Irregulartasunak ikusita, Donostiako Parte Zaharreko hotel baten lizentzia errekurrituko du EH Bilduk

  • Donostiako Udalak Parte Zaharreko Kale Nagusian hotel bat egiteko eman duen lizentzian irregulartasunak daudela uste du EH Bilduk.

Kale Nagusiko 18. zenbakian hotel berri bat egiteko lizentzia eman du Donostiako Udalak. Sei pisutakoa litzateke eta 29 gela eskainiko lituzke. EH Bilduk uste du lizentzia modu irregularrean eman dela.

2018ko urtarrilaren 17an - 13:27

Koalizio abertzaleak argitaratu duen oharraren arabera, joan den abenduaren 27an Enrique Ramos Hirigintza alorreko zinegotziak (PSE-EE) lizentzia eman zuen Kale Nagusiko 18. zenbakian hotel bat egiteko. Gaur egun Atari gastroteka dagoen eraikina litzateke, Santa Maria elizaren parean. Eraikin osoa hartuko luke hotelak, lau izarrekoa izango litzateke eta 29 gela eskainiko lituzke.

“Auzotarren susmorik txarrenak errealitatea bihurtu dira”, EH Bilduren ustez. Oharrean diotenez, hotelaren berri izan zutenean auzotarrak harrituta geratu ziren, Udal Gobernuak adierazi izan duelako auzoa saturatuta dagoela eta egoera hori ez areagotzeko neurriak hartuko zituela.

Emandako lizentzian irregulartasunak daudela uste du EH Bilduk eta helegitea jarriko diola iragarri du. Batetik, hotela egiteko eraikina osorik erreformatu beharko dela “begi-bistakoa” da koalizioak dioenez, baina Udalak emandako lizentzia erreforma arrunta egiteko da. “Erreforma integrala izango balitz birgaitze plana bete beharko luke, eta ondorioz, besteak beste, eraikinaren solairuak mugatu beharko lituzke, seitik laura. Hau da, hotelak bi solairu gutxiago izango lituzke, gela gutxiago eta, beraz, jabearentzat mozkin gutxiago”.

Okupatuta daukate azken solairua.

Lizentzia emateko formula ere ez da bidezkoa EH Bilduren ustez. Tokiko Gobernutik pasa gabe eman zaio, “gardentasunik gabe”, oharrean nabarmendu dutenez.

EH Bilduk uste du kasu honek lotura zuzena daukala Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko atzerapenarekin. Joan den irailean, koalizioak salatu zuen atzerapen horrek hotel gehiago ezartzea ahalbidetuko zuela: “Jakina da udal gobernuak aspaldi iragarri zuela HAPOren aldaketa, Parte Zaharrean herritarrak bizitzea lehenestea helburu”.

Parte Zaharrean beste lau hotel ezarri nahi dituztela ere gaineratu du EH Bilduk eta beraz, HAPOren aldaketa are gehiago atzeratuko dela uste dute.

Hotelaren aurka: okupazioa

Eraikin honetako azken pisua okupatuta daukate hainbat herritarrek eta asanblada bat antolatu dute hotelaren aurka egiteko. Ostegunero protesta egiten dute Santa Maria Elizaren aurrean "Hotel gehiago ez, auzoa berreskuratu" lelopean.

ARGIAk etxe horretan egoteko aukera izan zuen eta erreportaje honetan irakur ditzakezu berri xeheagoak.

 

Ostegunero protesta egiten dute Santa Maria elizaren aurrean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismo masiboa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


Pisu turistikoak debekatu ditzakete bizilagunek, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez

Donostiako eta Oviedoko bi eraikinetan izandako arazoak direla eta, epaileek auzokoen erkidegoen esku utzi du pisu turistikoak debekatzea. Hala ere, beharrezkoa izango da debekua eraikineko etxebizitzen-estatutuan jasota egotea.


Tasa turistikoa aplikatzeko lehen urratsak ematen ari da Jaurlaritza

Estatu mailan tasa turistikoa erkidego gutxik jarri badute ere indarrean, mundu mailan dagoeneko 137 hiri turistikotan kobratzen dute zerga hori.


Turistifikazioaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute Donostian

Hiritarrek salatu dute turismo jarduerak hirian “gehiegizko bolumena eta pisua” hartu duela. Halaber, egoera “desazkunde turistikorantz” bideratzea aldarrikatu dute, “kalteak handitzea eta iraunkortzea” ekiditeko.


Eguneraketa berriak daude