Idrissa Dialloren istorioa berreraikitzeari ekin diote Ciutat Morta dokumentalarekin ezagun egin ziren Xavier Artigasek eta Xapo Ortegak. Ginearra 2012ko otsailaren 6an hil zen Bartzelonako Zona Franca industrialdeko atzerritarrak barneratzeko zentroan. Europar Batasunak atzerritarren aurka duen jarrera islatu nahi du Metromuster ekoiztetxearen lan berriak, Público-k argitaratu duenez.
“Idrissa Dialloren heriotza argitzeke dago”, adierazi dute zuzendariek. Azaldu dute Espainiako Estatuak ez diela gaiaren inguruko informaziorik igorri nahi izan. “Europara iristen den edozein atzerritarren errealitatea islatuko duen istorioa eraikitzeko baliatuko dugu informazio gabezia; atzerritar horiek guztiak ordezkatuko ditu Idrissa Diallok”.
Ginearra Europar Batasunera bidaiatzera bultzatu zuten arrazoiak ezagutu nahi ditu Metromuster ekoiztetxeko lantaldeak eta horretarako, ekainean egingo du bidaia herrialdera. “Gineako herritar batek sorterria uztea herri osoaren ekimena izaten da normalean, pertsona gazte eta osasuntsua aukeratu eta bidaia ordaintzen diote”, azaldu du Artigasek. Gaineratu du beharbada familiak ez dakiela Diallo hilda dagoenik.
Kontakizun hutsaletik harago kokatu dute dokumental berria: “Ez dugu kontakizun informatibo hutsala eskainiko, gaia ikuspegi orokorragotik jorratuko dugu”. Gaineratu dute modu horretan “Europar Batasuneko erakundeen arrazismoa” islatu nahi dutela.
Herrialde garatuen interesak, azpigaratuen kaltetan
Immigrazioa herrialde garatuek eremu azpigaratuetan egiten dutenaren ondorio dela salatu dute zuzendariek. Europar Batasunak eta, bereziki, Espainiako Estatuak Afrika mendebaldean dituzten arrantza interesak jarri dituzte adibide. Arrantza ontzi handien presentziak zonaldeko arrantzaleak kaltetu ditu, zuzendarien esanetan. Horrelako arazoek bidaiatzera bultzatzen dituzte bertako herritarrak.
Europar Batasuneko telebista kateen babesa lortzen dihardu Metromuster ekoiztetxeak: TV3k jada erosi du dokumentala. Bestetik, atzerritarrak barneratzeko zentroak ixteko lanean diharduten zenbait taldek eta hainbat hedabide alternatibok ere bat egin dute dokumentalarekin.