Datorren ikasturtean ere Iruñeko haur eskola bakarrean egongo da murgiltze eredua

  • Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du  duela 35 urteko egoera berean daudela.

     

     

     

Iruñeko Euskalgintza plataforma osatzen duten eragileeetako kideak, Laban egindako agerraldian.

2024ko otsailaren 22an - 12:58
Azken eguneraketa: 14:54

Hizkuntza gutxituak “biziberritzeko” modu bakarra murgiltze eredua dela esan dute Iruñeko Euskalgintza plataforma osatzen duten eragileek. Horregatik, Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu diote udalari: “Murgiltze sistemari buruz egin diren ikerketek argi erakusten dute hizkuntza gutxituan murgilduta egoteak ikasleen elebitasuna edo eleaniztasuna bermatzen duela”. AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen, HE Gurasoak eta AET elkarteak, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hartu zuten parte, atzo, otsailaren 21ean, Laba elkartean egindako agerraldian. 

Euskalgintzako kideek salatu dute duela 35 urteko egoera berean daudela. Izan ere, Iruñeko hamazazpi haur eskoletatik bakarrak dauka murgiltze eredua. Yolanda Barcinaren garaian bi haur eskola zeuden, eta 2015. urtean Joseba Asironek lau haur eskoletan ezarri zuen murgiltze eredua: Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Arrosadian. 2019. urtean UPN itzuli zenean udal gobernura poliki-poliki eskaintza txikitzen joan zen murgiltze eredu bakarra ezarri arte. 

Murgiltze eredu bakarra egon arren, haur eskola batzuetan eredu mistoa dago, eta euskara erdararekin edota ingelesarekin nahasten dute. Hala ere, behin baino gehiagotan salatu dute horrelako ereduetan euskara “zapalduta” eta “zokoratuta” geratzen dela. Horrekin batera, kontziliaziorako arazoak ere izan ohi dituzte beste auzo batzuetara joan behar izaten direlako. 

Eskaeraren %80 plaza gabe iaz

Helburua lortzera bidean, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdietako kideekin mintzatu dira, eta euskarazko eskaintza zabaltzeko hiru auzo proposatu dizkiete: Mendillorri, Arrosadia eta Donibane. Horrez gain, haur eskola gehiago sortzeko “beharra” dagoela esan dute, iaz eskaeren %80 plazarik gabe geratu zirelako. 

ARGIAn egindako elkarrizketa batean Asironek esan zuen ez dutela denborarik datorren ikasturtean aldaketak egiteko. Adierazpenengatik kezka adierazi dute euskalgintzako kideek: "Ez dira berri onak". Horrekin batera, udalak esandakoa “estu” jarraituko dutela esan dute. Izan ere, Asironek esan du euskara sustatzeko neurriak hartuko dituela: “Edozein kasutan, legealdi honetako gure helburua honakoa da: Iruñeko edozein auzotan euskaraz ikasi nahi duen haurrak horretarako aukera izatea. Hori lorpen izugarria litzateke”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Iruñean
Mingainak astindu ditu Iruñeak

Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.


Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


2022-05-09 | Leire Artola Arin
Salatu dute Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaria udalak dioena baino %15 handiagoa dela

Maiatzaren 9an atera dira aurrematrikulen zerrendak, eta Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak salatu du Iruñeko Udalak %20ra “mugatu” duen euskarazko eskaria izatez %35,2koa dela. Gainera, azpimarratu dute euskara ezin dela neurtu eskaintza-eskaria... [+]


2022-03-25 | ARGIA
Iruñeko Korrika Txikia espaloietatik egin beharko dute, Udalaren aginduz

Hiriko errepideak “oztopatuko” lituzkeela argudiatuz Korrika iragartzen duen haurren Korrika txikiari trabak jarri dizkio Iruñeko Udalak, haurrei, musikariei eta erraldoiei errepidetik ibiltzea ukatuz.


2022-03-01 | ARGIA
Iruñeko Euskalgintza
"Euskarazko haur-eskolak auzo guztietara ez zabaltzea, aukera berdintasuna ez bermatzea da"

Iruñeko Euskalgintzak azaldu duenez, hirian dauden 12 udal haur-eskoletatik bakarra dago euskaraz murgiltze ereduan: "Horrek esan nahi du eskola horietan eskainiko diren 1.069 plazetatik 130 bakarrik izango direla euskaraz (%12'16a)". Eskaintza murritz hori... [+]


Eguneraketa berriak daude