Iñaki Larrañaga soziolinguista hil da

  • Iñaki Larrañaga soziologoa eta soziolinguista zen, euskal soziolinguistikaren ikerketan aitzindaria. Alor sozioekonomikoa ikertzen zuen Siadeco kooperatibaren sortzaileetakoa izan zen. Kooperatibak euskararen normalizazioarekin lotutako ikerketa ere egin zuen. Lazkaotarra 88 urterekin hil da uztailaren 3an.


2021eko uztailaren 5ean - 07:29
Azken eguneraketa: 09:31
Argazkia: Argia.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iñaki Larrañaga Lazkaon sortu zen 1933an. Apaiztu ondoren, Parisen Soziologia ikasketak egin zituen eta Psikologia Sozialean eta Demografian lizentziatu zen. Gerora, antropologiara gerturatu zen, Ramon Iruretagoiena apaizarekin batera.

1967an, Siadeco (Sociedad de Investigación Aplicada para el Desarrollo Comunitario-garapen komunitariorako ikerketa aplikatuko elkartea) sortu zuten Larrañagak eta Iruretagoienak, sozioekonomiaren eta hirigintzaren ikerketarako kooperatiba. Alor horiez harago, soziolinguistikaren eremuan ekarpen handiak egin zituen Siadecok.

Berria egunkariak Kike Amonarriz soziolinguistarekin hitz egin du. Amonarrizek hainbat urtez Larrañagarekin batera egin zuen lan Siadecon. Egunkariari adierazi dionez, Larrañaga euskal soziolinguistikaren aita pontekoa da: “Ikerketa soziolinguistikoan, plangintza soziolinguistikoan, herrietako plangintzan... Arlo horien guztien aitzindariak Iñaki Larrañaga eta Siadeco izan ziren”.

Euskararen ezagutza eta erabilera aitortua neurtzeko metodologiak diseinatu zituzten Siadecoren bidez. Ondoren, kale erabilera neurtzeko metodologia diseinatzeko ardura izan zuen Larrañagak.

Lazkaoko apaizak garaiko soziolinguista entzutetsuenak ezagutzen zituen eta haien lanak aztertuak zituen, hala nola, Lluís Vicent Aracil, Joshua Fishman, William F. Mackey, Rafael Ninyoles, Francesc Vallverdú, José María Sanchez Carrión eta Louis-Jean Calvetenak.

1988an Euskal Autonomia Erkidegoko Soziolinguistika-mapa egin zuten eta 1993an, EAEn, euskararen familia bidezko transmisioaren azterketa gauzatu zuten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024ko urriaren 16
Ainhoa Lasa Agirre, aholkularia
"Gazteek nahi dute euskarari buruz hitz egin"

2022ko uztailaren 13
Aitor Bedialauneta Arrate. Euskal Gorrak elkartearen presidentea
“Gorrak gutxiengo soziolinguistikoa garela uste dugu”

Eguneraketa berriak daude