"Herrietan asko antolatu da jendea, eta saretzeko ere balio izan du martxak"

  • Astelehen goizean iritsiko da Emakumeen Mundu Martxako karabana europarra Euskal Herrira. 10:30ean Tafallara sartuko da martxa feminista, eta igandera bitartean herri ugari zeharkatuko ditu.


2015eko irailaren 28an - 09:26
Ostiralean prentsaurrekoa eman zuten Iruñeko Txoko Feministan. 'Martxan jarraituko dugu denok aske izan arte' leloa jarri diote aurtengo Emakumeen Mundu Martxari. Ezkerrean, Kattalin Miner plataformako kidea (argazkia: @emakumemartxa)

Ostiralean prentsaurrekoa eman zuten antolatzaileek Iruñeko Txoko Feministan. Egunez eguneko egitaraua eta martxaren abestia aurkeztu zuten bertan. Perlak taldeak egin du abestia eta Uxue Albedik jarri dio letra.

Kattalin Miner Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kidea elkarrizketatu dugu ekimenaren xehetasunak kontatzeko.

Zer da Emakumeen Mundu Martxa? Nondik ibili da Euskal Herrira iritsi baino lehen?

Emakumeen Mundu Martxa (EMM) 1995ean Quebecen hasi zen mundu mailako mobilizazioa da. Hainbat ardatz ditu, eta lelo nagusiak Martxan jarraituko dugu denok aske izan arte dio. Bost urtetik behin egiten da nazioarteko ekintza hau, eta mundu guztia zeharkatzea du helburu. Aurten Europako karabana Kurdistandik abiatu zen martxoaren 8an, eta esan daiteke ia Europa osoa zeharkatu duela gugana iritsi arte.

Gure aberastasuna da martxaren bukaera egokitu zaigula, eta karabanan datozenekin testigantza eta bizipen guztiak jasoko ditugula. Guk gurea ere emanen dugu, baina jada nahiko aberastua iritsiko da karabana.

Zein helburu eta ezaugarri ditu Euskal Herriko EMMk?

Euskal Herrian urtebete baino gehiago daramagu lanketa egiten. Prozesua luzea izan da gauzak ondo pentsatuta eta landuta izan nahi genituelako. Euskal Herriko EMM plataforma oso anitza da, eta aniztasun guzti horiek kudeatzeko eta denen ahotsak eta beharrak erdigunera ekartzeko negoziazio eta solaskidetza luzeak izan ditugu.

Aurtengo martxarako lau ildo nagusi definitu ditugu, “aterki” gisa funtzionatuko dutenak: Sistemarteko indarkeria, gorputza eta sexualitateak, bizitzaren iraunkortasuna eta aniztasuna kudeatzea. Lau “aterki” hauek tokian tokiko beharretara egokitzea da helburua.  

Zergatik sistemarteko indarkeria eta ez indarkeria matxista? Indarkeria matxista beste indarkeria mota askorekin gurutzatzen dela ikusten genuelako: dela arrazakeriarekin, prekarietatearekin, eta abar.  

Gorputzaren eta sexualitateen ildoan, esan liteke abortatzeko eskubidearen aldeko borroka dela nabarmenena, baina beste hainbat gai jorratzea ere badu helburu: lesbianismoa, sexu askatasuna, sexu identitateak…

Bizitzaren iraunkortasunari dagokionez, ikusi dugu eragile asko ari direla gai hau lantzen, bizitza erdigunean jarriz eta merkatuen logistiketatik at arituz. Hor daude elikadura burujabetzaren lanketa, zaintza lanena edota urritasun funtzionala dutenen independentziarako aldarria, besteak beste.

Aniztasunak kudeatzeari begira, askotan diogu aniztasuna dugula, baina aniztasun hori nola kudeatu ez dugu gehiegi lantzen, edo barrura begirako lanketa gisa gelditzen da. Guk aniztasunarena ildo politiko bezala hartu dugu, oso kontziente baikara ongi zaindu ezean aniztasun horrek ez duela denboran irauten. Ezberdinen arteko lanketak erreala izan behar duela ikusten dugu.

Nola antolatu eta koordinatu duzue Euskal Herriko EMM?

Euskal Herriko eragile, sindikatu, talde eta herri anitzek osatzen duten asanblada nazionala dago batetik. Hori da erabakigunea, eta bi hilabetetik behin edo egin ditugu asanbladak azken urtean. Herrietako taldeek EMMren bueltan ad hoc asanbladak egitea ahalbidetu du taldeak. Horretaz gain, dinamizazio talde txikiago bat ere egon da eguneroko lana eta gestioak egiteko.

Bilbon emanen diozue amaiera martxari urriaren 4an. Festa eguna antolatu duzue.

Bai, indar berezia eman nahi diogu gainera egunari. Uste dugu errazagoa dela norbera bere eskualdean mugitzea, baina guretzat oso garrantzitsua da EMMri agur bero bat, itxiera potente bat ematea.

12:00etan bizikleta martxa hasiko da Sarrikotik Eliptikara, eta hor mani-festa-akzioa hasiko da hainbat ekimenekin. Ondoren, Arenalean eginen dugu ekitaldi nagusia: Galiziarrei testigua pasako diogu. Toki berean izanen da bazkaria, antzerkia, klown-ak, kontzertuak…  

Hor ez da dena amaitzen, ordea, Lisboarako autobusak antolatu dituzue eta.

Bai. Guri Europako martxaren azken zatia tokatu zaigu, eta Bilborako deialdia egin dugun bezala, martxa europarrak Lisboara joateko deialdia egin du ekimenari agur berezia emateko. Autobusak antolatu ditugu, eta azkenean hiru aterako dira. Euskal Herritik delegazio indartsua eraman nahi dugu Lisboara, gurean EMMk sekulako indarra eta garrantzia baitu, bai bertan eta baita nazioartera begira ere. Hori islatu nahi dugu martxaren amaieran.

Zer nolako erantzuna espero duzue aurtengo martxan?

Ekainean hasi genuen atxikimendu kanpaina. Ez genuen sinadura soil bat izatea nahi, baizik eta parte-hartzea eskatzen zuen atxikimendua izatea. Horregatik eskatu genuen landaketa sinbolikoak egitea, eta gaur esan dezakegu ehundik gora kolektibok eta ehunka pertsonek eman dutela atxikimendua.

Horrek erakutsi digu martxarekiko inplikazio handia dagoela, eta konpromisoa eta gogoak ere badirela. Beraz, uste dugu erantzun zabalekoa izango dela aurtengoa, eta gerora ere indarberritze eta eferbeszentzia emanen diola borroka feministari. Ikaragarria da herrietan nola antolatu den jendea, eta saretzeko ere asko balio izan du martxak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Eguneraketa berriak daude