urte zituenetik kontsumitzen zituen substantziak. Beraz, suizidioaren aurkako protokoloa ezarri behar zitzaion gazteari, soslai berezikoa baitzen. Familiak eta hainbat adituk salatu dute hil zen egunean ezarri zioten protokoloa gehiegizkoa zela, eta horrek eragin zuela gaztearen heriotza.

Familiak, bestalde, salatu du zentroan eman zituen azken bi hilabeteetan gehiegikeriak jasan zituela. Bi hilabete horietan familiako inork ezin izan zuen Ilyas ikusi, baina hil aurreko egunean bere ama zentrora joan zen semea ikustera. Bertatik ateratzean, salaketa jartzeko asmoa zuen: “Ateratzean, nire arrebari deitu nion. Abokatu bat bilatu behar zuela esan nion, salaketa jartzeko asmoa baikenuen”, esan dio Khadijak, Ilyasen amak, El País egunkariari. Hurrengo egunean, arratsaldeko zazpitan dei bat jaso zuen, bere semea “bihotzekoz” hil zela esanaz.

Tierras de Oria zentroa

Almeriako adingabeen zentro honetan antzeko kasuak jazo dira lehenago. 2015ean, esaterako, adingabeekiko tratu txarrengatik salatu zuten zentroa, gazte batek jasan zituen tratuen harira: “Egun batean lau orduz izan zuten atxikituta nire semea, argia itzalita eta urik eman gabe”, adierazi zion ama batek Público egunkariari. Beste ama batek salatu zuen neguan ur hotzarekin dutxatzera behartzen dituztela. Urte berean zentro bereko bideo bat zabaldu zen, bi gazte oheari lotuta. “Ura eman, mesedez, erregutzen dizuet!” oihukatzen ari ziren.

 

 

 

2015eko gertaerak argitzen dituen bideoaren irudi bat.

 

 

 

Zentroa kudeatzen duen GINSO enpresak ez du adierazpen publikorik egin oraindik. Espainiako Arartekoak ikerketa abiatu du, eta Andaluziako Arartekoak eta adingabeen defendatzaileak, berriz, ofizio-kexa abiatu dute heriotzaren kasua ikertu dadin. Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak gogorarazi du salaketak jarrita daudela Espainiako agintaritzetan eta NBEan, non euste mekanikoa debekatzea eskatzen den.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adingabekoen eskubideak
2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Haurren eta nerabeen aurkako sexu-abusu kasuak atzemateko protokolo berriak eskatu ditu Gasteizko Legebiltzarrak

Neurri eta gomendioak biltzen dituen txosten bat aurkeztu du Legebiltzarreko batzordeak; esaterako, Osakidetzan, ikastetxeetan eta Ertzaintzan protokoloak berrikusteko eta eguneratzeko premia.


Indarkeria sufritzen duten hamar adingabeetatik zortzi neskak dira

Save the Children erakundeak adigabeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu. Datuok soilik “icebergaren punta” direla azpimarratu dute, kasuen %15a baino ez baitira salatzen.


2023-09-24 | Estitxu Eizagirre
Entrenatu gaitezen indarkeria ez erabiltzen

Kirola ahalik eta jende gehienek eta ahalik eta urte gehienetan egitea mesede da gizarte osasuntsu baterako. Baina ikerketen arabera, kirola egiten duten hamarretik ia zortzik indarkeria egoeraren bat jasan du. Izan daitezke irainak, oihuak, kolpeak, zigor fisikoak, arretarik... [+]


Eguneraketa berriak daude